andoni egana
HITZ ETZANAK

Birrinketa

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Inoiz edo behin ikusi izan ditut telebistan domino-fitxa edo tankerakoekin egindako eraikuntza erraldoiak. Komeni bezala kokatu puska bakoitza, eta, mutur batean ukitu soil bat ematearekin, fitxek batek bestea eta honek segidakoa etzanarazita, eraikuntza osoa birrintzen da azken bururaino. Ikusgarria, baina bere baitan agortzen den trebetasun hutsal samarra. Behin bat ikusi eta aski duzun ustea...

Jolaserako eraikuntza horietan gertatzen dena datorkit maiz burura albisteak entzun edo irakurtzean. Herenegun obretako langile bat hil zen Gasteizen. Osalanen arabera, segurtasun neurriak falta zituen. Aldamioaren perimetro osoa ez zegoen babestuta erorikoak eragozteko hesiekin. Joder! Ukitu dugu lehen fitxa. Elkarrekin udal taldeak salatu du Araban dagoen anbulantzia medikalizatu bakarra ezin izan zela joan istripua jazo zen lekura, une hartan Arabako beste zona batean zegoelako beste larrialdi batean. Ostras! Bota du lehen fitxak bigarrena. Larrialdietako langileak biltzen dituen Eustes elkarteak, berriz, gogora ekarri du Araban eta Bizkaiko zati batean zerbitzu hori eskaintzen duen enpresak ez duela jarraituko 2020an. Dios! Bata bestearen atzetik jausi dira fitxa guztiak. Birrindu da eraikina.

Eta hutsa bizia jolasa balitz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.