Zazpigarrena ere bidean da

'Go!azen'-en atal berriak grabatzen ari dira. Azaroan hasiko da zazpigarren denboraldia

Joan den astean hasi ziren Go!azen-en atal berriak grabatzen. Argazkian, atzoko grabazioa. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Go!azen telesailaren zazpigarren denboraldia grabatzen hasi ziren joan den astean, Azpeitiko Loiola auzoan (Gipuzkoa) eta Donostian. Lehen hiru asteetan, kanpoko irudiak hartzen ari dira, eta eguraldia lagun dute, Xabier Zabaleta gidoilari eta ekoizlearen arabera. Orain arte egindakoarekin «pozik» daude. Irailaren 4ra arte arituko dira horretan, eta telesailaren atal berriak azaroaren erdialdean emitituko dira.

Denboraldiak berritasunak izango ditu. Batetik, aktore berriak egongo dira. Gazteen artean, ikasle berriak izango dira: Aitziber Errazkin, Nerea Elizalde eta Ander Lacalle; Basakabiko langileen artean, berriz, Asier Burguete, Maria Cruickshan, eta Endika Zamalloa ikusi ahal izango dira.

Hala ere, berritasun nagusia bestelakoa da: ikusleen interaktibitatea sustatzeko, programaren aplikazioa duten ikusleek zuzenean ikusi ahalko dituzte telesailean agertzen diren argazkiak eta bideoak. Horrela, Go!azen telebistan zuzenean ikusten dutenak saritu nahi dituzte; Zabaletaren hitzetan, elementu gehiago izango dituztelako eskura. Gailu horrekin, ikusle horiek fidelizatu nahi dituzte, eta gazteen artean duten arrakastari eutsi nahi diote. Aplikazioak 32.000 jarraitzaile aktibo ditu, eta, horri esker, saio bakoitzak 50.000 ikustaldi inguru izan zituen joan den denboraldian. Telebistan, bestalde, 4-12 urte arteko haurren artean %34,6ko ikusle kuota lortu zuen telesailak.

Zazpigarren denboraldian landuko diren gaiei dagokienez, urtero bezala gai ugari azalduko dira Basakabiko lagun taldearen artean. Esaterako, harreman toxikoen gaia azalduko da, genero indarkeria, eta bi neskaren arteko maitasun istorio bat ere kontatuko dute. «Beti saiatzen gara halako tramak txertatzen istorioan, betiere mezu positiboen bidez». Go!azen-ek lehen bezala jarraituko du, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.