Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

«Behin-behinean eta badaezpada»

Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legea indarrik gabe utzi zuenetik, Kataluniako Gobernuak eten egin ditu azaroaren 9rako hainbat prestaketa prozesu. Oposiziokoek kanpainarekin jarraitzeko eskatu diote.

Azaroaren 9rako iragarki ofiziala hedabideetatik kendu dute, baina Interneten ikus daiteke. BERRIA.
Samara Velte.
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Joan den astelehenean, Kataluniako langile publikoek jakinarazpen bat zeukaten zain lantokiko Atri intranetean: Artur Masen gobernuak azaroaren 9ko kontsultara deitu zuela eta funtzionarioek egun horretan lan egiteko izena eman zezaketela jada. Generalitateko edo beste edozein erakunde publikotako beharginak izan zitezkeen, eta baita funtzionarioren baten babesa zeukan edozein herritar ere, baldintza jakin batzuk betez gero. Funtzioa: azaroaren 9an Kataluniaren independentziari buruzko galdeketan arazorik sortzen ez dela ziurtatzea.

Batzuek berehala eman zuten izena, baina gobernuari ez zion astirik eman datu esanguratsurik argitaratzeko: biharamunerako, geldirik zegoen langileak hautatzeko prozesua. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Madrilen helegiteak onartu zituenean, automatikoki indarrik gabe utzi zituen Kontsulta Legea eta galdeketaren deialdia, eta, haiekin batera, baita azaroaren 9arekin lotutako edozein ebazpen ere.

Neurriak ataka zailean jarri du Kataluniako Gobernua. Auzitegi Konstituzionalak, oraingoz, ez du hartu arrazoi politiko edo juridikoetan oinarritutako erabakirik—ez, behintzat, ofizialki—; legeen behin-behineko debekua Espainiako Gobernuaren helegiteari lotuta dator. Teknikoki, badu oraindik atzera botatzeko aukera, baita kontsulta baimentzekoa ere; eta Masen gobernuaren estrategia horixe izan da orain arte: lehenbizi, Madrilek diseinatutako bide guztietatik iristen saiatzea, berea egin beharrean. «Behin-behineko» etenaldia eta «badaezpadakoa» da, gobernuaren hitzetan: lehenbizi, debekua atzera botatzeko eskatuko dio Auzitegi Konstituzionalari, baina ez du zehaztu zer egingo duen erantzuna azaroaren 9a baino geroago heltzen bada, ezezkoa bada edo, areago, galdeketa bera debekatzen badu.

Baina Auzitegi Konstituzionalaren historiak ez die arrazoi askorik ematen kataluniarrei pentsatzeko azkenean ez dela debekurik iritsiko. Oposizioko alderdiek prozesua arindu nahi dute, eta Katalunian adostutako planarekin jarraitzeko eskatzen diote gobernuan den CiUri. Hark erdibideko neurria hartu du: aldi baterako eten ditu azaroaren 9rako kanpaina ofiziala eta galdeketa gauzatzeko zenbait prestaketa lan, baina maila instituzionalean azaroaren 9ra begirako neurriak hartzen ari da oraindik. Herenegun, esaterako, bozketa behatzeko Kontrol Batzordea izendatu zuen parlamentuak, eta Masek atzo berretsi zuen.

Kanpaina informatibo ofiziala, ordea, geldirik dago erabat. Generalitateak kontsultarako prestatutako webgunea berritu gabe dago irailaren 30az geroztik, eta honako mezu hau ageri da pantaila nagusian: «Auzitegi Konstituzionalak galdeketa behin-behinean eta badaezpada bertan behera utzi duenez, ez gara webgune hau berritzen ari». Bozketarako prestatutako iragarki ofiziala ere kendu egin dute hedabideetatik, baina Interneten ikus daiteke.

Boluntarioen aukera

Gobernuaren argudioa da halako erabaki instituzionalak prestaketa hutsak direla eta ez direla indarrean sartuko galdeketarik ezin badute egin. Langileak hautatzea eta boto-emaileak erregistratzea, ordea, bada aurretik egin behar den zerbait, eta, behin-behineko debekua indarrean den bitartean, Generalitateak arriskuan jarriko lituzke funtzionarioak, jarduera horiek eginaraziko balizkie. ERCk eta CUPek ohartarazi dute inork ez diela galdetu funtzionarioei ea lan hori boluntario moduan egingo ote luketen.

Oraingoz, zabalik dago Atri intranetean azaroaren 9an izena emateko helbide elektroniko ofiziala, baina bertan behera utzi dute 10.800 hautetsontzi eta 6,7 milioi botopaper antolatzeko prozesua. Orain arte herri mobilizazio handienak antolatu dituen Ara és l'hora kanpainak ere 100.000 boluntario lortu nahi ditu egunean bertan lan egiteko; oraingoz 40.000 inguruk eman dute izena.

Beste arazo nagusia boto-emaileen erregistroari dagokio. Espainiako Estatutik kanpo bizi diren kataluniarrek emanda daukate izena —dekretua sinatu aurreko egunerako osatu zuten haien zerrenda—, baina botoa aldez aurretik eman nahi dutenek, berez, urriaren 20tik 25erako epea zeukaten. Katalunian bizi diren atzerritarrek, berriz, urriaren 7a baino lehenago adierazi behar zuten botoa emateko asmoa. Oraingoz, bi prozesuok geldirik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.