Dosi txikiko hiltzaileak

Pozoia erabiliz, Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea hiltzen saiatu dira uda honetan. Ez da, baina, Errusian gertatu den lehen kasua. Historian hainbat izan dira etsaiek edo aurkariek pozoia eman eta ospitaleratu edo hil direnak. Nolanahi ere, kasu gehienek argitu gabe jarraitzen dute.

Viktor Justxenko. Nabariak ziren pozoiaren ondorioak Ukrainako presidente izandakoaren aurpegian. RONALD ZAK / AP.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Astearte goizean sare sozialetan argitaratutako argazki batek erakusten zuenez, abuztuan pozoitutako Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea osatzen hasia da. Navalnik berak zabaldutako mezuan adierazi du jada laguntzarik gabe arnasteko gai dela. Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoala, Navalni gaizki sentitzen hasi zen. Haren osasunak okerrera egin zuen hegazkinean, eta larrialdiko lurreratze bat egin behar izan zuen Omskeko aireportuan. Lur hartu zutenerako, konorterik gabe zegoen errusiar politikari eta ustelkeriaren aurkako ekintzailea. Diotenez, novitxok izeneko substantzia kimikoa bota zioten hegazkina hartu aurretik tabernan eskatu zuen edarian. Ez da pozoien bidez Errusian hiltzen saiatzen diren lehen pertsona, historian zehar hainbat izan dira pozoitutakoak. Batzuek heriotza saihestea lortu zuten; beste batzuk, aldiz, hil egin ziren.

Jon Kortazar Billelabeitia historialariak dioenez, Errusian pozoia erabili izan da. «Ez nuke esango asko erabili denik». Errizinoa, polonioa eta zianuroa erabili izanda gehien; eta pozoitzeko moduak ugariak izan dira. «Helburua izan daiteke boterea eskuratzea, pertsona karismatiko bat paretik kentzea edo kontrako taldearen kohesioa apurtzea». 1950eko hamarkadan, adibidez, bi ukrainar nazionalista hil zituzten: 1957. urtean, Lev Rebet, eta, 1959an, Stepan Bandera. Ukrainar talde faxistaren buruak ziren, Alemaniarekin kolaboratzen zutenak. Bigarren Mundu Gerran ehunka mila pertsona hil izanaren erantzuleak. KGBko Bogdan Staxinskik hil zituen, eta zianuroa erabili zuen pozoitzeko. Fruitu jangarriak dituzten landareen hazietatik lortzen da zianuroa: hala nola, aranetatik edo almendra mingotsetatik. Zianuro dosi handi batek arnasteko zailtasunak, konbultsioak eta bihotz hutsegitea eragiten ditu minutu gutxitan.

Bulgaria sozialistako zerbitzu sekretuek, berriz, BBCrentzat Londresen lanean ari zen Georgi Markov bulgariar idazle disidenteari eraso zioten, 1978ko irailean. Londresko zubi batean autobus baten zain zegoela, ezezagun batek euritako batekin kapsula pozoitu bat eman zion. Markovek ez zion garrantzirik eman gertakariari, eta euritakoa zeraman gizona ere ikusi zuen lasai-lasai urruntzen. Hala ere, ordu batzuk geroago, sukar handia zuen, eta lau egunen buruan hil zen. Autopsiaren arabera, errizinoz betetako orratz baten buruaren tamainako kapsula bat zeukan hankan; pozoi bortitz bat.

Edonon, edonola

Espioitzarekin edota zerbitzu sekretuekin lotzen du Kortazarrek pozoiaren erabilera. «Munduko zerbitzu sekretu denek erabiltzen dituzte teknika bortitzak. Pozoia ez da soilik herrialde eslaviarretan erabiltzen, baizik eta mundu osoan erabilia izan da», esan du. CIA saiatu zen Patrice Emery Lumumba Kongoko Errepublika Demokratikoko lehenbiziko buruzagi iraultzailea pozoituta hiltzen, baina ez zuten lortu. Azkenean, beste modu batean hil zuten. Fidel Castro pozoitzeko planak ere ugari izan dira.

