Albo kalte bat baino gehiago

Errusia kirolik gabe utzi dute nazioarteko kirol erakundeek, Ukrainako gerraren zigor moduan. Eta kirola Errusiarik gabe utzi dute. Kaltea ez da soilik zigortuarentzat; errusiarrak, kirolari bikainak izateaz gain, babesle indartsuak ere badira hainbat lehiaketatan eta klubetan.

Olinpismoaren bandera eta Errusiakoa, elkarren ondoan, baina bereizita. HANNIBAL HANSCHKE / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Herren utzi dute munduko kirola kirol agintariek: paretik kendu dute sekulako maila daukan Errusia. Politika eta kirola ez direla bereizten garbi uzten duen beste adibide bat da. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak hartu zuen gidaritza Errusiak Ukrainako gerra hasi zuenean: kirol federazio guztiei gomendatu zien errusiarrak baztertzeko. Eta haiek zintzo jarraitu diote kiroleko erakunde gorenari. Ez da lehen aldia. Aurretik zigortuak izan ziren, besteak beste, Jugoslavia zena, Irak, Albania, Japonia eta Alemania, gerra eta inbasio gatazkak tarteko.

Kaltea ez da albo ondorio soila. Errusiako kirolaren agurra ote da, gaur egun ezagutzen den moduan? Dopinaren aurkako borrokan ere begiz jota daukate atzerriko erakundeek, eta zigorrak ezarri dizkiote. Hala ere, kasu batzuetan beste izen batzuekin lehiatuz, aurrera egiten ari da Errusia, eta orain ere hango kirolariek lehian segitzeko aukera izan dezakete bide horretatik.

Ikusi gehiago: Urrezko historia

Oraingo honen ondorioa zenbaterainokoa izango den ez dago garbi. Zenbait aditu esaten hasi dira zigorrak «ugaritu» egingo direla, eta horien atzean zer dagoen batere erreparorik garbi onartu duenik ere bada: «Kirola balazta da gizartean, eta zigorren helburua da Errusiako hiritarrak jabetzea Putinen ekintzek ondorioak izaten dituztela, eta haiei ere eragiten dietela», bota du Pablo Perez Gonzalezek, Errioxako Unibertsitateko irakasleak Kirol Zuzendaritza eta Kudeaketa masterrean.

KIROLARI KALTETUAK
Punta-puntako asko, lehiatu ezinda

Hainbat kiroletan da indartsua Errusia, eta bakarkako kirolari handi asko dauzka. Tenisean, munduko zerrendan lehen lekura iritsi eta berehala heldu zaio debekua Daniil Medvedevi. Hamahiru txapelketa irabazi ditu bere ibilbidean, tartean Grand Slam bat: AEBetako Irekia. Alferrik azaldu zen bakearen alde Ukrainako gerra lehertu eta segituan. Etxetik ikusi beharko ditu lehiakideak jokatzen. Hiru txapelketa handi geratzen zaizkie oraindik denboraldi honetan: Roland Garros, Wimbledon eta AEBetako Irekia.

Neguko kiroletan, bada izen handi bat ere egoera berean: Anna Xerbakova patinatzailea. Pekingo Olinpiar Jokoetan urrearen jabe egin berria da, eta iaz Munduko Txapelketa irabazi zuen. 17 urte baino ez dauzka. Martxoaren 21ean hasiko da Munduko Txapelketa, eta, zigorra kendu ezean, edo neutral bezala aritzen ez bada, ez du parte hartuko.

Gimnastikan, 36 domina irabazi dituzte Munduko txapelketetan Dina eta Arina Averina ahizpa bikiek. Ez zuten urrerik lortu iaz Tokioko Jokoetan, eta ikusi egin beharko da lehiatzen uzten dieten Europako Txapelketan ekainean eta Mundukoan irailean. Kirol berean, Nikita Nagorni da Errusiako beste izarretako bat. Munduko txapeldun gisa heldu zen Tokioko Jokoetara, eta Errusiari urrea eman ziotenetako bat izan zen taldekako proban; 25 urte ziren Errusiak halako lorpenik ez zuela. Ikusi egin beharko da lehiatzeko aukera duen abuztuan Europako Txapelketan, eta urrian Mundukoan.

