andoni egana
HITZ ETZANAK

Moda

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Norbere itzalaren ezaugarriak ezagunak dira oso. Xelebrea da norbere itzala. Ihes hasten bazatzaizkio ez duzu ihes egiterik lortuko, beti itsatsiko zaizu eginahalak egin arren. Harrapatzen hasten bazara, berriz, ez duzu sekula guztiz harrapatuko. Beti joango da zure aurretik. Beti egingo dizu ihes.

Modaz ere antzeko zerbait esan ohi da. Unean unekoa harrapatu nahian hasten bazara, berandu ibiliko zara beti. Ezin iritsian. Onena geldirik, kieto, egotea omen da. Moda, definizioz, iritsi eta joan egiten baita. Eta itzuli, handik puska batera. Beraz, geldirik dagoenaren atarian pasatuko da berriz, eta mudantzarik egin ez duen hura, ustekabean, berriz modako bihurtuko da. Guztiok dugu lagunen bat hirurogeitamarreko alkandora koadrodunak janzteari utzi ez ziolako duela hamarren bat urte berriz ere moda-modan zebilena.

Kontzeptuak eta hitzak ere modan jartzen dira. Jasangarritasunaz, iraunkortasunaz… inor gutxi mintzo zen duela, demagun, mende erdia. Orain, edonork nahi ditu bere arkupe. Hitzen itzalaz jabetzen gara. Eta batzuetan neurria galtzen dugu. Moda iraunkorraz hitz egiten sumatu ditut langintza horretan ari diren batzuk. Gehitxo iruditu zait. Oximoron beteagorik! Moda bada ez da iraunkorra; eta iraunkorra bada ez da moda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.