Kortazarrek azaldu duenez, badago gizartean «esajerazio» bat, askotan esaten dena: Kremlinen bulego ilun batean erabakitzen dela nor hil eta nor ez. Hala ere, Kortazarrek azpimarratu du kasu gehienetan ez dela frogatu Kremlinekin loturarik zutenik. «XXI. mendeko pozoitzeak asko lotu dira Kremlinekin, baina lotura oso garbirik ez da ezarri». 2018an Sergei Skripalen kasua izan zen, eta kasu hura, adibidez, itxi egin zuten batere loturarik frogatu gabe. Skripal, sobietar inteligentzia militarraren agente ohia, eta haren alaba hiltzeko zorian egon ziren, Salisburyn (Erresuma Batua) eraso bat jasan ondoren. Konorterik gabe aurkitu zituzten, novitxokarekin pozoitu ostean. Etxeko atearen heldulekua busti zuten pozoiarekin, baina lortu zuten suspertzea. Errusiako hedabideek zabaldu zutenez, Skripalek NATOri aholkuak ematen zizkion Errusiarekin lotutako segurtasun kontuei buruz, eta hargatik pozoitu zuten. Erabilera militarreko erreaktibo kimikoarekin lotzen da novitxok substantzia, eta Skripal bizirik irautea lortu duen bakarra zen Navalniren kasua azaldu aurretik.

Kremlina

2006ko azaroan, berriz, Aleksandr Litvinenko espioi ohi errusiarra polonioz pozoitu zuten. Vladimir Putin presidentearen aurkaria zen, eta Londresko ospitale batean hil zen, 43 urte zituela. Polonioa erradioaktibitate handiko substantzia bat da. Haren heriotzak Londresen eta Moskuren arteko krisi diplomatikoa eragin zuen. «Kasuan esana da Litvinenko aurreko egunetan FSBko bi espioirekin bildu zela», esan du Kortazarrek.

Viktor Justxenko ukrainarra oposizioko hautagaia zen, eta Iraultza Laranjaren liderretako bat Ukrainan, baina, 2004ko irailean, kanpaina betean, larriki gaixotu zen. Moskuren hautagai gogokoena ez zen Justxenko, baizik eta Viktor Janukovitx. Hiru hilabete geroago, Austriako medikuek identifikatu zuten Justxenko pozoitzeko erabilitako substantzia: dioxina. Justxenko 2005eko urtarrilean aukeratu zuten presidente. Zainduak izan arren, haren aurpegi deformatuak gaixotasunaren arrastoak erakusten ditu oraindik. Presidentetzara iritsi zenean, baina, Ukrainako zerbitzu sekretuek ez zuten kasua zabaldu. Itxita egon zen haren agintaldi osoan. «Bost urte egon zen agintean, baina ez zuten kasua ireki», azaldu du Kortazarrek.

Skripal, Justxenko eta Litvinenkoren kasuan, Kremlinen inplikazioa segituan ezarri zen mediatikoki, baina gero ikerlariek ez dute kasu horrekin aurrera egin. Aleksei Navalniren kasuan, esan izan da Kremlinek oposizioko kide bat hil nahi izan zuela. Kortazarrek dioenez, aldiz, Navalnik oso boto gutxi zituen, eta oso posizionatua zegoen eskuinerantz. «Are gehiago, Errusiar Martxa deitutako talde ultranazionalistarekin agertu izan da». Moskuko alkatetzara aurkeztu zenean, emaitza «nahiko onak» atera zituen, baina Errusian oso jarraitzaile gutxi zituen, Kortazarren arabera. «Nazioarteko prentsarekin oso kontaktu onak ditu, haren ustelkeriaren kontrako txostenak direla eta; baina ez da oso arriskutsua Putini edo gaur egungo Kremlini irabazteko». Alemaniak esan du Navalni novitxok konposatu kimikoaz kutsatua izan dela. Baina Kortazarrek azpimarratu du novitxok ez dela konposatu kimiko bat, konposatu kimikoen mota bat baizik, familia generiko bat. «Ez dute esan zein konposatu kimikoz izan den pozoitua, ez dute pozoiaren izena eman».

Kortazarrek dio halako kontuetan ohitura handia dagoela usteak direnak eta frogatuta dagoena nahasteko. «Hugo Chavez [Venezuelako presidentea] hil zenean ere entzun ziren halako bertsioak bolivartarren aldetik, eta oihartzuna izan zuten, serioak izan balira bezala». Usteak eta frogatutako kontuak nahasten jarraituko duten modu berean, aurreiritziz osatutako zentzu komunak irabaziko duela dio Kortazarrek, eta pozoiak ere egingo duela aurrerantzean bere bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.