andoni egana
HITZ ETZANAK

Zeharka

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gauzak zeharka adieraztearen xarma galtzen ari da. Presaka bizi gara, eta itzuringuruka ibili gabe esaten ditugu esatekoak. Horrek ez du esan nahi argiago esaten ditugunik.

Lehengo batean, berriketaldi patxadatsuan geundela, adiskide batek kontatu zigun amak nola esaten zion umetatik: «Ez ahaztu, inoren etxera zoazenean, atea beti hankaz jo behar duzula». Kosta egin zitzaidan harrapatzea; gurekin zegoen hirugarren lagunari, bota zuenak xehe-mehe azaldu behar izan zion esamoldea. Ba ote modu politagorik inoren etxeko atera esku hutsik ez dela azaldu behar adierazteko! Laister, «esku-hutsik ez joan»-ek ere metafora maila izango du, eta «beti zerbait eraman!» agindu beharko dugu, «oparitxo edo detaileren bat» erantsiz.

Zeharkako hizketa moduan trebatzea eskueran izan ez duenak errazago sartzen du hanka. Grazia egiten didate zerbait esan eta hurrengo egunean ez zela hura esan nahi zutena dioten politikariek. Azken kasua Díaz Ayuso eta erretako elizena izan da. Baina ez da oraingoxea joera. Bizkaitarra da amaren aholkua azaldu zigun laguna: bizkaitarra da José Luis Corcuera ere. Hark, entzuna izango zuen noizbait inoren atea hankaz jo beharraren hori. Bere erara interpretatu zuen Barne ministro zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.