Behobia-Donostia

Haizea alde izan dute

Antolatzaileen arabera, «arrakastatsua eta askotarikoa» izan da aurtengo Behobia-Donostia. Espero baino bero txikiagoa egin du, eta hori aldeko izan dute lasterkariek.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Lasterketa eguna igaro da, baina Behobia-Donostiako antolatzaileek badute zer egina oraindik datozen egunetan: «Azpiegitura guztia jasotzeko egunak dira, eta behin betiko sailkapena egitekoak», azaldu du Iñigo Etxeberriak, lasterketako koordinatzaileak. Lan horiek, dena den, aho zapore onarekin egingo dituzte. Izan ere, besten behin ere, «arrakastatsua eta askotarikoa» izan da lasterketa. «Oso pozik gaude,dena ondo atera zelako bai kirol ikuspegitik bai antolakuntza aldetik».

Horretarako, eguraldia erabakigarria izan da. Iragarpenaren arabera, beroa egin behar zuen, baina azkenean uste baino txikiagoa egin zuen. «Tenperatura epela zen, eta, haizea ibili zenez, zertxobait freskatu zuen». Hala, ez zituzten martxan jarri behar izan ibilbidean zehar zituzten korrikalariak freskatzeko hiru zipriztin gailuak.

Gainera, horrek ahalbidetu zuen korrikalari gutxiagok bero kolpeak izatea. Bederatzi parte hartzaile eraman behar izan zituzten Donostia ospitalera; horietatik bi, larri. Bakarrak segitzen du han: «Bihotz-biriketako geldialdia izan zuen. Baina, zorionez, osasun arreta berehalakoa izan zen, eta, desfibriladoreari esker, onik atera zen». Alde horretatik, oso eskertuta eta pozik daude: «Ikaragarria da boluntarioek eta osasun profesionalek egiten duten lana». Beste behin, 30.000 pertsona inguru izan dira izena eman dutenak: «Uste dugu kopuru aproposa dela, lasterka modu egoki eta jasangarrian antolatzen laguntzen digulako».

Baina halako dimentsioa duen lasterketa batean beti izaten da ezustekoren bat. Aurten, 1.000 bat lasterkari irteerara zeramatzan trenetako batekin izan zen. «Arazo mekaniko baten erruz, balaztak etenda geratu zitzaizkion». 10:40 ziren, eta ordubete falta zen lasterketako azken partaide multzoa irteteko: «Bentako geltokian geratu zen, eta guk badaezpada autobusak bidali genituen. Baina, denbora zegoenez, korrikalariak beren kabuz irten ziren, eta garaiz iritsi ziren irteera arrastora. Baina beste tren batean zetorren talde txikitxo batek lekuan bertan hartu behar izan zuen irteera, berandu zelako eta ezin genuelako errepidearen itxiera gehiago luzatu».

Kirol emaitzei dagokienez, aurreikuspenak bete egin ziren, faboritoen zerrendan zeuden bi korrikalari nagusitu baitziren: Jaume Leiva eta Aroa Merino. Ez zen Behobia-Donostia irabazten zuten lehen aldia. Leiva 2012an ere gailendu zen, eta Merino azken hiru aldietan nagusitu da. Leivak 1.00.42ko denbora egin zuen, eta Merinok, 1.09.44koa. Biak oso pozik mintzatu ziren helmugan. «Garaipena lasterketan parte hartu duten emakume guztiei eskaini nahi diet. Espero dut antolatzaileen helburua betetzea, eta 2025ean parte hartzaileen erdiak emakumeak izatea», esan zuen Merinok. Kathrine Switzer atleta ohiari oparitu zion txapeldunaren garaikurra. Ofizialki maratoi bat korritu zuen lehen emakumea da Switzer, Bostongoa, eta egun hauetan Donostian izan da.

Bestalde, Leivak nabarmendu zuen 2012an Behobia irabaztea mugarria izan zela bere kirol ibilbidean: «Faboritoen artean egotea motibazio bat izan da niretzat; oso gustura sentitu naiz lasterketa guztian emandako erritmoarekin».

Euskal herritarrek egindako lana goraipatu zuen Etxeberriak, Iraitz Arrospide (1.01.47) bigarren izan baitzen, eta Maria Zorroza, bosgarren (1.16.51). «Guretzat oso polita da etxeko korrikalariak garaipenerako lehian egotea». Horrekin batera, lasterketaren azoka Ficoban egitearekin asmatu egin dutela uste du: «Leku aproposa eta erosoa da azoka egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.