Ameztoiren giza basoak

Bilboko Arte Ederren Museoak Vicente Ameztoiren erakusketa bat zabaldu du, artistaren 53 margolan eta hainbat collage, kartel eta marrazki biltzen dituena; orain arte artistari eskaini zaion osoena da.
<b>Landa mundua. </b>Ameztoiren unibertsoaren parte nagusietako bat da landa mundua.
Landa mundua. Ameztoiren unibertsoaren parte nagusietako bat da landa mundua. LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko otsailak 12

Belarrezko pertsonak, giza siluetadun paisaiak eta begi bakarreko belar fardo hegalariak. Lanbroak janda dirudite paisaiaren eta giza figuraren arteko mugek Vicente Ameztoiren artelanetan (Donostia, 1946-2001). Artistak berak azaldu zuen zergatik: «Niretzat, paisaia adierazpen modu bat da, agertoki izugarri eta ikaragarri bat. (...) Harekin jokatzen dut, hitz eginez, hura aldatuz eta gauzak erantsiz, eta berritu egiten dut; izan ere, paisaia ez dago inoiz geldi: beti ari da berritzen, bizia ematen». Eta haren barne mundu aberats, konplexu eta tarteka artegagarri hori guztia biltzen duen erakusketa bat prestatu du orain Bilboko Arte Ederren Museoak. Haren 53 margolan batu dituzte, guztira, eta haren ibilbide ia osoa hartu dute kontuan. Ekainaren 7ra arte egongo da zabalik.

Javier Viar arte historialari eta Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari ohia izan da erakusketaren sustatzaile nagusia. Oraindik ere zuzendari zela hasi zuen Ameztoiren lanari buruzko katalogo arrazoitua egiteko lana, Miriam Alzuri komisarioarekin batera, eta ikerketa horren emaitza da, neurri handi batean, orain inauguratu duten erakusketa. Horregatik, biak aritu dira komisario lanetan, eta Alzurik argudiatu du artistaren alderik ezezagunenak ikusteko aukera ona dela. «Okerra da Ameztoiren lanik ezagunenak ikusi izanagatik pentsatzea artista ezagutzen dugula. Oraindik ere Ameztoi asko dago ezagutzeko, baita hura hil zenetik ia hogei urte joan diren arren ere».

Ameztoik giro artistikoa kontra zuela hasi zuen ibilbidea , Viarren hitzetan. «Begi bistakoa lirudike artista figuratiboa zela esateak, baldin eta ez balitz Ameztoi agertu zen momentuan figurazioa egiteak talka egiten zuela garai hartan euskal eskulturan eta pinturan nagusi zen abstrakzioarekin». Adituak dioenez, giro abstraktu horrek ez zuen ongi hartu Ameztoik eta bere belaunaldiko kideek proposatutako figurazio berri hori. Ikuspegi ironikoa hartzea aurpegiratzen zieten, adibidez, eta «azalkerian» geratzea. Viarren ustez, ordea, okerra zen uste hori; Ameztoiren lanetan, adibidez, agerikoa baita bizi zuen garaiko errealitatearen pisua.

Viarrek bi erreferente piktoriko nagusi identifikatzen ditu artistaren lanean. Antonio Lopez margolariaren hasierako errealismo magikoa da bata, eta Rene Magritte pintore surrealista da bestea. Baina badira gehiago ere. «Ameztoiren pinturaren zehaztasuna eta klasikotasuna Italiako Quattrocentoko artistengandik datoz». Hortik dator giza figurak aurrez aurre agertzearen kontua, adibidez, eta haien soiltasuna eta hieratikotasuna. Baina, komisarioaren hitzetan, eragin horiek guztiak bere barne mundua adierazteko baliatzeko erabiltzen asmatu izanak bilakatzen du artista «handi». Nabarmentzekoa iruditzen zaio haren umorea ere. «Euskal paisaiaz egiten duen interpretazioa benetan dibertigarria da».

Hain zuzen ere, paisaiaren eta figuraren arteko tentsioa da nagusi Bilbon ikus daitezkeen margolan gehienetan. Giza figurek paisaian urtzen direla dirudi tarteka. Belar eta sastrakazkoak diren humanoidez beteta daude koadroak. Munstro faliko bilakatzen diren belar metak daude. Egurrezko hankak dituzten giza aurpegidun txorimalo maskaradunak. Belar eta adaxkaz osatutako bi giza figura hostotsu arrautza gisako elementuz betetako soro bat zaintzen. Txotxongiloak. Dobleak. Ispiluak...

Politika eta gizartea

Aurrez ere eskaini zaizkio atzera begirako erakusketak Ameztoiri, baina sekula ez Bilbokoa bezain osorik. 2000. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Koldo Mitxelenan eskainitakoa hartu du gogoan Alzurik, adibidez, baita 2000an Remellurin, Bastidan (Araba) egindakoa eta 2003an Gasteizko Artium museoan eskainitakoa ere. Gerora, familiaren bultzadaz, 2012an erakusketa bat zabaldu zuten haren lanekin Donostian, eta beste bat Villabonan (Gipuzkoa), baina, komisarioak dioenez, Bilbokoa da haren ibilbide osoa kontuan hartzen saiatu den bakarra, 1968tik hasi eta 2001era arte. Horregatik, kronologikoki antolatu dituzte lanak, eta, haren pintura piezarik ezagunenez gainera, normalean ikusten ez diren beste hainbat margolan ere bildu dituzte, Araban dagoen Remelluriko ermitarako egindako irudiak barne. Eta ez dira pinturak bakarrik: collage batzuk, marrazkiak, kartelak eta hedabideentzat egindako ilustrazio lanak ere bildu dituzte.

