Koronabirusa

Nork zainduko ditu umeak eta adinekoak?

Hego Euskal Herriko herritarrak konfinatuta daude, baina etxetik atera daitezke lanera joateko. Haurrei eta adinekoei, berriz, itxi egin dizkiete ikastetxeak eta egoizak. Orain bi aukera daude horiek zaintzeko: indibidualki egitea edo sareak osatzea

Haur bat eta adineko emakume bat parkean, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Etxean itxita. Horrela daude igandetik Hego Euskal Herriko herritarrak. Baina lanera joateko atera beharra daukate zenbaitek. Ikastetxeak eta adinekoen egoitzak, berriz, itxi dituzte, eta agerian geratu da zaintzaren arazoa: nork zainduko ditu haurrak eta adinekoak? Adituek esan dute bi aukera daudela: arazoari kolektiboki erantzun edo nork bere burua salba dezala.

Lehen aukeraren alde egin dute Igor Ahedo EHUko Politika Zientzietako irakasleak, Amaia Perez Colectiva XXK proiektuko kideak eta Irati Mogollon soziologoak. Argi dute koronabirusaren aurka hartutako neurriek zaintzaren arazoa bistaratu dutela. Mogolllonek nabarmendu duenez, orokorra den sentsazioa da birusak «zaintza krisia azaleratu» duela. «Ez da bakarrik: 'ai ama zer egingo dut txikiekin'; baizik eta zer egin nire sarearekin, zer egin gaixotzen banaiz...». Perezen ustez, erakundeak behartuta daude «beti dagoen baina normalean ikusi nahi ez dugun» beharrari erantzutera.

Horri indibidualki edo kolektiboki erantzutean dago gakoa. Mogollonen ustez, zaintza ez da norberarena bakarrik, baizik eta herritar modura daukaten ardura kolektiboa da. Adibide bat eman du: «Nik ez ditut eskuak garbitzen koronabirusa hartzeko beldurra daukadalako, baizik eta 95 urte dituen nire bizilagun Juanak har ez dezan». Hala ere, orokorrean ez du uste gizartea joera hori hartzen ari denik: «Kontzientzia kolektiboa falta da». Uste du herritarrak bi sektoretan banatzen ari direla. Alde batetik, histeriaz bizi dutenak daude. Flotagailuaren metafora erabili du azaltzeko: ingurukoak hondoratzeko prest daude euren burua salbatzeko. «Masiboki gertatzen ari da. Whatsapp talde guztietanbidaltzen dute supermerkatura jaitsi direla, eta izugarrizko ilarak daudela, jendea elkarri bultzaka...». Bestetik, egoeraz paso egiten dutenak daude, Mogollonen hitzetan, gehienak gorputz pribilegiatuak dira: gazteak, unibertsitatean ikasten ari direnak... «Jarrera horrek besteekiko zaintza kolektibo falta erakusten du».

Horren aurrean, badu irtenbide posible bat Ahedok: unibertsitateetako ikasleak lanean jartzea. Haren hitzetan, kredituak onartzen zaizkie, esaterako, kirola egiteagatik, eta, ondorioz, ikasgai gutxiago egin behar dituzte. «Hamabost egunean ez badoaz eskoletara, agian, zentzu handiagoa dauka erakundeen mekanismoak martxan jartzeak, helduei erosketak egiten laguntzeko eta haurrak aitona-amonekin utzi ezin dituztenak babesteko».

OME Osasunaren Mundu Erakundeak gogorarazi du koronabirusaren krisian ere zaintza emakumeen eskuetan egongo dela gehienbat. Perezek esan du zaintza kudeatzeko jendeak, eta zehazki emakumeek, euren kabuz moldatu beharko dutela, euren sarearen eta besteei zaintzak erosteko daukaten ahalmenaren arabera. «Enpresa batzuk emakumeak bultzatzen ari dira etxera itzultzera».

Honako hau azaldu du Perezek: «Salbuespenezko egoera da, eta mahai gainean jartzen ari zaigu sistema sozialaren eta ekonomikoaren sakoneko arazoak: iraunkortasun falta, eredu ekonomiko hain globalizatu eta hiperkonektatua...». Antzera mintzatu da Mogollon, eta ziurtatu du hiperkonexioak ez duela zaintza sarerik ekartzen. Madrilen bizi da, eta egunotan ezohiko egoerak ikustea tokatu zaio. «Langile auzo batean bizi naiz, eta kalean ikusten ziren 10 urteko haurrak 4-6 urtekoekin, bakarrik». Adineko askok, berriz, herrira joatea erabaki dute: «Eskolak ixterako, zaharrek nekazaritza ingururako exodoa abiatua zuten. Orduan, gabeziak agerian geratu dira».

Hala ere, egoerak abaguneak ere eskaintzen ditu Mogollonen iritziz: zaharren lanari balioa ematea; aitona-amonak arrisku taldea izaki, beste planteamendu batzuk sortzea haurrak zaintzeko... «Agian, nik ezin dut nire haurra egunero etxean izan bakarrik, baina gera naiteke egun batean zortzi haurrekin, eta beste egunetan beste batzuek gauza bera egin». Horrela, zaintzaren parametroak apurtzea proposatzen du: «Egun, haurren zaintza bat-bat unitatea da, hau da, heldu bat ume batekin. Hori historian inoiz ez da gertatu, heldu bakoitzak sei haur zaindu izan ditu».

Haurren zaintzaz ez ezik, bere esperientziaz ere aritu da. «Planteamendu guztiz kolektibistak» eginak zituen, berrogeialdian sartzerako. «Esaten ari gara norbaiten etxera joango garela, eta, gutxienez, hamar pertsona sartuko garela». Adinekoak zaintzeko bestelako joera batzuk ere ikusi ditu: «Erizain batekin elkartu naiz, eta erosketak egiten ari zen bere hiru gaixorentzat».

Aurrera begira

Hamabost egunerako ezarri dute konfinamendua, baina luzatu daiteke hala esan zuen atzo Jose Luis Abalos Espainiako Garraio eta Mugikortasun ministroak. Iritsiko da garaia, ordea, haurrak eskoletara eta adinekoak egoitzetara itzultzeko. Ahedok esan duordurako prest egon behar dela, hurrengo krisietarako prestatuta. Iruditzen zaio unibertsitatean planak egin behar dituztela, larrialdi kasuan «gizartearen zerbitzura» jar dadin. «Larrialdi kasuetan, unibertsitateak ez du aritu behar eskolak ematen, kalean baizik». COVID-19ak sortutako egoeratik ikasi egin daitekeela nabarmendu du, horrelako egoerak errepikatu daitezkeelako: gizarte krisiak, klima larrialdiak sortutako egoerak... «Krisi honek erakusten du beharrezkoa dela berriro jostea herritarren sare bat zaintza komunitariorako. Zementuak ez du gizartea egituratzen, herritarren elkartasunezko sareak baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.