andoni egana
HITZ ETZANAK

Ai, Marilyn!

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Tahoe lakuaren ertzean, Marilyn Monroek Frank Sinatrari ezezkoa eman zion leku berean eman zion Jon Sarasuak ahozkotasunean katedradun zen leondar adiskide bati epai zorrotza, Espainia eta Euskal Herriaz ari ginela: «Maximiano, España es una enfermedad». Lagun joan ginen eta lagun ari. Baina mingostuz joan zen eztabaida eta Sarasuaren sententziaren ondotik sekula baino ttentteagoa, zurrunagoa eta harroagoa iruditu zitzaigun gure bidaiakidea. Ordura arte antzeman ez genion azpijokoetarako joera bat bazuela sumatzen hasi ginen piperraldiaren ostean. Ez ginen haruntzakoan bezain adiskide bueltakoan.

Eta xelebrea da. Lagun genbiltzan artean jabetu ez ginenaz jabetu ginen korapilatzen hasita berehala. Bueltan purrustaka gentozela, norbaitek esan zuen: «Ondo jarriak zeuzkak honek izen-deiturak, bai Maximiano eta bai Trapero».

Duela hogei urteko pasadizoa berritu didate azken albisteek. Tahoek adinako xarmarik gabeko Lakuan erabaki dute EITBko zuzendari berria Andoni Aldekoa izango dela. Ez da deitura txarra kontrolerako. Aldekoak nahi ditu beti agintean dagoenak. Bi zentzuetan gainera. Aldekoa, bere interesen mesederako jardungo duena; eta aldekoa, norberarengandik gertu gertukoa. Oposizioak Aldekoaren kontra egin du. Normala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.