andoni egana
HITZ ETZANAK

Bihar gaude

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gure bizialdia nolabait zatitu behar, eta sailkapenik ohikoena iragana, oraina eta etorkizuna bereiztean datza. Hiru aldi horiek aipatzen dituzten esaldiak badira milaka.

Inongo etorkizunik ez duen iraganminez oraina hondatzea lastimagarria dela badakigu; ikasi genuen etorkizuna aurreikusteko modurik ziurrena norberak eraikitzean datzala; larru-azalean jasan izan dugu etorkizuna kontrolatu nahiak orainean sortzen duen antsietatea; irakurri izan dugu iraganak bizitza ulertzeko balio duela eta etorkizunak bizitza bizitzea ahalbidetzen digula; batzuek diote iragana ez daitekeela alda, eta etorkizuna bai; bada aurkakorik dioenik ere, hots, iragana dela alda daitekeen bakarra, ez etorkizuna. Einsteinek berak aitortu zuen ez zuela inoiz etorkizunean pentsatzen, bizkorregi iristen baitzen.

Iragan-orain-etorkizun nahasketa jolas honek eman du fruitu mardulik. Espero ez nuen adar batetik jaso berri dut azkenengoa. Gazteleraz ere derrigor badakiten bi gazte euskaldun elkar agurtzen ari dira ostiral goizaldera taberna ertzean. Azken bi hitz luzatu dizkio batak besteari: «Bihar gaude». Ez nekien negarrez hasi, poesia zen entzun nuena edo Einstein berak ere ez zuen kondentsazio filosofikorako gaitasuna zuten bi gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.