Zeruko Argia aldizkariarentzat egindako azaletan igar daiteke, esate baterako, Ameztoiren alderik politiko eta sozialena. Izan ere, pinturaren zaletasunaz gainera, horrek ere izan zuen eragina bere ibilbidean. Azal horien artean badira, adibidez, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en desagertzeari buruzko irudiak, eta Euskadiko Ezkerraren eta PSOEren artean egondako tentsioei buruzkoak. Aktualitate gai horietan ere beti igartzen da Ameztoiren barne mundua.

Euskal Herria sutan

Ezagun da artistaren militantzia ekologista, eta margolan batzuetan agerikoa da sasoian sasoiko gaiei buruzko kezka. Ironia pisu handiarekin maiz. Bilboko Arte Ederren Museoan maiz ikusi ahal izan den 1977ko Poxpoliñak izendatu ohi den koadroa izan daiteke horren adibide. «Poxpoliñez» jantzita dauden bi figura ikus daitezke lehen planoan, Arias Navarro politikari frankistaren aurpegia dutenak, ispilu joko moduko batek bikoizturik, eta Lemoizko zentral nuklearra ikusten da atzealdean, martxa betean, tximiniak ketan. Baina badira gehiago ere: kasurako, aurpegiaren ordez Iberiar Penintsularen mapa bat daukan emakumearen erretratua, alboz egindakoa. Margolana 1976koa da. «Portugal» irakur daiteke sudurra eta aurpegia irudikatzen dituen gunean, eta kea dariola dago, hain justu, Euskal Herriari legokiokeen kokapenaren inguruko ile mataza. Madril legokeen puntuaren bueltan, berriz, aurpegi erdialdean, bi bonba ikus daitezke, belarritako modura.

Goi kultura eta herri kultura uztartzeko zeukan modua ere nabarmendu du Viar komisarioak. Haren hitzetan, margolanetan erraz topa daitezke komikiei, zinemagintzari eta kartelgintzari buruzko erreferentziak. Ohikoak dira estralurtarren erreferentziak, esaterako, eta Stanley Kubrick zinemagilearen 2001: A Space Odyssey filmaren oihartzunak ere ikusten ditu ikerlariak Ameztoiren paisaietan agertzen diren laukizuzen zuri abstraktuetan. Eta ez dira gutxi pelikula apokaliptikoen ohiko meteorito suntsitzaileen gisako irudiak ere bere koadroetan. Gainera, ez da ahaztu behar Ameztoik sortu zituela Julio Medem zinemagilearen Behiak filmeko segalariaren eta aizkolariaren txorimaloak.

Bilbora heldu aurretik, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan egon dira ikusgai Ameztoiren berrogei lan. Bilbon ikus daitekeena baino nabarmen txikiagoa zen bilduma, beraz, baina artistaren lanak piztutako lilura nabarmendu du Valerio Rocco erakundeko zuzendariak. Erakusketak 10.000 bisitari izan ditu han, eta «positiboak» izan dira jasotako kritika eta aipamenak ere. «Madrilen ez zen artista oso ezaguna. 1970eko hamarkadan bai, baina ahaztuz joan zen gero, pixkanaka».

Ezagun ezezaguna

Hain zuzen, Alzurik ere artistaren harrera bikoitz hori izan du mintzagai. Haren hitzetan, Euskal Herrian Ameztoik beti jaso ditu kritikaren eta publikoaren arreta eta maitasuna. Baina bestelakoa da egoera Euskal Herritik kanpo. Alzuri: «Oso ezezaguna da, eta 70eko eta 80ko hamarkadei buruz gaur egun egiten ari diren Espainiako Arte Historiografietatik kanpo gelditzen ari da». Eta nabarmentzekoa da datu hori, komisarioaren ustez, batez ere kontuan hartuta bere ibilbidea Madrilen hasi zuela eta han egin zituela lehen erakusketa garrantzitsuak.

Virginia Montenegro Ameztoiren alarguna ere egon da inaugurazio ekitaldian, eta artistaren lan egiteko modua izan du gogoan. «Koadroak bukatzen zituenean, berehala ahazten zituen».

Bi argitalpen ere kaleratu dituzte, erakusketarekin batera. Erakusketarako prestatutako katalogoa da bata; besteak beste, Joseba Sarrionandiaren testu bat dakar, Javier Viarren beste bat, eta Miriam Alzurik prestatutako kronologia zehatza. Hori batetik; bestetik, Javier Viarrek Ameztoiri buruz idatzitako liburua argitaratu du museoak: Vicente Ameztoy. La transfiguración melancólica (Vicente Ameztoi. Antzaldatze malenkoniatsua). Liburua sortzailearen ibilbideari, eraginei eta lanei buruzko lan bat da, 250 orritik gorakoa, eta, gaztelera hutsean kaleratu dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Inma Moro, Itziar Llanera eta Begoña Olaskoaga, Arrondegiko osasun etxean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aztarnariak zaintzaile

Maite Asensio Lozano

Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.

PCR proba bat, Donostian. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.

Miren Basaras, EHUko COVID-19aren Zaintza Batzordeko arduraduna. ©EHU

EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun

Mikel O. Iribar

Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da. 

Moto gidari bat gaur goizean, herritik ateratzeko kontrolean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Sarbideak itxita eta kaleak hutsik Azkoienen

Berria

Normaltasuna izan da nagusi konfinamenduaren lehen orduetan. Herritik irten diren ia denak lan arrazoiengatik irten direa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna