Migratzearen gudu amaigabean

Euskal Herria atsedenleku izan du Mariamek aste batzuetan, Kamerundik Europa iparralderako bide luzean. Saharaz hegoaldetik iristen diren emakume apurrenetako bat da, eta BERRIAri kontatu dio nolakoa izan den migrazio prozesua: pobrezia, matxismoa eta arrazakeria jasan ditu bidean.

Mariam, orain dela egun batzuk, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Sei mila kilometro baino zertxobait gehiago daude Kamerungo Duala hiritik Bilboraino. Zuzeneko hegaldi bat hartzeko aukerarik balego, 11 ordutan egiteko moduko bidaia. Mariamek, ordea —ez du benetako izena—, lau urte behar izan ditu Euskal Herrira iristeko; 36 urterekin, bizitzaren ia heren bat eman du migratzen, lehenik Afrika barruan, gero Europara. Badaki «oso luzea» izan dela prozesua: «Ezin da mundua hain azkar zeharkatu». Bideaz mintzatzean, gudu hitza izan du ahotan, bizirik irauteko borroka amaigabea deskribatzeko. Atseden pixka bat eskaini dio Bilbok, halere: Ongietorri Errefuxiatuak plataformako kide baten etxean hartu du ostatu aste batzuez, eta orain arte bizi izandakoak kontatu nahi izan dizkio BERRIAri. Baina ezingo ditu lerrook paperean irakurri: migrazio bideari kilometro batzuk gehituta, Europa iparralderantz abiatua da.

Saharaz hegoaldeko Afrikatik Europara iristen direnen artean gutxiengoa dira oraindik emakumeak. «Migrazio prozesuan asko sufritzen dute andreek, indarkeria handia pairatzen dute. Baina arazo horiek ez daude bidean soilik, baizik eta jatorrian, familietan: ihes egiteko arrazoietako bat da». Halaxe izan zen Mariamen kasuan ere. «Nire herrian, familia arazoak jazarpen eta bortizkeria bihurtzen dira». Haurtzarora eta nerabezarora begira, «maitasunik gabeko sendi batez» aritu da: «Txikitatik ikusi nuen aitak ama jotzen zuela. Matxismoa zegoen, gure etxean ez zen bakerik».

Pobrezia ere aipatu du, eta horrek gazteengan dituen ondorioak: «Ikasketak utzi behar izan nituen, gurasoek ez zutelako dirurik. Familia pobreetan ez dago unibertsitatera heltzeko modurik; ikasi ahal izateko, hez zaitzakeen familia bat eduki behar duzu. Eta etxetik kanpoko bizitzaren inguruan ere ez dago heziketarik, adibidez, gizonekiko harremanei buruz; horrela geratu nintzen haurdun». 12 urteko alaba bat du; 2 urte zituenean erabaki zuen lehen aldiz Kamerundik alde egitea, 2011n, han aukerarik ez zuela berretsitakoan: «Jasangaitza zen, ezin nintzen han geratu». Urte batzuen buruan itzuli zen jaioterrira, baina 2017an Europara etortzea ebatzi zuen.

Bakarrik ekin zion bideari, eta ia informaziorik gabe: «Europara iritsi nahi nuen, baina ez nuen bidea erakutsiko zidan inor; Afrikaren mapa bat baino ez neukan». Pausoz pauso egin zuen bidea, herriz herri, inguruan zituenei galdetuz, batetik bestera autobus bat hartuz, ontzi bat gero, tren bat ondoren. Azkarrago tarte batzuk, motelago beste batzuk, eta tartean, geldialdi ugari eginda. «Kamerundik atera nintzenean, ez nuen uste hala izango zenik: batzuetan, benetan txarto pasatu dut; beste batzuetan, arinagoa izan da». Ezinbesteko aldagai bat ageri da etengabe kontakizunean: dirua. «Batere gabe geratzen nintzenean, tokian geratzen nintzen, eta lana bilatzen nuen».

«Lehen gudua»

Dualatik Nigeriara iritsi zen bi egunetan, eta gero Nigerrera joan zen. «Lapur asko zeuden, indarkeria handia... Han astebete egin nuen. Bidaiaren lehen partea azkar samar egin nuen». Aljeriarantz jo zuen gero. Hara heltzea izan zen «lehen gudua». Talde antolatu batek eraman zuen, diru truke: «Auto handi batean sartu gintuzten pertsona pila bat, jasanezina zen... Aljeria eta Niger arteko mugan pertsona asko zeuden, emakumeak eta gizonak; hara iristean, dirurik ez baduzu, saldu egiten zaituzte, baina nik ez nekien hori».

