Euskarak 'agertoki' gehiago izateko

Errigorakoek mugimendu berri bat jarri dute martxan: Agerraldia. Nafarroako hegoaldeko euskaldunak eta euskaltzaleak saretu daitezen nahi dute, herriz herri euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko asmoz.

Errigorako saskiak. Auzolanean presttzen dituzte saskiak. Irudian, Ablitasko prestaketa lanak, iaz. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hauspotu egin nahi dute euskara, ageriko bihurtu hizkuntzak bertan ere izan dezakeen indarra. Nafarroako Euskararen Legeak jasoa duenez, eremu ez-euskaldunekoak dira behin ager vasconum izendatutako eskualdean diren herri gehienak. Kontrara, euskarak izan, badu lekurik herritarren artean, oztopoak asko diren arren. Errigora egitasmoak urteak ditu eginak eremu hori euskalduntzeko bidean, eta, horretarako, beste pauso bat eman dute, lehenago iristeko helmugara: Agerraldia sortu dute, eremu horretan euskara eta euskaltzaletasuna sustatzeko mugimendua.

Agerraldiko kideek adierazi dutenez, agertoki jakin batean eragiteko sortu dute ekinaldia: Garestik Cortesera eta Zangozatik Vianara, lur horietan nahi dute eragin, euskalgintzak «premia handia» duela ikusirik. Errigorako Peru Aranbururen esanetan, euskararen normalizazioa, haren aldeko jarrera eta hizkuntzaren ezagutza sustatzea izanen du helburu nagusi egitasmoak. Horretarako, hango herrietan eginen diren askotariko ekintzak babestu, sustatu edo antolatuko ditu.

Ez da ezerezetik sortu Agerraldia; izan ere, bidea lautua dio Errigorako kideek urteetan egindako lanak. Errigorak 2013tik aitzina egindako kanpainetan lortutako irabazien %25 bideratu ditu euskalgintzara, eta, horrela,babesa eman die, batik bat, AEKri, Ikastolen Elkarteari eta Sortzen elkarteari. Hala ere, Errigorako kideek ikusi zuten premiazkoa zela proiektuari «beste buelta bat ematea». Aranbururen ustez, gauza asko lortu dira, baina euskalduntzea eremu jakin batzuetara mugatu da orain arte, zenbait esparrutara. «Euskararen normalizaziorako, euskaltegietan eta ikastoletan egiten den lanak baditu bere mugak», haren iritziz. «Ezinbestekoak dira,baina are gehiagozabaldu nahi ditugu gure eremuan euskaldunek euskaraz bizitzeko dituzten aukerak». Hemendik aurrera, kanpainen irabazien laurdenaren zati bat Agerraldira bideratuko dute.

Edurne Leon Sanchez tuterarra hasieratik ari da Agerraldia martxan jartzeko lanean. Nabarmendu du egitasmoak lagunduko duela euskaraz aritzeko espazioak sortzen, bereziki arlo akademikotik kanpo. Hor du euskarak hutsune nagusia, haren ustez.

Bertatik bertarakoa, txikitik handirakoa, eta askotarikoa: hala deskribatu dute egitasmoko kideek Agerraldia, eta ezaugarri horiek eguneroko lanean islatu daitezen nahi dute, Nafarroako Ager eremuan martxan jarriko dituztenjarduera orotan. Gainera, herri edo auzo bakoitzeko euskaldunak eta euskaltzaleak izanen dira protagonista eta erabaki hartzaile euskararen aldeko ekintzetan.

Hain zuzen ere, helburua da bertako jendeak sor ditzala estrategiak, Agerraldikoen iritziz, inork ez baititu ezagutzen tokian tokiko bizilagunek baino hobeki herri bakoitzak dituen ahulguneak eta indarguneak: «Asmoa da bakoitzak aztertzea zer premia eta zer desira dauden bereinguru hurbilean, eta, gerora, proposamenak eta eskaerakegitea Agerraldiari», azaldu du Aranburuk. Kontatu duenez, jarduera horiek izan daitezke, esaterako, herri jakin batean ospatuko den Euskararen Eguna, edo euskaraz entrenatuko duen futbol talde bat, edo eskolaz kanpoko jarduerak, edo herrietako kaleen izendegiak euskaratzeko prozesua.

