Durangoko 53. Azoka. Elkarrizketa. Joseba Irazoki. Musikaria

«Uste dut gehiago landu beharko nukeela ahotsa»

Bakarlari formatua atzean utzita, rock molde askeetan sakondu du gitarrista eta abeslariak 'Zu al zara?' diskoan, Lagunak taldearekin grabatutako bigarrenean.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
mikel lizarralde
Bera
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
2012ko abenduaren 28an Donostiako Imanol Lartzabal aretoan emandako kontzertua mugarri bihurtu zitzaion Joseba Irazokiri (Bera, Nafarroa, 1974). Egun hartan, lagun artean aritu zen zuzenean, eta saio hura bere hurrengo proiektuaren hazi bilakatu zen. 2014an Joseba Irazoki eta Lagunak (Bidehuts) diskoan gorpuztu zen egitasmoa, rock moldeetatik hurbil zegoena, eta, lau urteren ondoren, taldearen bigarren diskoarekin itzuli da: Zu al zara? (Bidehuts). Aurreko diskoa aurkezteko kontzertuetan izan zuen talde bera izan du oraingoan ere ondoan: Felix Buff (bateria), Jaime Nieto (baxua) eta Ibai Gogortza (gitarra). Eta gustura dago Irazoki lortu duten talde soinuarekin: «Lortu genuen aurreko diskoarekin, baina, azken honekin, are gehiago. Talde soinu trinkoa, oinarrian laukotea dagoelako».

Beste hamaika proiektutan dabiltza musikariak, eta Irazoki bera Nacho Vegasekin ari da orain. Horrek zaildu egin du, ezinbestean, diskoa grabatzeko prozesua, baina gustura gelditu da emaitzarekin: «Bakarlaria izanik, talde batekin lan egitea oso zaila da... aurrekonturik ez baduzu, behintzat. Baina lauzpabost entsegurekin eta grabazio egun gutxi batzuekin emaitza polita lortu dugu». Abenduaren 30ean aurkeztuko du zuzenean, Iruñeko Baluarten, Santaspascuas jaialdian, eta dagoeneko lotuak ditu beste data batzuk ere: urtarrilak 4an, Oñatiko gaztetxean; eta 17an, Donostiako Dabadaban.

Lau urte hauetan ez zara geldi egon: Atom Rhumbarekin, Nacho Vegasekin, Bas(h)oan proiektuan, inprobisazio disko bat ere egin duzu (Gitarra onomatopeikoa)... Noiz ikusi zenuen kantu hauek guztiak grabatzeko ordua iritsi zela?

Denbora honetan, beste batzuen kantuak ikasten eta lantzen aritu naizen bitartean, apurka-apurka ideiak grabatuz joan naiz etxean, grabagailu txiki batekin. Ideia izan daiteke riff bat, hitz batzuk, melodia bat... Halako ideiekin gainezka daukat karpeta bat! [barrez]. Ideia hutsak dira, garatu gabekoak, baina horko ideietatik atera daiteke Nacho Vegasentzako konponketa bat, eta baita niretzako abesti bat ere.

Nola lan egin duzu karpeta horretako ideiekin?

Iaz errepertoriorik ez nuen ikasi behar, eta aukera izan nuen kantuak eginez joateko. Banekien karpeta horietan bazeudela gustuko ideiak, eta arakatzen hasi nintzen. Hor joan ziren osatuz kantuak, musikaz osatuz. Ekainerako gutxi gorabehera ikusi nuen disko bat egon zitekeela hor. Orduan deitu nien musikariei entsegu batzuk egiteko, eta abuztu erdialdean oinarriak grabatu genituen lau egunetan.

Ideia horiei tiraka hasi zinen momentutik erabaki zenuen taldearekin grabatzea?

Bai, orain formatu horrekin aritu nahi dut, talde baten parte naizela sentitu. Eta kantuen aukeraketa ere horren arabera egin dut.

