Koronabirusa. Turismoa. Maitena Ezkutari. Nafarroako Gobernuko turismo zuzendaria

«Bertakook bertakoei lagundu beharko diegu eta solidarioak izan»

Turismo arloko 791 enpresaren artean, hamarretik bederatzik ez dute diru sarrerarik izan martxotik maiatzera, eta 139 milioi fakturatu gabe geratu dira. «Orain arteko joera erabat moztu du pandemiak».

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak turismo sektoreko 791 enpresaren artean egindako inkestaren arabera, 139 milioi euro fakturatzeari utzi diote martxotik maiatzera bitartean, eta hamarretik zortziri negozioa %90 murriztu zaie. Askok ohartarazi dute ezingo diotela luzaro egoera horri eutsi. Maitena Ezkutari turismo zuzendariak (Etxarri Aranatz, 1970) azaldu du aurretik planifikatutako neurriak berregokitu behar izan dituztela.

Konfinamenduak gogor jo du sektorea, baina ba al da alderik?

Badago aldea, bai. Landetxe gehienak ez dira hortik bizi, eurentzat jarduera osagarria baita. Badute beste diru sarrera bat. Aldiz, hotelei askoz ere kalte handiagoa egin die. Aldi berean, udari begira, landetxeak lehenago ari dira erreserbak jasotzen, naturaren eta lasaitasunaren bila baitoa jendea. Hiriko hotelek, bereziki Iruñekoek, berriz, irtenbide zailagoa dute, eta ohartarazi dute eskas daudela erreserbatan.

Azken urteetan bilakaera ona zeraman turismoak. Zein egoeratan harrapatu du pandemiak ?

Azken urteetan poliki-poliki gorantz ari zen. Iaz, kasik 1,5 milioi turista izan ziren, eta egonaldiek 2019an inoizko daturik hoberenak lortu zituzten, %5eko igoera batekin. Aldi berean, sasoikako joera hautsi, eta turismoa urte osoan izateko joera hartu genuen. Hori dena erabat moztu da.

Hortaz, gobernuaren asmoak baldintzatu ditu?

Bai. 2018etik 2025era arteko gure estrategia plana berregin dugu datozen bi urteetarako. Ez dugu alde batera uzten, baina markatzen dugu egutegi bat, eta beste lehentasun batzuk jarri ditugu.

Adibidez?

Oso ondo lantzen ari ginen kongresu inguruko dinamika, baina erabat moztu da. Urtebete luze eman dezake berreskuratzeak. Berriz, kultur eta natur arloko turismoa indartuko dugu. Naturan bisitak egiteko edo zikloturismoa gastronomiarekin lotzeko egitasmoak indartuko ditugu. Adibidez, Europako laguntzei lotutako Eurovelo proiektua. Uste dugu eskaria izango duela. Osasun arloan, Iruñean, bereziki klinikek jende asko mugitzen dute, horietatik asko atzerritarrak. Eten egin den arren, estatu mailan badago turismo mota hori. Egokitu beharko gara.

Egoera aukera bat ere izan daiteke?

Bai, adibidez, produktuak egokitu daitezke, eta aldaketa batzuk eginda, arrakastatsuak izan daitezke. Nafarroak natur baliabideak ditu, eta potentzial handia: eremu irekia, masifikazio gutxi... Hala ere, kontuan hartu behar da gaizki pasatzen ari den jende ugari dagoela, eta aukera bat izanik ere mindu egin daitekeela.

Sektorea kezkaturik dago. Zer erantzun eman diezue?

Batetik, laguntza orokorrak daude: zergen ordainketak atzeratu dira;autonomoentzako 40 milioiren laguntzak banatu dira, eta askok turismoan lan egiten dute; abalak eta maileguak banatu dira... Bestetik, laguntzak eskaini ditugu sustapenean, digitalizazioan edo formakuntzan. Maiatzean, protokoloen inguruko ikastaroak jarri genituen, batik bat garbitasunari buruzkoak, eta arrakasta handia izan dute. Hilabete amaierarako, COVID-19aren ondorioz egindako inbertsioen laguntzak emango ditugu.

