Brasilgo Munduko Kopa

«Jaurti ezazue gehiago atera!»

Arduratuta dago Scolari Brasilen hautatzailea, selekzioak ez duelako gol askorik sartzen. Kamerungoak ere urduri daude jokalarien jarrerarekin. Elkarren kontra arituko dira, bihar.

Igor Susaeta.
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Luiz Felipe Scolarik ez daki lasai egoten. Brasilgo selekzioaren hautatzaileak nerbioak jota eta era guztietako keinuak bata bestearekin lotzen bizi ohi ditu partidak aulkitik. Aginduak une oro ematen dizkie berak zuzentzen dituen jokalariei, eta epaileei ere sarri hartzen die kargu. Izan ere, arduratuta dabil. Brasilek, historikoki, golak erruz sartu izan ditu, erraz, baina etxean jokatzen ari den Munduko Kopan hiru besterik ez du sartu bi partidatan; hirurak lehia berean, Munduko Kopa hasi zen egunean, Kroaziaren kontrakoan. Lehena, Neymarrek, areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean; bigarrena, penaltiz, jokalari berak; eta, hirugarrena, Oscarrek, partida jada erabakita zegoenean. Ez baitu jokorik sortzen Brasilek; ez baitiote, gainera, kontraerasoan ateratzen uzten. Beraz, azkeneko entrenamenduetan, bihar Kamerunen kontra jokatuko duen partidaren prestaketa lanetan (Brasilia, 22:00), argia da Scolari bere jokalariei ematen ari zaien agindua: «Jaurti! Jaurti gehiago atera!»

«Kroaziaren kontra bi aldiz jaurti genuen atera, eta bi gol sartu genituen. Askoz ere jaurtiketa gehiago egin behar dira», aitortu zuen Brasilen hautatzaileak, datuak hotz-hotzean emanez, orain dela egun gutxi. Horregatik, Teresopolisen, Brasilen entrenamendu gunean, ahulune hori indartzeko ariketak prestatu dituzte. Erdiraketak hegaletatik; erremateak lehen ukituan; hormarenak area ertzean... Eta jaurtiketak; batez ere jaurtiketak.

Izan ere, Fredek (1983), Brasilen erdiko aurrelariak, erremate bat bera ere ez zuen egin, adibidez, Mexikoren kontrako berdinketan. Hortaz, hango komunikabideek begiz jota daukate Olympique Lyongo jokalari ohia. Bizizale bat dela, emakumezale bat, eta bohemiar bizierako joera duela leporatzen diote, esaterako.

Zergatik? Elastiko bederatziduna zamatsua delako Canarinha- n. Careca, Romario, Ronaldo... Izen handi horien mistikaren eta haien ibilbideetan pilatutako golen kontra borrokatu beharra dauka Fredek egunero. Iazko Konfederazio Kopan bost gol sartu zituela-eta, Scolarik selekzioan jarraitzeko aukera eman zion. Gaur egun, gainera, Brasilek ez dauzka punta-puntako aurrelariak. Jo Alves (1987) da Freden ordezkoa. Hark ere Brasilgo ligan jokatzen du, Europan, CSKA Mosku, Manchester City, Galatasaray eta Evertonen barrena, ibilbide oso gorabeheratsua osatu ondotik.

Kontua da, bestalde, golak sartzeko aukera gutxi dauzkatela. Izan ere, Brasil selekzio pragmatikoa da urteotan. Jogo bonito delakoa Zico, Falcao, Socrates eta enparauak 1980ko hamarkadan erretiratzearekin bat desagertu zen, eta Scolarik selekzio fisikoa eta ordenatua lehenetsi du, 2002ko Munduko Kopan egin moduan. Orduan kopa irabazi zuen Brasilek, baina orain hamabi urte Rivaldok, Ronaldinhok eta Ronaldok jokatzen zuten, besteak beste. Neymarrek jokaldi bat egin zain bizi da orain taldea.

Eta horrek zaleak gogaitzen ditu. Hortaz, David Luiz erdiko atzelariak atera behar izan du komunikabideen aurrera lasaitasuna eskatzera: «Lehen bi partidatan sufritutakoa baliagarria izango zaigu aurrerantzean. Horrek heltzen lagunduko digu». Thiago Silva beste erdiko titularra argiagoa izan da: «Lasai, sailkatuko gara eta». Berdintzea nahikoa izango du Brasilek horretarako.

Kamerunen kontrako partidarako, Scolarik aldaketa bakarra egingo du hamaikakoan. Hulk hegaleko aurrelaria osatu da ezkerreko izterrean izandako lesiotik, eta Ramires ordezkatuko du. Horrek aukera gehiago emango dizkio Brasili erasoan.

Isunak jokalariei

Kamerunek ez dauka sailkatzeko aukerarik. Mexikoren kontra galdu zuen (0-1), eta baita Kroaziaren aurka ere, itxura lotsagarria emanez, gainera (0-4). Epaileak Song kanporatu zuen Mandzukici bizkarrean jo ondoren, eta Assou-Ekotto eta Moukandjo Kamerungo jokalariak gutxigatik ez ziren haien artean mutur joka hasi. Webo taldekideak baretu behar izan zituen. Volker Finke hautatzaileak zera adierazi zuen lehiaren ondoren: «Onargarriak ez diren gauza batzuk egin ditugu». Kamerungo Federazioak jakinarazi du, hortaz, zenbait jokalariri isunak jarriko dizkiela.

Kroazia eta Mexikoren artekoa da A multzoko hirugarren jardunaldiko beste partida, bihar (Recife, 22:00). Balkanetakoek irabazi egin behar dute, eta Mexikok, berriz, nahikoa du berdintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.