andoni egana
HITZ ETZANAK

Entzun-ikusizkoa

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Duela hilabete pasatxo, Donostiako Ilunbeko atarian geunden. Ordubete falta zen Gipuzkoako bertso txapelketaren finala hasteko. Hasi berria zen handik 500 metrora Reala eta Barçaren arteko futbol-partida. Ez genion sakelekoari begiratu nahi izan; ez geneukan telebista pantailarik gertuan; ez genuen irratirik. Futbol-partida «entzunez ikustea» erabaki genuen. Futbol-zelaitik zetozen oihuen arabera zer gertatzen ari zen interpretatzen ahalegindu ginen. Ariketa polita da. Oihu handiak. Gola ez, baina penalti bat adierazi du Realaren alde. Oihu handiagoak. Gola. Realarena seguru seguru. Gero, zer eta noiz gertatu zen jakin genuenean, ez ginela hain gaizki ibili ohartu ginen.

Datorren astean, zelai berean jokatuko dute Errege Kopako partida bat Realak eta Osasunak. Asteartean jokatzekoa zen, baina horrek nafarrei atseden egun gehiago eskaintzen ziela eta ostegunera atzeratzea «lortu» omen du Realak.

Baina osteguna hilaren 30a da. Aspaldian dago grebarako deialdia egina. Partida ikustera joandakoek guk egindako ariketaren kontrakoa egingo balute, gaitzerdi. Irudika ditzaket zelaikoari baino adiago kanpokoari, ahotsen arabera «gazte asko dabil manifan» edo «emakume mordoa sumatzen da» elkarri esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.