Udal eta foru hauteskundeak. Ondorioak

Sanchezek uztailaren 23ra aurreratu ditu Espainiako Gorteetarako bozak

Espainiako Gobernuko presidenteak bere gain hartu du PSOEk igandeko bozetan izandako emaitza txarren erantzukizuna. Gaurtik, hamar eguneko epea dute alderdiek koalizioak aurkezteko

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez, atzo, Moncloan egindako agerraldian. BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek aurreratu egin ditu udazkenean egitekoak zituzten gorteetarako hauteskundeak. Uztailaren 23an egingo dira; hala jakinarazi zuen atzo buruzagi sozialistak igandeko hauteskundeen emaitzak baloratzeko goizean egindako agerraldian.

Sanchezek bere gain hartu ditu sozialistek lortutako emaitza txarrak, eta Moncloako atarian egindako agerraldian azaldu zuen Espainiako estatuburuarekin bildu zela eta jakinarazi ziola arratsaldean bilduko zela Ministroen Kontseilua, eta bertan Gorteak desegingo zituztela. Erabakia gaur argitaratu da Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Kolpea handia izan da buruzagi sozialistarentzat. Hala aitortu zuen Sanchezek berak: «Horregatik, gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi gisara, nire gain hartzen ditut emaitzok. Orain, Espainiako herritarrek argitu beharko dute zer politika mota egitea nahi duten, eta zer indarrek bultzatu behar dituen politika horiek. Onena da herritarrek hitza hartzea herrialde honen norabidea erabakitzeko».

Alkate eta erkidegoetako presidente sozialisten kudeaketa goraipatu zuen Sanchezek, eta nabarmendu zuen haietako askok gora egin dutela botoetan, nahiz eta garaipena PPrentzat izan. Horrez gain, ohartarazi zuen gune askotan PPk eta Voxek elkarlanean hartuko dituztela udal gobernuak eta erkidegoetakoak.

Bozetako emaitzek indartu egin dute PP Espainian. Alberto Nuñez Feijooren esanetan, «Espainiak» lehen urratsa egin du «ziklo politiko berri baterantz», baina «sanchismoa» ez dago oraindik erabat indargabetuta: «Sanchismoa indargabetzeko garaia da. Espainiarrek 'nahikoa da' esan dute; horregatik, hasi dugun ziklo politiko hau uztailaren 23an amaitu behar dugu».

Uztaileko hauteskundeei begira «gehiengo argi bat» nahi du Feijook. «Gehiengo argi bat eskatzen dut, atzera bota ezinezkoa, eta bide berri bat abiatzeko balioko duena. Ahazteko modukoak izan diren bost urteok atzean utzi beharko genituzke, eta gizarteak berezkoak dituen balioak berreskuratu», esan zuen PPko presidenteak. Bide batez, udal hauteskundeetako porrota «ezkutatu» nahi izatea egotzi zion Sanchezi, eta alternatibei atea ixtea. Alderdiaren alde bozkatu zutenei eskerrak emanez eta bere burua presidentegai gisa aurkeztuz amaitu zuen agerraldia Feijook.

Erreakzioak

Berehala heldu ziren gainontzeko alderdien erreakzioak. Sumar plataformako buru Yolanda Diazek berretsi zuen «irabaztera» irtengo direla eta aurre egingo diotela «Feijooren Espainia beltzari».


Sozialistek ez ezik, Unidas Podemosek ere galera handiak izan zituen udal eta erkidegoetarako bozetan, baina baikor agertu zen Ione Belarra idazkari nagusia: «Partidaren lehen zatian, bloke aurrerakoia galtzen ari da, baina gu irabaztera irtengo gara bigarrenean. Hobekien egiten dakiguna egingo dugu: partida irauli». Belarrak ez zuen baztertu Diazen alderdiarekin koalizioan aurkeztea —bozetara deitzen denetik, hamar eguneko tartea dute alderdiek koalizioak erregistratzeko—.

Eskuin muturretik, Voxeko buru Santiago Abascalek mezu argia helarazi zion PPri: «Badago alderdi bat [PP] erkidego eta udal askotan irabazi duena, baina gehiengorik ez duena; alderdi horrek erabaki beharko du gurekin alternatiba bat eraiki nahi duen edo beste bide batetatik joango den. Gure eskua luzaturik dago».

EH Bildu, «prest»

Sanchezek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu izanari buruz, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan zuen koalizioa «prest» dagoela, eta «EH Bilduren boto antifaxista erabakigarria izango» dela.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko eledunaren ustez, deialdi hori ez da onuragarria jendearentzat eta erakundeentzat: «Alderdi barruko kalkuluen arabera ulertu beharko dugu». Iradoki zuen herenegungo hauteskunde emaitzek zenbait mugimendu eragin dituztela alderdi sozialistan, eta horri erantzuteko deitu duela bozetara. Estebanen esanetan, «euskal interesen defentsa irmoa egitea oso garrantzitsua da, inoiz baino beharrezkoagoa da». Kexa ere izan zuen egutegiarekin. «Hain presazko deialdiak hamabost egunean hautagaitzak zehaztera behartzen gaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.