Orduan, laguntza eskatu zion Parisen bizi zen herrikide bati, telefonoz: «Beste garraio bat hartzeko dirua galdegin nion. Diru pixka bat utzi zidan, eta gizon batengana bideratu ninduen; esan zidan haren etxera eramango ninduela eta handik hilabetera dirua itzuli beharko niola. Egiaz,saldu egin ninduen. Esklabo bat banintz bezala». Egun batzuk barru ulertu zuen gertatutakoa: prostituzio etxe batera eraman zuten. «Esan zidaten han lan egin behar nuela, alkohola saltzen eta gizonekin egoten, beste neskek egiten zuten bezala, baina nik ezin nuen hura egin: kristaua naiz». Sarri agertzen da prostituzioaren itzala andreen migrazio prozesuetan: askotan ikusi du Mariamek, eta askotan eskaini diote berari ere: «Baina ezetz esan izan dut; Jainkoak ez luke begi onez ikusiko».

Aste batzuen ondoren lortu zuen etxe hartatik alde egitea, han ezagututako gizon baten laguntzaz: «Maite ninduela esan zidan. Zorra ordaintzen lagundu zidan, eta harekin joan nintzen; ez nuen halakorik egin nahi, baina ezin nuen han jarraitu. Gizon hura ere ez zen ona: txarto tratatu ninduen. Handik hilabetera, haren etxetik alde egin nuen».

Izan ere, gizonekiko menpekotasuna ez da desagertzen migrazio bidean: «Emakumeak oso pobreak dira, eta, bidaian laguntzeko prest dagoen gizon bat aurkitzen badute, harekin egiten dute bidea. Gizonek bikotekide gisa hartzen dituzte andreak, eta diruz laguntzen dituzte, bi edo hiru urtez; emakumeek ez daukate ezer, eta onartu egiten dute. Horregatik,andre asko haurdun geratzen dira, baina, umea jaiotzen denean,zama bihurtzen da: zailagoa da ume batekin edo birekin bidaiatzea, diru gehiago ordaindu behar da. Halako istorio asko entzun ditut. Oso gogorra da».

Prostituzio etxea eta han ezagututako gizona atzean utzita, Marokorantz abiatu zen. «Beste gudu bat». Poliziaren jazarpena ezagutu zuen bidean: «Aljeria eta Maroko arteko muga pasatzeko zain nengoen lagun batzuekin, eta bat-batean poliziak etorri ziren. Arropa kentzen hasi zitzaizkigun; ni erabat biluzi ninduten, eta ukitzen hasi zitzaizkidan, ea uzkian dirua nuen... Eta dirurik ez nuenez, hasi ziren sorbalda, ilea, bularrak... ukitzen. Gurekin zeuden mutilak jipoitzen hasi ziren, eta gu bortxatu nahi gintuzten... Ez dakit nola lortu genuen ihes egitea».

Egun hartan, mugan, erori egin zen, eta eskuak eta besoak zauritu zituen. Orduan etsipenak gaina hartu ziola azaldu du: «Ez nuen dirurik, lur jota nengoen, zaurituta, beldur nintzen... Eta tarte baterako Aljerian geratzea erabaki nuen. Ezin nuen gehiago». Garai luze bat egin behar izan zuen herrialde horretan. Hotel batean lana aurkitu zuen arren, egoerak ez zuen berehala hobera egin. Hondoa jo zuen: «Egun batean, Poliziak atxilotu ninduen. Autobus batera igo nintzen lagun batekin, eta gidariak esan zuen gurea diru faltsua zela. Ez zen hala, baina Poliziarengana eraman gintuzten; hiruzpalau egun egon ginen polizia etxean, eta han ohartu nintzen traumatizatuta nengoela: nire onetik atera nintzen, arropa guztia kentzeraino. Ez nuen ezer ulertzen, niretzat sinesgaitza zen kartzelan egotea errugabe izanda».

Hilabeteetan dirua aurreztu ostean, «ondo bidaiatu» ahal izan zuen Marokora. Baina hara iristean, «beste gudu bat». Gogoan du garai hartan «merke» zegoela Gibraltarko itsasartea gurutzatzea eta Espainiara heltzea, eta bazuela diru pixka bat bidaia ordaintzeko. «Pentsatzen nuen erraza izango zela Europara sartzea, baina egoera oso itsusia zen: Polizia oso gogor jazartzen zaiemigratzaileei Marokon; bota egiten ditu».