Aurreko diskoarekin alderatuta, Zu al zara?-n kantuak kantuago dira. Egitura sendoago bat dute.

Bai, hori izan da asmoa. Aurreko diskoan, abiapuntua riffa zen, baina, oraingoan, hori baztertu gabe, nahi nuen kantua bera sumatzea. Aurrekoan baino landuago daude kantuak.

Egiturak ez dira estandarrak, baina kantuek badute zerbait erraz iristeko.

Disko honetako kantuak jo ditzaket, bakarrik, gitarra akustikoarekin. Aurreko laneko kantuekin ezinezkoa zitzaidan. Bat edo bi bai, baina gehienak ez. Diskoa prestatzen hasi ginenean grabatu genituen oinarriak bi gitarrarekin, bateriarekin eta ahotsarekin, eta ohartu ginen horrela funtzionatzen zutela kantuek. Oso entsegu gutxi egin ditugu, baina lanak ondo eginda eraman ditugu horietara. Gaur egun, entseguak produktiboak dira, grabatu ere egiten baititugu, eta ondorioz, estudiora dena lotu gabe iritsi arren, oso erraz eta azkar egin genituen oinarriak.

Zure musikaz hitz egitean, askotan aipatu izan da folkaren edo tradizioaren oihartzun bat duela. Sumatzen duzu halakorik disko honetan?

Pixka bat gutxiago. Egia da ni hasi nintzela kantautore moduan; eta horrela argitaratu nituen lauzpabost disko. Garai berean grabatu nituen Do proiektuarekin disko elektronikoak, Belardian taldearekin rockera bideratutako beste bat... Baina bai, hasiera hartan nabarmenagoa zen folk ukitu hori. Agian, ahotsaren tratamenduagatik. Azken diskoan, berriz, pixka bat aldatu dut ahotsa, edo ezberdin abestu dut. Eta uste dut folk traza hori desagertu dela ahotsetik. Ni beti izan naiz oso popzalea, eta irudipena dut horra gerturatu naizela. Melodia beti dago nire kantuetan, eta baita abesteko moduan ere.

Ez da lehenengo aldia, baina hau disko politiko bat da. Lucio eta Durutti lehen kantua da adibiderik agerikoena, Lucio Urtubiaz eta Duruttiz gain, Pasaiako segada eta Kaxilda Hernaez ere aipatzen baitituzu. Memoria ariketa gisa ikusten duzu diskoa?

Lucio Urtubiaren jarraitzaile sutsua naiz! Hari buruzko dokumentala ikusi nuenean liluratu ninduen, eta oraindik ere ikaragarria iruditzen zait egin zuena. Eta filosofia anarkista horrekin bizitzarako filosofia gisa, nahiko identifikatuta sentitzen naiz. Askatasuna ere bizi filosofia bat da. Badu bitxikeria bat kantu horrek. Hasieran, kantuari hartu nion Durutti Column taldearen kutsu bat, eta pentsatu nuen lotura polita zela kanturako. Gero sartu ziren Pasaiako segada, Kaxilda... Azken batean, askatasunaren aldeko aldarria da.

Aspaldiko partez, zuk idatzi dituzu diskoko kantu pare baten hitzak, eta gainerakoak lagunek egin dizkizute, baina zuk gaia emanda. Orain arte lan egin duzun modutik aldendu zara, ezta?

Lucio... eta Zu al zara? nik idatzitakoak dira. Badira Xabier Gantzarainen pare bat testu, beste pare bat Beñardo Goietxerenak, Dani Irazokirenak, Edu Zelaietarenak... Mikel Tabernarekin lan egin izan dudanean poemak eskatu dizkiot, eta ni egokitu naiz poema horietara. Oraingoan, ordea, alderantziz izan da prozesua. Musikak erdi eginak zeudela pasatu dizkiet, eta baita gaiak ere. Hori lehenengo aldiz egin dut. Nik neuk nahi nituen hitz gehiago egin, baina ohartu nintzen denboraz justu ibiliko nintzela.

