inaki petxarroman
COP26. ANALISIA

Ura lepora iritsi baino lehen

2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun

IItxaropen handia zuten batzuek jarrita Glasgowko COP26 bileran, eta negoziazioen azken agiriak ez ditu ase ahots baikorrenen espektatibak. Nabarmen geratu da goi bilera hauen ezina, bai 200 herrialdetako ordezkarien lehentasun komunak finkatzeko, eta baita bertan hitzematen diren promesak ekintza eta emaitza zehatzetan gauzatzeko ere.

Hegoalde globaleko herrialdeek etsita egin dute etxerako itzulera. Iparraldeko potentzia kutsatzaileek Parisko Hitzarmenenean agindutako 100.000 milioi dolarreko diru zorroa ez da osatu oraingoan ere. AEBek, Europako Batasunak, Japoniak eta gainerako potentziek agindu dute 2023rako osatuko dutela dirutza, eta, areago, poltsa bikoizteko ere prest agertu dira 2025erako. Baina zergatik sinetsi behar da aurrez hitza bete ez duten agintarien esana? Parisko Hitzarmenak sinesgarritasun arazo bat du, eta Glasgown inoiz baino ageriago geratu da.

[YouTube]https://youtu.be/hYvrJqG1898[/YouTube]

Laurence Tubiana ekonomialari eta Parisko akordioaren egile nagusietako batek modu grafikoan azaldu du COP26ko zeroguneko beste hutsune nagusietako bat: «Zuriketa berdea da gaur egungo klima negazionismoa», txiokatu du Twitterren. Lotsagabekoa izan da herrialde eta lobby kutsatzaileek Eskozian munduari saldu nahi izan dioten irudia: Saudi Arabia, Brasil, Errusia, Australia eta beste zenbait potentziak «plan berdeak» erakusten zituzten erakusmahai garestietan, negoziazioetan erregai fosilen sektoreen eskakizunak jasota akordioaren anbizioa urardotzen saiatzen ziren bitartean.

Ikatzaren erabilera gutxitzeko eskaera egin die goi bilerak herrialdeei. Hasierako testuak «ikatza uzteko» eskatzen zien, baina Indiak eta Txinak esku hartu dute eskaeren langa gutxitzeko. Tamalgarria da, bai, baina kontuan eduki behar dira Indiak trantsizioa egiteko dituen epe eta baldintza estuak. Europako Batasunak, Hego Koreak, AEBek, Errusiak, Kanadak eta Australiak hamarkadak daramatzate erregai fosilak erretzen, berotze globalaren frogak bazituzten ere. Haienak dira isurketa historikoen bi heren, eta, alde horretatik, ulergarria da Indiak eta Txinak gai honekin erakusten duten uzkurtasuna ere. Bereziki, besteen aldetik mugimendu sendorik ikusten ez duten bitartean.

Munduaren arrakalak bistaratu baititu COP26k. Klima larrialdiaren muturreko fenomenoak gogorrago astintzen ari dira jadanik hegoalde pobretua, eta kalteei aurre egiteko finantzabide bat eskatu diete iparraldeko herrialdeei. AEBek eta EBk ez dute onartu eskaera. Klima justiziak, oraingoz, talde ekologisten eta gobernuz kanpoko erakundeen eskaera bat izaten jarraituko du.

Parisen helmuga gisa ezarritako 1,5 graduko berotzeari eusteko konpromisoa berretsi dute herrialdeek, baina aurkeztutako plangintzen bidez 2,4-2,7 graduko berotzea izango luke munduak mendearen amaierarako.

Hitzak ez, ekintzak zorroztu beharra dauka munduak, denbora azkar baitoa. Tuvaluko Atzerri ministro Simone Kofe ura belaunetaraino zuela mintzatu zitzaien goi bilerako ordezkaritzei bideo baten bidez. Ekintza zehatzak nahi dituzte ur azpian geratzen ari diren uharteek, ahal dela, ura lepora iritsi baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.