Beste kasu batzuetan, Agerraldikoek joko dute Euskal Herriko elkarteetara, Ager eremuan ekintzak egin ditzatela eskatzeko. Esaterako, Emagin elkartearekin izan dira harremanetan, eta tailerrak antolatuko dituzte datorren udaberrian. Gaur-gaurkoz, praktikan, Errigoraren barrenean dago mugimendua, baina denboraren joanarekin egitasmo independentea bihurtzea nahi dute.

Agenda prest

Agerraldiak oraindik ere bizialdi laburra izan badu ere, jaso du uzta jadanik, eta ereite lanak lehen fruituak eman ditu. Agenda bat osatu dute bertako kideek, datozen hilabeteetarako antolatutakoekintzak jasotzeko. Bost taldetan sailkatu dituzte: euskalduntzea, kirola, gizartea, hezkuntza eta kultura. Pandemiaren eraginez, behin-behinean geldirik dira horietako batzuk. Beste zenbait, aldiz, bideari lotzear dira: aurki hasiko dituzte bertso eskolak Tuteran eta Tafallan.

Birusak ez du dena gelditu, eta, kasu batzuetan, posible izan dute dagoeneko ekintzak martxan jartzea. Adibidez, aspaldi hasi zuen Arroizko Iturri Kontserbak enpresak euskalduntzeko prozesua. Errigorari esker ekin zioten. Enpresak berak prestatzen ditu egitasmoak saltzen dituen saskietan biltzen diren produktu batzuk, eta, horretarako, nahitaezkoa da produktu horien etiketak euskaraz egotea.«Gogotsu egin genuen bat, oso motibaturik», kontatu du enpresako Josu Iturrik.

Euskara plana

Agerraldia sortutakoan, egitasmoko kideek beste proposamen bat egin zioten enpresari. Hari esker, euskara plana garatu dute Emun Kooperatibaren laguntzaz. Orain, euskaraz irakur daitezke fakturak eta kartel anitz ere, eta bezeroek bermatua dute zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea, beti baitago euskaldunen bat lanean. «Hala nahi duenak euskaraz egin dezake, eta jendea asko pozten da ohartzen denean», adierazi du Iturrik. Izan ere, bestela bezala heldu ziren bezeroen erreakzio positiboak, eta hala segitzen du: «Asko harritzen eta pozten dira, uste dutelako hemen ez dakigula euskaraz, eta, tira, bai, hemen ere badakigu, eskualdea hain euskalduna ez den arren».

Enpresak ez zuen zalantzarik egin ekinaldiarekin bat egiteko, baina Iturrik deritzo sumatzen dela inguruan badagoela euskara maite ez duen jendea ere. Halere, argitu du horiek ez direla herritar gehienak, eta esan du hala balitz ere ez diela beldurrik jendearen kritikei: «Ez dugu ez beldurrik eta ez lotsarik esateko euskararen alde gaudela, ez baita inolako erokeria. Agerikoa da jende askok ez dakiela euskaraz, baina gure hizkuntza da, eta baita gure kultura ere».

Leon Sanchez baikor ageri da Agerraldiak egin dezakeen ekarpenari so. «Orain arte ere, bidea ez da erraza izan, baina gauza asko egin ditugu jendearen ilusioari eta ahaleginari esker». Gogoratu du, esaterako, Erriberan bertan izan dela Korrika eta antolatu direla euskarazko kultur ekitaldi mordoa, oztopoak asko izan badira ere. Aurrera begira, erronka ikusten du; ez, ordea, ezinezkorik. «Lortuko dugu egoera hobetzea, eta horretan biziki lagunduko du Agerraldiak. Denon artean erabakiko dugu nora joan nahi dugun, eta egingo dugu bidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.