EHUko Gizarte eta Komunikazio Zienzien Fakultatea

Autogestioa: 40 urteko uztaren alea

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak 40 urte bete berri ditu. 1981ean ireki zuten, baina aurrekoa da hazia: 1977an, Informazio Zientzien Unitatea sortu zen, Kazetaritza Bizkaian ikasi ahal izateko. Ikasleek kudeatzen zuten, batzordeen eta batzarren bidez.

Teknologia. Lehen ordenagailuak1990eko hamarkadaren hasierakoak dira. EHU.
amaia igartua aristondo
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ezerezetik sortu zen». EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak 40 urte bete berri ditu, eta efemerideak laguntzen du instituzio trinko bat irudikatzen, dagoeneko egonkortua. Alabaina, hastapenak ondo gogoratzen ditu fakultateko katedradun izandako Carmelo Garitaonandiak. 1981ean sortu zen fakultateak ernamuin bat izan baitzuen: Informazio Zientzien Unitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoari atxikia.

Ikusi gehiago: Ana Irene del Valle, dekanoa: «Ikasleen orientazioa oso garrantzitsua da: ez dute argi ikusten etorkizuna»

Kazetaritza halabeharrez Bartzelonan ikasi behar zuten hogei bat ikaslek hauspotutako proiektua izan zen. 1977ko abuztu bukaeran Bilboko Areatzan bildu ziren, mahai eta aulki xume batzuetan, ikasketa horiek Bizkaian egiteko prest zeudenen sinadurak jasotzeko. Kopuruak bultzatuta, Bilboko Unibertsitateak —1980an sortuko zen EHU— eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak akordio bat egin zuten, eta Informazio Zientzien Unitatea sortu. 75 ikasle inguru matrikulatu ziren lehen urtean, 1977-1978koan, hain justu; haien artean, Carmen Peñafiel, fakultateko egungo katedraduna.

«Autogestio eredu bat izan zen. Ikasleok batzordeak sortu genituen matrikulak, hemeroteka eta liburutegia kudeatzeko, baita irakasleak kontratatzeko ere», Peñafielek azaldu duenez. Sarrikoko (Bilbo) Ekonomia Unibertsitateko hainbat irakasle kontratatu zituzten, baita Deia, Egin, El Correo eta beste hedabide batzuetako profesionalak ere. Irakasleen kontu zegoen haien soldata, eta, hortaz, matrikula ohi baino garestiagoa zen.

Lehen bi urteak Medikuntzako Fakultatean egin zituzten, eta hartako ikasle batzuk oldartu egin zitzaizkien: arbelean mezuak utzi, eta probokatu egiten zituzten, Peñafielek dioenez; egoerak bultzatuta, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Kazetaritzako ikasleak lekuz aldatzea erabaki zuen, oraingo tokian zegoen eraikin batera. Eta, hala ere, «urte ederrak» izan zirela dio Peñafielek. «Diktaduratik irteten ari ginen; garai asaldatuak ziren, lanaren aldetik ere bai, eta ezabatuak izan ziren askatasun batzuk exijitzen ari ginen, demokraziaren eta adierazpen askatasunaren sustatzaileak ginelako».

Fakultate propioa

Grina berarekin egin zituzten protestak Errektoretzaren aurrean, ikasketek egonkortasun handiagoa izan zezaten eskatzeko. Fruituak eman zituzten: 1981ean, Informazio Zientzien Fakultatea sortu zuen EHUk; Kazetaritza eta Publizitate ikasketak eskaini zituzten hasieratik, Soziologia eta Politika Zientzietakoak 1988tik aurrera, eta Ikus-entzunezkoenak 1995ean hasita.

Garitaonandia 1977an sartu zen Informazio Zientzien Unitatera, ikasleek kontratatu baitzuten, eta garai hartako giroaren kontakizun bera egiten du. «Inplikazio askoz handiagoa zegoen orduan, ikasleen eta irakasleen aldetik». Baita masifikazioa ere, fakultate propioaren hasierako urteetan ez baitzegoen sartzeko mugarik. «Nik 240 ikasle nituen goizeko taldean; arratsaldekoan, 140».

Fakultate propioa sortu eta bizpahiru urtera sartu zen Iñaki Barcena. Zuzenbidea ikasi eta euskara irakasle aritu ondoren, Kazetaritzan matrikulatzea erabaki zuen, baina irakasle euskaldunak behar zirela eta, lanean hasi zen han, kazetarigaiei Zuzenbide Politikoa irakasten. «Batzar piloa eta greba politiko eta sindikalak egiten ziren irakasleen lan baldintzak hobetzeko. Sartu eta hiruzpalau urtera, soldata bikoiztu egin zen, borroka asko egon zirelako». Hala gogoratzen ditu nagusiki 1980ko urteak: ekitaldi kultural eta politikoz blaituak, eta, hortaz, kolektiboagoak.

1990eko hamarkadan, ordenagailuak sartu ziren fakultatera. Teknologia digitalak eta, batik bat, posta elektronikoak hautsi egin zituzten lehengo loturak. «Gure arteko harremanak aldatu egin ziren. Lehen, aurrez aurre gehiago ikusten genuen elkar; orain, separatuago gaude». Egiturak banatzen ditu ikasleak, ordea. «Graduak sailkatuta daude, eta elkarren artean harreman txikia dute».

40. urteurreneko ekitaldien berri izateko: https://www.ehu.eus/eu/web/ gizarte-komunikazio-zientzien-fakultatea/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.