Sasoiko jakia, txipiroia

Euskal Herrian eta munduan fenomeno bilakatu da 'Squid Game' telesaila. Netflixen inoiz ikusle gehien izan dituena izan da, lehen 28 egunetan: 111 milioi. 16 urtetik gorakoentzat da. Kezka sortu du zenbait ikastetxetan, haurrak fikzioko jokoetan jolasten ari baitira.

Squid Game-ko lehen atalean, haurren joko hilgarria. NETFLIX.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Tinta gorria da Squid Game (Txipiroiaren jokoa) telesailarena, odol gorrikoa. Bortizkeria fisiko eta psikologiko handiko fikzioa da, udazken honetako fenomenoa. Ahoz aho dabil telesaila. Squid Game ehun herrialdetan iritsi da lehen tokira. Eta Netflixek esan du plataforman inoiz ikusle gehien izan dituen telesaila izan dela lehen 28 egunetan: 111 milioi.

Zalantzan jar daiteke datu hori, baina fenomenoa islatzen ari da eremu askotan: mozorro dendetan, Arimen Gauerako gehien saldutako jantziak dira telesail horretakoak; Vans oinetakoen salmentak %7.800 handitu dira; arropa marka entzutetsuak telesaileko protagonisten kirol jantziak erruz ari dira saltzen; egunotan zabaldu da telesailak 767 milioi euroko eragin ekonomikoa izan duela —kostua 18 milioikoa izan zen—; eta aktore protagonistak ospetsu egin dira sare sozialetan: HoYeon Jung aktore eta modeloak 400.000 jarraitzaile zituen irailean, eta 21,5 milioi ditu orain. Kritikak ere izan dira: itzultzaile elkarteek salatu dute gaztelaniazko azpidatziak enpresa bitartekari batek egin dituela, makina batekin, automatikoki.

Nagore Ares Bigarren Hezkuntzako irakasle eta kultur kazetaria da, eta Koreako telesailen zale eta aditua: 2017an, master bukaerako lana gai horri buruz egin zuen. Argi zuen Koreako telesailen bat fenomeno bilakatuko zela. «Netflixek eman dion ikusgarritasunak areagotu egin du fenomenoa. Eta hori gaur egun gertatu da, sorkuntza zentroen deslokalizazioa dagoelako, eta gero eta ohituago gaudelako AEBetakoak ez diren fikzioak kontsumitzera; Turkiako folletoiak, kasurako». Fikzioaren istorioa honako hau da: zorpetuta dauden 456 herritar bizirik irauteko lehiaketa batera eramango dituzte; joko bakoitzean, hil egiten dituzte proba gainditzen ez dutenak, eta diruaren zakua handituz joaten da.

Irudiaren deskribapena
 

Aresi iruditzen zaio sortzen diren «kontraste handietan» dagoela telesailaren arrakastaren gakoetako bat: «Gizarte arazo garrantzitsuak sartu dituzte: klase desberdintasunak eta herritarren zorpetzea». Funtsezkoa da telesailak erabiltzen duen estetika ere. Hala uste du Paula Garcia Arenzana haurren psikologo eta telesailen zaleak: «Estetikarekin oso ondo jolasten dute fikzioaren sortzaileek: badakite estetikarekin nola iritsi publikoarengana». La casa de papel telesailarekin alderatu du (orain arte, hori zen ingelesez besteko telesailetan gehien ikusia Netflixen): «La casa de papel-en atalek sekulako erritmoa dute, eta estetika erraz antzematen da. Horrekin asmatu egin dute bi telesailek».

Koreako ikus-entzunezkoen gorakada dagokion testuinguruan jarri du Aresek: «Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Korea herrialde azpigaratua zen. Gero, Koreako Gerra egon zen. Hego Korean herrialdea industrializatu zuten, lehen sektoreko jendea hirietara joan zen , eta hiriak asko handitu ziren: ekonomia garatu zen, langileak esplotatuz. Baina 1970eko hamarkadan, ikusi zuten industriarekin ez zela aski izango. Estetika eta estetikaren inguruko adar guztiei ekin zieten». 1990eko hamarkadan hasi ziren esportatzen telesailak, Asiako ekialde osoan; egun, Latinoamerikako telebistetan ere ematen dituzte sarri. «Korean kontsumoak eta irudiak garrantzi handia dute, estatus erakusle gisa. Horrek dakarren dirutza ez dago denen esku, eta zorpetze mailak nahiko handiak dira. Koreako telesail gehienek horri aipamen egiten diote, modu batean edo bestean».

