andoni egana
HITZ ETZANAK

Joanak

2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Joan zen Eguberri iluntzean, gai jartzaile lanetan ari zela, Etxahun Lekuek bestelako zerbait eskatu zigun jaialdi hasieran. Sasoi honetan urtero ohikoa dugun urtearen errepaso arrunta eskatu ordez, lan konplikatuxeagoa ipini zigun. Hamarraldian zehar gertatu direnei buruz galdetu zigun. Baina xehetasun bat erantsiz: une hartan hil ala bizikoak ziruditen berriak eta denboraren joanean atzenduak dauzkagunak ekarri behar genituen gogora eta ahoetara.

Ez da lan samurra. Hamarraldiaren hasieran Etxe Zurian lehen presidente beltza zegoen agintean... eta hara orain nor dagoen eta nola dabiltzan; ETAk jarduera armatuari utzi zion eta...; Patxi Lopez zen Erkidegoko lehendakari, eta orain berriz jeltzaleak daude lehendakaritzan, baina orduan espero izatekoa ez zen koletadunen babesaz; hamarraldiaren hasieran, hor nonbait, Reala bigarren mailan zegoen, eta orain...; Oskorri kantuan zebilen herriz herri hamarraldiaren hasieran, eta orain...; abiadura handiko trena ziztu batean abian jarriko zutela zirudien orduan. Eta orain...

Denborak aitaren batean ahatzarazten digu sekula ahaztuko ez genuela uste genuena ere. Gauza bat dago argi ordea: urtea, edo hamarraldia bera, hiltzen erraza da. Gorpua ezkutatzea da zaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.