'Isiltasun urte luzeak'

Memoriaren zama

Idazlea: Francisco Castro. Itzultzailea: Mitxel Murua. Argitaletxea: Alberdania.

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ez da sarritan pasatzen nobela bat aldi berean plazaratzea galizieraz, katalanez, euskaraz eta gaztelaniaz, eta horixe gertatu da Francisco Castro idazle galiziarraren Isiltasun urte luzeak nobelarekin. Oker ez banago, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua izan zen halako apustu editorial baten aurreko adibidea. Bi nobelei erreparatu, eta badute loturarik, zeren, erabat desberdinak izanagatik ere, memoria historikoa baitute biek lehengai nagusi, neurri eta modu diferenteetan bada ere.

Eleberri honek 36ko gerraren hasiera du erdigune, eta bi aldetatik heltzen dio: batetik, Anxela ikertzailearen kontakizuna dugu, zeina indusketa-lanetan ari baita Vila Flavia pazoan, bertan fusilatu zituztenen gorpuak ateratzen; bestetik, 36ko gerran Vila Flavian gertatu zenaren kontakizuna daukagu, Anxelak deskubritu nahi duena, non iraganeko sekretuak, bengantza pertsonalak eta maitasun galbideratuak juntatzen baitira.

Nobelak oso borondate politiko argia du gerraren galtzaileen memoriaren alde, eta asmo hori hain da indartsua eleberri osoan, ezen aldarri politikoa nobelaren premisa eta abiapuntu bihurtzen baita, zeinak eleberri osoa diskurtso politiko oso markatu batean taxutzen baitu. Ondorioz, nobela aise erortzen da pertsonaia zuri-beltzekoen eta arketipo maiztuen erabileran, 36ko gerrako eleberri bat imajinatzean burura etortzen zaizkigun horietan guztietan. Pertsonaien lautasun horri tramaren manikeismoa ere eransten zaio, eta horrek eleberria kaskartzen duelakoan nago. Alabaina, ez dakit merezi duen halakoetan sakontzea, nabari baita nobelak apenas duela anbizio estetikorik, eta intentzioa gehiago datzala memoria historikoaren aldeko aldarri politiko horretan. Horiek horrela, iruditzen zait komeni dela kritika ere esparru politikoago batera lerratzea eta, oraingo honetan behinik behin, genero ikuspegitik iruzkintzea eleberria, badu-eta zer esana alde horretatik.

Badira bi emakume oso zentralak nobela osoan: Anxela ikertzailea eta Ana, Vila Flaviaren iraganeko istorioko giltzarria. Lehena, hasieran bestela dirudien arren, indarkeria matxistaren biktima tipikoa da azken finean (hots, kultur produktu mainstream-etan eman ohi izan den irudi estereotipatuaren araberakoa), eta pertsonaia orpoz orpo jarraitzen zaio espero dizkiogun klixe ugariri. Beste pertsonaia, Ana, musa hutsa da, bere maitalearen poemen helburu, etsaiaren desira-objektu eta aitaren babesgai, eta gizonezko pertsonaia horiek ezaugarritzen dute. Bi emakumeok ekimen falta nabarmena dute, istorioko ekintza guztiak inguruan dituzten gizonen inguruan dantzatzen dira eta.

Bestalde, gizontasun ereduei dagokienez, matxismoaren irudi esajeratu eta distortsionatu bat jartzen zaie aurrez aurre bi emakumeei; badirudi soldadu indarkeriazale, traumatizatu, bortxatzaile eta hipermisoginoak bakarrik direla matxistak, eta, nobelaren-edo batean halakorik dagoenean, beti dago gizon onaren irudi konplazientea parez pare, zeinarekin askoz ere erosoago identifikatzen baikara guztiok.

Oro har, esango nuke nobela osoaren zuri-beltzak eta pertsonaien lauak ez diola kalte larriegirik egiten argumentuari berari, baina zalantza dut ea estereotipoen erabilera hori mezu politikoaren indargarri den, edo zama, batik bat betaurreko moreak jantziz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.