Datozen asteetan, fenomenoa ez dela txikiagotuko aipatu du Aresek. «Koreako beste fikzio batzuk Netflixeko lehen tokietara heldu dira». Eta azaroaren 19an, Hellbound iritsiko da. «Interes handia piztuko du Koreako telesail horrek ere».

«Ez da haurrentzat egokia»

Squid Game-ren fenomenoa Euskal Herrian ere nabari da, adin desberdinetako herritarren artean hizpide da. Zenbait eskolatan, bestalde, ohar bat bidali diete gurasoei, haurrek telesaila ez ikusteko eskatuz —16 urtetik gorakoentzat gomendatzen du Netflixek—; Irungo (Gipuzkoa) Belaskoenea ikastetxean eta Bilboko Berrio-Otxoan, adibidez. Ikusi baitute jolas orduetan haurrak telesaileko jokoen bortizkeria ari direla antzezten.

Garcia Arenzana psikologoak ohartarazi du: «Telesail hori haur txikientzat desegokia da. Ikusten badute, arazorik handiena da amesgaiztoak izan ditzaketela; ez dute indarkeria erabiliko halakoak ikusteagatik. Edonola ere, haurrak ez daude prest horrelako eduki bat ikusteko». 6, 7, 8 edo 9 urteko haurrei buruz ari da. «Halakoei telesailak ez die onik egingo». Nerabeen artean, aldiz, psikologoak uste du 14-15 urterekin zenbaitek ikus dezaketela haiengan eraginik izan gabe. «Neska-mutiko bakoitzaren araberakoa izan daiteke, duten heldutasunaren araberakoa».

Pili Anunzibai Irungo Belaskoenea ikastetxeko zuzendaria da. Azaldu du lehen hezkuntzako ikasleen gurasoei bidali dietela oharra. «Gurasoei esan diegu haurrak telesailean agertzen diren jokoetara ari direla jolasten, eduki horretako indarkeriarekin. Haien adinerako telesaila ez dela batere ona ohartarazi diegu, ezin dutela ondo asimilatu. Haien garapenean eragin kaltegarria izan dezake: beldurrak, indarkeriarako joera, eta ez bereiztea zer den errealitatea eta zer fikzioa». Eskolak eta gurasoek adi egon behar dutela iruditzen zaio Anunzibairi. «Gurasoek mugak jarri behar dizkiete seme-alabei». Haur askok dute sakelako telefonoa, eta badira Squid Game-ko atalak telefonoan ikusten aritzen direnak.

Etxebizitza bat, hutsik
Netflix

Arenzanak aitortzen du «erabateko debekuak» zenbait adinetan ez direla onak. «Haurrek adin batean ez dute ulertzen fikzioaren atzean fantasia bat dagoela. Ikustekotan, gurasoak alboan egon behar dute azalpen egokiak ematen». Eta garrantzitsua iruditzen zaio irakasleek eta gurasoek edukia ikustea. «Jakin dezatela zer den telesail hori, haurrekin hitz egin dezatela, azaltzeko fikzio bat dela; fikzioan indarkeriazko kontuak agertzen dira, eta halakorik ezin da jolastokian errepikatu». Dena den, psikologoak uste du hobe dela irakasleek gaiaz «modu orokorrean» hitz egitea, «baina ez errieta egitea».

Psikologikoki bortitzak diren osagaiak ditu Squid Game-k. Aresek zera uste du: «16 urterekin ere, heldutasun nahikoa izan behar da horrelako eduki bat ikusteko. Heldu batzuentzat ere ez da egokia». Argi du ez dela haurrentzat. «Eta gaztetxo askorentzat ere ez. Beharrezkoa da biolentzia testuinguruan jartzea, eta neska-mutikoei azaldu behar zaie fikzioko indarkeria ez dela benetakoa».

Euskal Herriko ikastetxeena ez da kasu bakana, herrialde askotan ari baita telesaila neska-mutikoen imitaziorako eredu bilakatzen. Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak gurasoei ohartarazi die plataformek zenbait sistema ahalbidetzen dituztela, haurrek «eduki desegokiak» ikus ez ditzaten. Arenzanak, edonola ere, nabarmendu du telesail horregatik neska-mutikoek ez dutela indarkeria erabiliko. «Gerrak eta pobrezia dauden herrietan dago indarkeria handiena haurren artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.