Igeriketan ere badute itsasargi distiratsurik, eta Evgeni Rilov da hori. Bizkar estiloan Europako onenetakoa da 2018tik, eta hori erakutsi zuen Tokioko Jokoetan, bi urrezko domina irabazi baitzituen. 25 urtean lehen aldiz irabazi zuen errusiar igerilari batek urrea Jokoetan. Rilovek izan dezake zirrikitu bat ekainean Munduko Txapelketan eta abuztuan Europakoan lehiatzeko, Nazioarteko Federazioak utzi izan baitie orain arte errusiarrei lehiatzen, neutral moduan.

TALDEKO KIROLAK
Jokalariek ihes, eta taldeak lehiaketetatik bidali

Futbolak eta saskibaloiak ikusle asko dituzte munduan, eta erakusleiho ona dira norbere lana kanpoan erakusteko. Olinpiar Jokoen atzetik, futboleko Munduko Kopa izango da lehiaketarik edo txapelketarik jarraituenetakoa munduan. Bada, Errusiak ez du jokatuko urte amaiera honetan Qatarren izango den txapelketan. Kanporaketa zen jokatzekoa hil honen 24an, Poloniaren aurka, kale edo bale, baina ezingo du, UEFAk eta FIFAk jarritako zigorra tarteko. Hori gizonezkoen kasuan, eta, emakumezkoei dagokienez, Eurokopa dago, baina hor ere ezingo da aritu Errusiako selekzioa. Kluben artean, Spartak Mosku kaleratua izan da Europa ligatik; final-zortzirenetan zen.

Saskibaloian, kluben arloan, Euroligatik kanpo geratu dira CSKA Mosku, Zenit San Petersburgo eta Unics Kazan. Hiru talde horien aurka besteek jokatutako emaitzak bertan behera utzi dituzte, baliorik gabe, eta Top 8an sartzeko sailkapena aldatu egin du horrek. Lehen hamarren artean ziren Errusiako hiru taldeak. Eurocupen, Lokomotiv Kuban bota du Euroliga erakundeak.

Erakunde horren babespean jokatzen dira emakumezkoen kluben arteko txapelketa handiak Europan, eta horietatik bidali egin ditu Ekaterinburg, Dynamo Kursk, MBA Mosku eta Saratov Avtodor.

Jokalari kanpotar askok ere ospa egin dute Errusiako saskibaloi taldeetatik. CSKA, esaterako, Toko Xengelia, Daniel Hackett eta Johanes Voightmann gabe geratu da, besteak beste.

ARLO EKONOMIKOA
Babesle garrantzitsuekin etena, eta probak kendu

Errusiako enpresa handiek diru ekarpen oparoa egiten dute beren mugetatik kanpo ere. Nabarmentzekoa da UEFAk eta Gazprom gas enpresa erraldoiaren arteko lotura hautsi dela, UEFAren ekimenez. 2012tik zuten tratua, eta ehun milioi euro jasotzen zituen urteko. Enpresa berarekin zegoen uztartuta Alemaniako Schalke taldea, eta amaitutzat jo du uztartze hori klubak. Bederatzi milioi euro galduko ditu urtero, eta hamabost izango lirateke Lehen Mailara igoko balitz. Manchester Unitedek ere eten egin du hitzarmena Aeroflot Errusiako hegazkin lineako enpresarekin.

Txapeldunen Ligako finalari ere eragin dio zigorrak. San Petersburgon zen jokatzekoa, maiatzaren 28an, baina UEFAk lekuz aldatu du, eta Parisen izango da, Saint-Denis estadioan. 30 milioi euro gal ditzake hiriak, adituen arabera.

Saskibaloian, Euroligan, oraingoz ez da diru iturririk eten, baina hori gertatuko balitz, litekeena da kolpe handia izatea antolatzen dituen bi txapelketentzat: Euroliga eta Eurocup. Uztaipeko kirolean, beste erabaki garrantzitsu bat ere bada. Nazioarteko Federazioak (FIBA) bertan behera utzi du herrialde horrek 2025eko Europako Txapelketa antolatzeko hautagaitza.

Automobilismoan, Errusia antolatzekoa zen 1 Formulako Errusiako Sari Nagusia bertan behera utzi du FIA Nazioarteko Federazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.