andoni egana
HITZ ETZANAK

Iragazkiak

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Aste bereko albisteak dira biak. Bakearen Nobel sarietako bat Dimitri Muratov kazetariari eman diote. Eta hamabost urte igaro dira -urriaren 7an- Anna Politkovskaia kazetaria hil zutela. Lankideak ziren biak Novaya Gazeta egunkari errusiarrean. Egunkariak Errusiako boteredunen ustelkeria kasuak, hauteskundeetako balizko iruzurrak eta giza eskubideen urraketak argitu nahian egin duen lanarengatik eman diote saria Muratovi. Bidean, sei lankide hil dizkiote. Horietako bat Anna Politkovskaia…

Errusiako Gobernuak, -egunkariak askotan jomugan hartzen zuen berak- iragazkiak erabili ditu, eta sariarengatik zoriondu egin du Muratov, bere ideiei leial, talentuduna eta ausarta dela aitortuz. Inongo iragazki eta aho-bizarrik gabe mintzatu da aldiz Politkovskaiaren auzoko bat, hilketaren hamabosgarren urteurrenean: «Bera zebilen bila. Etxeko igogailuan hil zuten lau tiroz. Eta horrek kalte handia egin zien nire umeei. Gorpua han aurkitu zuten, eta shock egoeran amildu ziren luzaroan. Bazekien zertan ari zen. Idatzi zituenak ez idatzi besterik ez zuen! Edo horrelakoak idaztekotan, hobe zuen auzotik alde eginda!».

Herritarrok, merezi dugun Gobernua daukagula esaten da maiz. Batzuetan, bere txarrean, merezi baino hobea izaten du zenbaitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.