andoni egana
HITZ ETZANAK

Kax kax

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Esango nuke Jose Inazio Ansorenari entzun izan diodala ateak baduela euskal kantutegian kanpo eta barru bereizten dituen zer horrez gaindiko esanahiren bat. Maiz azaltzen da atearen aipamena gure kantuetan, oso modu iradokitzailean: «Udaberrian abiatu nintzan… Atea kax kax jo nion baina»; «Ez zuela nahi, ez zuela nahi, atean atzean ez zuela nahi. Ganbaran bai!»; «Ez dizut irekiko, gau ilunean aterik» .

Oso bestelako esanahia hartzen ari da atea orain. Pandemia garaiotan, atea lanerako bide bihurtu da. Eta ate-joka aritzea ia lanbide. Hatz-koskoak ongi zailduak behar ditu lan egin nahi duenak. Azken hilabeteotan, erakundetu egin da kultura ere. Herri-ekimenetik sorturiko jarduera asko bertan behera geratzen hasi zirenetik, erakundeak dira geratzen zaizkigun euskarri ia bakarrak. Eta horrek badu arrisku bat. Hatzak mintzearekin arima txikitzen da, eta agendak atzelodi bihurtzen, urtarriletik urrira huts-antxa eta urritik abendura karga-karga eginak, erakundeek aurrekontuak bukaeran xahutzeko joera izaten dute eta.

Horregatik, poz ematen du ezinetik indarra ateratzen dakiten herritarrak badirela jakiteak. Korrikarik burutzerik izan ez denez, Herrika egingo dute gaur Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Nahi dutelako. Ate joka ibili beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.