andoni egana
HITZ ETZANAK

Zail

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Eskolako lana ez zitzaion erraza, baina aisa barkatzen zioten etxean. Anaiari ez. Anaiari gogor egiten zioten noten kartilla gorriz tindatua zekarrenero. Ea zer pentsatzen zuen. Probetxuzko gizona izatekotan gehiago ahalegindu beharra zeukala.

Berari apenas egin zioten errietarik eskolako kontuengatik. Total! Garbiketa eta sukalde lanak egiten ikasia zuen ia umetatik amari begira. Brodatzen eta josten etxeko izebak erakutsiko zion ezkonduko zenerako. Zaintza lanetan ere ia berez ikasiko zuen, eskupeko xume baten truk inguruko senide eta lagunen umeen kargu eginez. Ekonomiaz ere ikasiko zuen aski, aitak ekarria amak nekez nola kudeatzen zuen begiratze hutsaz. Gehienez ere, akaso, mekanografia ikastaroren batera joatera behartuko zuten, makinaz idazten jakiteak bide berriak zabal zitzakeela eta.

Mundu jakin baterako prestatu zituzten, eta oso bestelakoarekin egin dute topo. Ezkondu zen, baina... Haurrak izateko asmoa zuten eta... Kozinan badaki, baina ez du atsegin; jostea bai, baina begiak nekatzen zaizkio; ez du nor zaindurik gurasoak joan zitzaizkionetik. Eta ekonomian, bere diru-sarrera murritzak luzatzeak ematen dio nahikoa lan. Eta halere bizi! Martxoaren 8aren jiran emakume horien harrotasunera doakit pentsamendua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.