Digitalizazioa aipatu duzula, sektoreak baliatu behar luke aukera urratsak egiteko?

Aurretik ere askok ikusten zuten hori, baina, orain, gogo gutxirekin zeudenek ere ikusi dute behar bat dela. Lehentasun guztia hartu du. Alor horretan badugu laguntza sorta bat: batetik, aztertzeko nola dagoen negozioa eta zertan hobetu daitekeen. Bestetik, diagnosi horren ondoren, proposatutako hobekuntzak ezartzeko laguntzak daude. Aukera polita da, zalantzekin zebilena ere animatzeko. Batzuetan beldurra ematen du digitalizazio hitzak, baina bakoitzak ikusi behar du zein den helburu duen publikoa eta baliabideak egokitu bere neurrira.

Konfinamendua leundu ahala, nola hasi da suspertzen alorra?

Poliki-poliki. Ateratzeko gogo handia du jendeak. Bada mezu bat oso oso inportantea: bertakook bertakoei lagundu beharko diegu eta solidarioak izan. Garrantzitsua izan behar du ez soilik turismoari begira, baizik eta lehen sektoreari edo merkataritzari begira. Sare handi horretan, aldamenean dugunari begiratu beharko diogu, eta elkarri lagundu.

Ekainaren 22an baimenduko dira lurralde arteko mugimenduak. Horri begira zaudete?

Bai eta uztailaren 1ari, ikusteko atzerritarrek nora jotzen duten, zer merkatutara. Frantziarekin, adibidez, interes handia dugu. Sustapen kanpaina egin nahi dugu, autoz mugitu daitezkeelako eta etorri. Baina zalantza asko daude: nola mugituko garen gure artean, eta nola atzerritarrak.

Donejakue bidetik iaz 60.000 erromes iragan ziren; aurten ostatu pribatu askok ez dute irekiko. Zer neurri hartuko dituzue?

Nafarroan Donejakue bidea erabiltzen zutenetik hiru atzerritarrak ziren, eta bat, estatukoa.Orain ez da horrela izanen, eta asko eragingo du. Produktu gisa, estatu mailan mugitu beharko dugu. Egokitu beharko dugu, eta saldu inguruan. Aukera oso polita da bertakook, euskal herritarrok, bidea ezagutzekoa. Baditugu proiektuak buruan. Kultur arloa ere indartu nahi dugu: antzerkia, musika eta bisita gidatuak. Horrelako egitarauak prestatzen ari gara bidea berpizteko.

Turismoaren beste erakargune bat sanferminak dira, baina festak bertan behera geratu dira. Zer eragin izango du?

Gogor jo du, bereziki Iruñeko sektorea, diru sarrera inportantea zelako. Hala ere, ezin dugu atzerapausorikeman. Jendea festa gogo handiarekin dago, baina denbora izango dugu datorren urtean festetarako. Aurten ez da unea. Kontuz ibili behar dugu. Argudio inportanteena osasuna da, baina irudia ere zaindu behar dugu. Lehendik ere sanferminen irudia oker zebilen, eta hori da orain falta zena. Ardura eskatu behar diogu jendeari. Mundua begira eduki izan dugu, eta, festarik gabe ere, aurten jende asko begira edukiko dugu. Azterketa hori dugu.

Turismoa suspertzeko mugak irekitzeak kezka eragin du.

Aireportu eta geltokiak izango dira sarbide nagusiak eta, osasun arloan hainbat neurri jada iragarri badira ere, azalpen gehiago emango dituzte uztailaren 1era bitartean. Astero bildu ohi garaMadrilgo gobernuarekin, eta aste batetik bestera aldaketa asko egiten ari dira. Erkidego batzuek berrogeialdia ezarri nahi dute, eta beste batzuek ez. Garbi dago oreka bilatu behar dela. Ekonomiak mugikortasuna behar du, baina hortik kasuak etor daitezke, eta hori ere kaltegarri da ekonomiarentzat. Oreka zaila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.