Lehen beti esaten zenuen kosta egiten zitzaizula hitzak egitea. Erosoago zabiltza orain?

Bai, hala izan da. Oraingoan bi egin ditut, eta alabari beste bat egin nahi izan diot. Egin diot, baina agian gutxien funtzionatzen zuena zen, eta diskotik kanpo utzi genuen. Baina pozik nago. Eroso sentitu naiz; ez hitzak egitean, baina bai kantatzean. Ni ez naiz poeta, eta, kaleko hizkerarekin idazten dudanez, eroso sentitu naiz. Gainera, uste dut idatzi ditudan kantu horiek hori eskatzen zutela. Nik egin behar nituen hitzak, eta silabak aukeratu, kantuek bazutelako erritmo jakin bat.

Onddo taldearen garaitik hamaika bidetan ibili zara. Zuk zeuk bilakaera handia sumatu duzu zure sormen lanean?

Atom Rhumban sartzean, talde baten parte sentitu nintzen, eta horrek, askorik konturatu gabe, txipa aldarazi zidan. Eta nire kantuak ere talde baterako egiten hasi nintzen, ikuspuntu horretatik. Tarteka ateratzen zaizkit bestelako melodia batzuk, eta hor daude gordeta karpetan, baina ez ditut askorik sentitzen. Gainera, aldendu nahi dut kantatzeko modu horretatik. Garai hartan entzuten nituen kantariak, Mark Kozelek eta Will Oldhman, gustatzen zaizkit oraindik, baina ez dut neure burua guztiz eroso sentitzen hor.

Beti nabarmentzen da zure gitarrista alderdia. Baina kantagilea eta abeslaria ere bazara. Ordena batean jarri beharko bazenitu?

Gitarrista naiz beste ezeren gainetik, eta, musika entzuten dudanean, arreta gitarrak eskatzen dit lehendabizi. Sokaren soinuak beti mugitzen dit zerbait barruan, eta gitarrista moduan egin dut lanbidea. Gozatzen dut errepertorioak lantzen, eta denbora handia eskaintzen diot gitarrari, beste batzuentzat lan egin arren, saiatzen naizelako nire ukitua ere ematen. Ahotsari, berriz, oso gutxi eskaintzen diot! Baina Bas(h)oan proiektuan Beñat eta Julen Axiarirekin lan eginda, ikusi dut zer-nolako lana egin duten ahotsarekin. Nik ez. Eta uste dut gehiago landu beharko nukeela. Uste dut gero eta hobeto abesten dudala, baina ez dut ahotsa zaintzen. Eta kantariek asko zaintzen dute ahotsa. Konposizioa, berriz, gustatzen zait, eta dibertigarria egiten zait, baina denbora eskatzen dit. Azkenean, dena lana da, eta nik, batez ere, gitarrari eman diot denbora. Gainera, proiektu hau [Joseba Irazoki eta Lagunak] arrakastatsua balitz, agian beste modu batean ikusiko nuke, baina ez da, eta ondorioz, beste batzuekin lan egin behar dut gitarrista moduan.

Orain, Nacho Vegasekin ari zara zuzenean, Atom Rhumbarekin jotzeari utzi behar izan diozu, eta Bas(h)oanekin saio batzuk ere egiten dituzue oraindik. Laster hasiko zara Lagunekin ere... Zailtasun handiak dituzu agendak bateratzeko?

Bai, ez da erraza. Datorren urtean Nachorekin arituko naiz... Oraindik ez dakit zenbat kontzertu izango diren, baina prest egon behar dut. Eta nahiko nuke disko berria ere zuzenean aurkeztu... Oraingoz, ondo, jendea hasi baitzait deitzen. Baina zaila da agenda koadratzea, ekonomiak ere garrantzia baitu. Hau lana da niretzat, eta hori beti izan behar dut kontuan.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko: www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.