Tunisia, autoritarismoaren mehatxupean berriro

Saidek bere egin ditu zenbait botere absolutu. Jokabide horren ondorioz, arriskuan dago Tunisia boz libreak dituen herrialde arabiar bakarra izatea aurrerantzean ere.

Kais Saied Tunisiako presidentearen kontrako manifestazio bat, Tunisen, iragan maiatzean. MOHAMED MESSARA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Udaberri Arabiarra deiturikoa Tunisian loratu zenetik 11 urte baino gehiago pasatu diren honetan, demokraziaren aldeko aldarriak entzun dira berriz hiriburuko erdialdeko Burgiba etorbidean. «Askatasuna! Estatu poliziala hila da!», oihukatu zuten iragan hilabetean milaka lagunek, Salbaziorako Fronte Nazionala plataforma sortu berriak deituta. Gizarte zibileko hainbat alderdi eta elkarte biltzen ditu plataforma horrek, Kais Said presidentearen aurkakoak guztiak. Hain zuzen, Saidek zenbait botere absolutu bere egin eta konstituzioa bertan behera utzi zuenetik ia hamar hilabetera egin da manifestazioa. Saiden jokabide horren ondorioz, arriskuan dago Tunisia hauteskunde libreak dituen herrialde arabiar bakarra izatea aurrerantzean ere.

«Presidenteak gorroto diskurtso bat darabil oposizioaren aurka, indarkeriaz betea. Oztopoak jarri dizkio biltzeko eta manifestazioak egiteko eskubideari. Gainera, presidentea kritikatze hutsagatik auzitegi militar batera eraman dezakete edonor», kexatu da Jawhar Ben Mbarek, Salbaziorako Fronte Nazionalaren barneko Herritarrak Kolpearen Kontra plataformako burua.

Giza eskubideen aldeko elkarte batzuek, besteak beste Amnesty Internationalek, salatu dute joera autoritarioa zabaltzen ari dela eta horrek berekin ekarri duela hainbat lagun modu arbitrarioan atxilotu eta auzipetzea, bereziki politikari islamistak.

Tunisiako trantsizio demokratikoaren norabidea aldatu egin zen bat-batean iazko uztailaren 25ean: Kais Said presidenteak konstituzioaren 80. artikuluaren interpretazio eztabaidagarri bat egin zuen, salbuespen egoera ezarri ahal izateko. Saidek 64 urte ditu, Zuzenbideko irakaslea da, eta, indar kolpea justifikatzeko, bi argudio erabili zituen: pandemiak eragindako osasun krisia, batetik, eta hilabete batzuk lehenagotik gehiengo parlamentarioarekin zeukan gatazka, bestetik. Politikari independentea zen Said, eta 2019an hautatu zuten presidente, botoen %70 baino gehiago lortuta. «Klase politiko ustelari» egotzi zion 2011ko Iraultzaz geroztik herrialdea sozialki eta ekonomikoki ez aurrera eta ez atzera egotea.

«Kais Saidek ez dio inori entzuten. Babesten duten alderdiekin ere ez da biltzen. Are, azken hilabeteetan dimisioa eman dute haren kolaboratzailerik gertuenetako batzuek», esan du Aimen Herbewi kazetariak. Tunisiako estatua «traidoreetatik, pertsona usteletatik eta atzerriko eragileetatik» garbitu beharraz konbentzituta, hilabetez hilabete boterea pilatzen aritu da, eta bere borondatea geldiaraziko zuten instituzio independente guztiak desegituratzen. Adibidez, urtarrilean Magistraturaren Kontseilu Gorena desegin zuen, eta botere judizialaren independentzia arrisku larrian jarri zuen horrela. Martxoan, beste hainbeste egin zuen legebiltzarrarekin, zeina «geldiarazita» baitzegoen uztailetik.

Said, definitzeko zaila

Saidek lehendik ez zeukan esperientziarik politikan telebistako tertulietan egin zen ezagun, eta politikari heterodoxoa da, definitzeko zaila. Frantziako hedabideek «islamistatzat» jo zuten bere moral kontserbadoreagatik, eta beste batzuek, berriz, nahiago izan zuten «erradikal» edo «populista» deitu, orain arte ikusi gabeko proiektu politiko bat duelakoan eta proposamen lausoak egiten dituelakoan. «Kais Saidek ez du sinesten demokrazia liberalean. Demokrazia zuzeneko sistema bat ezarri nahi du, tokian tokikoan oinarritua. Arazoa da ez daukala behar adinako babesik aldaketa hori egiteko, eta horrek gatazka sortuko du», ohartarazi du Tarek Kajlawi politologoak, zeinak harreman estua baitu presidentearen inguruarekin.

Bai AEBek eta Europako Batasunak, bai UGTT Tunisiako sindikatu ahalguztidunak, hainbat aldiz deitu dute «elkarrizketa inklusibo bat» egitera egungo krisi politikotik ateratzeko, baina badirudi Saidek erabakia duela Tunisiako politikaren josturak hautsi eta bere proiektua inposatzea. Sarean herri galdeketa bat egin ondoren, presidenteak legelarien batzorde bat osatuko du berehala, konstituzio berria idatz dezaten, eta, gero, horren inguruko erreferendum bat egingo da herritarren artean, uztailaren 25ean.

«Ez dugu erabaki zer egingo dugun galdeketa horren inguruan, oraindik ez baita hartarako deialdi ofizialik egin ere. Baina ez dugu parte hartuko legez kontrako prozesu horretan, are gutxiago kontuan hartuta orain Saidek nahierara aukeratu dituela Hauteskunde Batzordeko kideak», adierazi du Ben Mbarekek. Azken hauteskundeetan boto gehien eskuratutako bi alderdiak, Ennahdako islamistak eta Qalb Tuneseko populistak, frontean bilduta daude, eta, haientzat, behar-beharrezkoa da boz aurreratuak egitea eta 2014ko konstituzioa berritzea, zeina trantsizio demokratikoaren lorpen nagusia baita.

Gobernua eta oposizioa mokoka dabiltzan honetan, herritar asko kezkatuago daude krisi ekonomikoaz eta inflazio gero eta handiagoaz, are gehiago kontuan izanda arazo horiek larritu egin direla Ukrainako gerra hasi zenetik. «Jendeak aldaketak nahi zituen nola edo hala, eta horregatik zen horren ospetsua Kais Said iazko udan. Baina hilabeteak pasatu dira, eta ezer ez da hoberako aldatu», azaldu du langile auzo bateko etxekoandre batek, Faridak, eta kexu azaldu da semearen pixoihalak %50 garestitu direlako denbora gutxian. Nahiz eta galdeketek erakusten duten presidenteak babes nahiko handia duela, joan den astean ehunka pertsona baino ez zituen mobilizatu bere erreforma programa babesteko manifestazio baterako. Uda oso beroa espero da Tunisian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.