Arrazakeria handia bidean

Itsasoratzeko zailtasunak ikusita, lan bila hasi zen, baina hura ere ez zen samurra izan. Saharaz hegoaldeko herrialdeetako migratzaile beltzen aurkako arrazakeria handia sumatu zuen Marokon. «Ez dago lan egiterik. Paperak eduki arren, migratzaile gehienei ez diete lanik ematen». Irtenbide bakarra aurkitu zuen: eskean aritzea. «Sinesgaitza zen niretzat, baina migratzaile asko aritzen dira han eskale. Hiru urte egin nituen hala. Hasieran, ez nuen nahi: nik lan egin nahi nuen, nola arituko nintzen eskale? Baina ez zegoen beste aukerarik. Gainera, irakatsi egiten dizute non jarri, zer jantzi, nola eskatu... Marokon gustatu egiten zaie migratzaileok horrela ikustea».

Beste eskale batzuekin egiten zuen Mariamek bizimodua, etxe batean. Tarteka, lekuz aldatu behar izaten zuten: «Poliziak beste inguru batera bidaltzen gintuen, etxea ordainduta eduki arren». Eta tarteka, kostaldera hurbiltzen ziren: «Basoan egiten genuen lo, ea itsasoratu gintezkeen». Tanger ingurutik saiatu zen itsasartea gurutzatzen, baina, itxaronaldia luzatzen ari zela-eta, mugitzea erabaki zuen: Mendebaldeko Saharara jo zuen, Aaiun hirira. «Han ere eskale aritu nintzen. Oso gogorra zen: dirua eskatzen duzunean, iraindu egiten zaituzte; azkenerako, ez dakizu existitzen zaren ala ez». Itsasotik iritsitako albisteek ere ez zuten migratzaileen itxaropena pizten: «Entzuten duzu uretan jende asko hiltzen dela, eta kontatzen dizute hildakoen artean zure lagunak daudela. Migratzaile asko beren jaioterrira itzultzen dira».

Aaiundik irtenda, Europako migrazio biderik arriskutsuenetako bat hartu zuen: Kanaria uharteetarakoa. Aurtengo urtarrileko egun batean lortu zuen itsasoratzea: «Ia bi egun egon ginen uretan. Itsasoa ez zegoen batere ondo: metro eta erditik gorako olatuak zeuden. Janaririk eta urik gabe egon ginen. Ni nintzen ontziko emakume bakarra». Gurutze Gorriak erreskatatu zituen. Ordurako gaixo zegoen Mariam: «Hezurrak izorratuak nituen, ibili ezinik nengoen, hotz handia pasatu genuen... Ospitalera eraman behar izan ninduten».

Fuerteventura irlan lehorreratu zituzten. Sendatu zenean, erietxetik atxikitze zentro batera bidali zuten. «Kartzelara, migratzaileak garelako». Pandemia betean izanda, berrogeialdia egin zuten, eta, ondoren, Elizarekin lotutako elkarte batek kudeatutako aterpetxe batera eraman zituzten. «Fuerteventura, beste gudu bat. Sufrimendu gehiago. Migratzaileek uste dugu Europara iristean ondo tratatuko gaituztela, baina ez. Fuerteventura Marokoren antzekoa da».

Izan ere, Mariam kexu da irlako harrera zerbitzuek ez dutelako gutxieneko zaintzarik bermatzen: «Atxikitze zentroan janari hotza ematen ziguten; hura ez zen jana egiaz. Eta aterpetxean ere oso gaizki jaten genuen, janariak usain txarra zuen... Beherakoekin hasi ginen, tarteka migratzaile batzuk ospitalera eraman behar izaten zituzten...».

Irlari buruzko oroitzapen onik ez du Mariamek. Handik alde egitea eskaini zietenean, ez zuen birritan pentsatu: pasaportea eta diru pixka bat edukiz gero, penintsularako hegazkin bat hartzea ez zen zaila. «Hegaldirako txartela erostera joan ginenean, ohartu ginen prezio bakarra zegoela: 216 euro. Arraroa iruditu zitzaigun, prezio horiek egun batetik bestera aldatzen baitira; konturatu ginen elkartea negozioa egiten ari zela bidaia agentzia batekin. Oso gaizki sentitu nintzen: sinestuna naiz, Elizak ezin ditu gauza horiek egin».

Azken kilometroak

Bizkaiko Ongietorri Errefuxiatuak taldeko kideekin harremanetan zen ordurako Mariam, Euskal Herritik igarotako ezagun batzuen bidez kontaktua eginda. Apirilean lurreratu zen Bilbon, eta kideetako baten etxean egin ditu azken asteak, deskantsuan. Esker onez mintzo da Euskal Herriko amaz: «Nire aingerua izan da. Paradisuan bezala egon naiz hemen. Oso harrera ona egin didate; hemen bai».

Egun batzuk izan ditu atseden hartzeko, eta dagoeneko jarraitu dio bere bideari, Europa iparralderantz. Guduak amaitzea eta etorkizun egonkorrago bat eraikitzen hastea espero du: «Ikasi egin nahi dut. Migratzaileei lagundu nahi diet, eta gertatzen zaizkigun gauzak salatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.