andoni egana
HITZ ETZANAK

Egun txarra

2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Orri berean zetozen bi berriak atzo, egunkari honetan. Beheko partean, Durangon eraikitzen ari diren etxe batean konponketa lanak egiten ari zela amildu, eta hil zen beharginaren berri ematen zitzaigun. Bosgarren solairuko altueratik erori zen; eguerdiko hamabiak laurden gutxi ziren; gizonezkoa, portugaldarra zen.

Datu zehatz gehiagoren faltan, jakin-minak eta irudimenak lan handia egiten dute. Ze adin ote zuen hildakoak? Bizi ote ditu gurasoak? Ba ote du seme-alabarik? Maiz etortzen ote zen Euskal Herrira? Lankide portugaldar gehiago ba ote zituen? Ostiralero itzultzen ote ziren etxera, astelehenetan berriz itzultzeko? Furgonetan ala autoan egiten zuten bidaia? Zer izaten zuten hizpide bidaia luze horietan? Itzuli ote dira asteburu honetan ere bere lankideak sorlekuetara? Durangon bertan geratu ote dira?

Orriaren goiko aldean, berriz, José Luis Escriva, Espainiako Gizarte Segurantzako Ministroaren hitzak ageri dira. Bezperan pentsioei buruz esan zituenak hautsak harrotu dituztela, eta honakoa zioen: «Ez zen izan nire egunik onena». Nola txepeltzen dugun hizkuntza komeni zaigunean! Ministroak, egun txar bat zer den, behargin portugaldarraren familiakoei galdetu behar lieke. Ez dauzka hain urruti. Egunkarian, hamabost zentimetrora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.