Jose Luis Zumeta (1939-2020)

Margoen bizia

Estilo bereizgarri bat ondu zuen, tonu bizien indarrarekin beti, baita iluntasunera hurbiltzen zenean ere; haren koadro bat, marrazki bat, kartel bat ikusi, eta erraz dator Zumetaren izena gogora. Besteentzat ere irudi asko sortu zituen

'Begia'. Euskaldunon Egunkaria-ren Begia kultura gehigarrirako Zumetak eginiko logoa. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
«Koadroa bizi egin behar da, nik behintzat emozioekin bizitzen dut. Nire koadroak emozioen formak dira, izaeraren autorretratuak balira bezala, eta emozio aldetik errekonozitzen dira, ez dago alde teorikorik. Bizi duzun edo ez, hunkitzen zaituen edo ez, hori da dena, besterik gabe». Koloreekiko erraztasuna zuela esaten zuen, eta haiek laguntzen ziotela margotzen, forma sortzen, ondoren koadroa norbere galbahetik igaro eta bizi ahal izateko. Argiro utzi zuen pentsamendu horren lorratza egin zituen hamaika lanetan, izan beste diziplinetako artistentzat irudiak sortu zituenean, izan bere arte unibertsoa garatzeko urratsak egitean.



Abstrakziotik eta abangoardiatik edan zuen Parisko arte giroa ezagutu zuenetik, baita espresionismotik ere. Mantegna, Rembrandt, Cezanne, Paul Klee, Picasso, Tapies, Pollock, Jorn eta halako artistak aipatu izan dituzte kritikariek Zumetaren lehen urtetako eraginak aztertzean. Londrestik eta Stockholmetik ere igaro zen, eta Euskal Herrira itzultzean Gaur taldearen sorreran murgildu zen. Abstrakzioan sakontzen hasi zen, kontrasteak bilatuz, gorri, zuri, hori, beltz eta urdin ugariekin bizi jokatuz.



Hurrengo urteetako haren lanek espresionismo postmodernoaren mugimenduarekin bat egin zuten, hainbat kritikariren arabera, baina halako etiketei ez ziela begiratzen esan izan zuen behin baino gehiagotan pintoreak. 1980ko urteetan egin zituen haren artista bidean etapa berezitzat hartzen diren Papiroak. Lan ildo bat izan zen, serie bat, kartoi gainean eta tenpera margoz egindako irudiak bildu zituena. Denbora irabazteko eta diru eskasiagatik hautatu zuen bide hori, eta urteetara aitortu zuen inoiz baino hobeto pasatu zuela lan horretan. Donostiako San Telmo museoan izan zituen ikusgai 1985ean. Ordura arteko koadroek ez bezala, izenburua jarri zien lan hauei: Aterkidun gizonaren eguneroko paseoa, Ogia besapean jaio zen, eta beste.



1999an aurkeztu zuen Gernika, bere lanik ezagunenetako bat bihurtuko zena. Picassoren izen bereko margolana oinarri hartuta, 7,80 metro zabal eta 3,4 metro luzeko obra handia egin zuen, ohi bezain kolore biziekin, baina ohi baino estetika figuratiboago batekin. Bonbardaketaren auziari eskainitako lan gehiago ere egin zituen. Lehenetakoa, ordea, Picassoren Guernicari omenaldia koadroa izan zen; Euskal Pinturako Sari Nagusia irabazi zuen 1967an, baina egun inork ez daki non dagoen.



Baina Zumetaren obra artistikoak ere hartzen ditu besteen enkarguz eta hainbat kantari, idazle zein bestelako kulturgilerentzat egindako lanak. Asko izan ziren, baina batik bat Mikel Laboaren irudizko mundua sortu izanak markatu zuen artista. Figurazioaren oihartzunei leku egiten jarraitu arren, azken urteetan batez ere abstrakzioaren bidean sakondu zuen artistak. Kolore deigarriak erabiltzen segitu zuen, gorri-gorriak, urdin elektrikoak, hori-laranjak, eta tamaina handiei aurre eginez. Onartzen zuen urteekin jasotako aitortza eta berotasuna, baina horri begira itsutu gabe. Ia egunero jarraitu zuen pintzela eskutan hartzen, eta horixe goratzen zuen gehien: tailerreko denbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.