Txirrindularitza

Agintean da berriz ere

Etapa eta lidergoa eskuratu ditu Evenepoelek Vueltako hirugarren etapan. Erori egin da helmuga zeharkatu ostean, langile batekin talka egin eta gero

Agintean da berriz ere.
enaut agirrebengoa
2023ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Hasi orduko hartu du aginte makila Remco Evenepoelek (Soudal) Espainiako Vueltan. Iazko txapelduna maillot gorriaren jabe egin zen atzo, mendiko lehen etapan. Arinsaleko mendatean bukatu zen etapa, aurrez Ordino igo ondoren, eta flandriarra nagusitasunez gailendu zen faboritoen arteko esprintean, azken metroetan duen abiadaz baliatuta. Primoz Roglic (Jumbo) ere oso errematatzaile ona da, baina taldekide Jonas Vinegegaard (Jumbo) hurbildu zitzaion gehien Evenepoeli. Danimarkarra bigarren izan zen, eta hirugarren postuan Juan Ayuso (UAE) sartu zen. Roglicek, berriz, laugarren egin zuen. Hautagai nagusien artean, Geraint Thomasek (Ineos) bakarrik huts egin zuen: 47 segundo galdu zituen.

Erlojupekoa ilunpean, txintxetak errepidean, txirrindulariak protestan...Vueltak hasiera zalapartatsua izan zuen asteburuan. Atzo normal lehiatu zen tropela, baina hautsak harrotu egin ziren berriro: faboritoen mahaian kolpea eman eta helmuga gurutzatu berritan, egundoko kolpea hartu zuen Evenepoelek langile batekin. Zauri odoltsua zabaldu zitzaion bekainean. Ezbeharrak ez zuen, dena den, bestelako ondoriorik izan, eta liderrak irribarrez ospatu zuen garaipena taldekideekin. Enric Masek (Movistar) ere pozik bukatu zuen etapa, Tourrean erori ostean sasoiko iritsi dela berretsi zuelako, eta bigarren jarri zelako sailkapenean, Evenepoelengandik bost segundora. Hirugarren Lenny Martinez (Groupama) dago, 11 segundora.

Borroka handia izan zen hasieran ihesaldia osatzeko, eta, 40 kilometroren ondoren, 11 lagun nabarmendu ziren lasterketa buruan. Euskal herritar bat zen tartean, Jon Barrenetxea (Caja Rural), eta sailkapen nagusiari begira mehatxagarriak ziren bi txirrindulari: Damiano Caruso (Bahrain) eta Lennard Kamna (Bora). Itzuli handietan irabaziak ziren biak, Andrea Vendrame (Ag2r) eta Pierre Latour (Total) iheskideak bezala.

Caruso eta Kamnaren ekinaldiarekin ez ziren gustura Jumbo Visma, Soudal eta Ineos, Vueltako hautagai nagusien taldeak. Hori horrela, kate motzean lotu zituzten aurrekoak: lau minuturen aldea eman zieten gehienez. Kilometro askoan ez zuten zailtasun orografikorik topatu, harik eta Ordinoren magalera iritsi ziren arte, helmugarako 38 kilometro falta zirela, behin Andorran sartuta. Hara bidean tropelak 2.30era jaitsi zuen aldea. Ez zen asko, baina Caruso ez zegoen amore emateko, eta borondatetsu jokatu zuen maldan gora, gurpilean Kamna eta Eduardo Sepulveda (Lotto) zituela.

DSM taldeak hartu zuen ardura multzo nagusian, eta iheslariak aleka irentsiz joan zen. Gero, zuhaitza astintzen hasi ziren Jay Vine (UAE) eta Romain Bardet (DSM), eta jokoz kanpo gelditu zen Andrea Piccolo (Education) liderra, helmugarako oraindik 24 kilometro gelditzen zirela.

Ayusok piztu du sua

Arinsalera Caruso eta Kamna iritsi ziren buruan, Sepulveda atzean geratu baitzen maldan behera. Minutu baten abantailarekin ekin zioten azken mendateari. Alemaniarra erasoari lotu zitzaion, eta, kostata bada ere, Caruso gainetik kendu zuen azkenean. Atzean zabal-zabal eginda hasi zuten igoera, baina gauzak aldatu egin ziren azken lau kilometroetan Vinek erritmoa gogortu zuenean. Banako ilaran jarri zituen txirrindulariak, eta orduan hasi zen sufritzen Thomas, beste ziklista askorekin batera.

Vineren lanari Ayusoren erasoak eman zion jarraipena. Ezin izan zuen tarterik ireki, berehala gainera etorri baitzitzaion Vingegaard. Gero Sepp Kuss (Jumbo) eta Marc Soler (UAE) saiatu ziren ihes egiten, baina ez ziren urrun iritsi. Kamna ere azken bi kilometroen barruan harrapatu zuten, eta garaipena esprintean jokatu. Evenepoelek hartu zuen ekimena, eta inork ez zuen haren garaipena ezbaian jarri.

Etapa leunagoa jokatuko dute gaur, Andorra la Vella eta Tarragona artean. Hirugarren mailako bi mendate igoko dituzte 185 kilometroan, biak ere etaparen bigarren zatian. Irabazlea eguneko ihesaldian egon daiteke, baina tropelean itxaron eta mendateetan mugitzen diren ehiztariek ere aukeraren bat izan dezakete. Esprinter baten garaipena ere ezin da guztiz baztertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.