andoni egana
HITZ ETZANAK

Goizean

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Joan, eta joan… eta bertan» zegoela halako herri, edo han aurkituko genuela bila genbiltzan hura esaten ziguten helduek umeoi, urruntasuna edo zehazgabetasuna azpimarratu nahi zutenean. Orain, gazteleraren eraginez, bosgarren pinuan, Kristok txiskeroa galdu zuen lekuan edo Bernardaren aluan daudela esaten hasiak gaude ia…

Itxialdiak eta Internetek «joan, eta joan… eta bertan» dauden bideo mordo bat ikustera eraman gaituzte, bataren zein bestearen faltan sekula bilatuko, aurkituko eta ikusiko ez genituzkeenak. «Goizean goiz egin behar ez diren bost gauzak» izenburudun bati arreta eskaintzera iritsi naiz, birusaren ihes bestelako gaixotasunen batek harrapa gaitzakeela frogatuz.1.- Ez da iratzargailuari kolpeka aritu behar; estreinakoz jotzen duenean altxatu behar da. 2.- Ez zaio, jaiki orduko, sakelakoari begiratu behar. 3.- Ez da albistegirik entzun behar, berririk gehienak txarrak izaten dira eta. 4.- Ez da kaferik hartu behar, ordu horietan gorputzak aski kortisol sortzen baitu berez.5.- Ongi gosaldu behar da, aski eta elikagai osasuntsuz.

Bostetik lautan huts egiten dudala jabetu naiz. Banekien. Besteekin nola jokatu erakutsi digu pandemiak. Baina neure buruarekin nola jokatu ere besteek esan behar al didate?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.