Zientzia

Planetako begirik handiena

Baleek zuri-beltzean eta gardentasun oso txikiarekin ikusten dutela ondorioztatu du EHUko Elena Vecinoren oftalmo-biologia ikerketa taldeak, Sopelan iaz agertutako balearen begia aztertu eta gero.

Erakusketa. Balearen begiaren azterketan egindako argazkiekin, erakusketa bat egin dute; Europan barrena bidaiatuko du orain erakusketak. EHU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Bilbo
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Baleek zuri-beltzean ikusten dute, eta gai dira egunaren eta gauaren artean bereizteko, neuronen sistema espezifiko baten bidez». Elena Vecino Zelula Biologiako eta Histologiako katedraduna da, eta haren taldeak egindako ikerketaren ondorioetako batzuk dira horiek, 2019an Sopelan agertu zen balearen begia ikertu eta gero ateratakoak. Hasieran, balearen begiaren morfologia ikertzen hasi ziren, «gauza garrantzitsuagoak» aurkitu dituzte. Adibidez, baleak fokuratzeko ezinbestekoa duen ehun bat aurkitu dute: gorputz leizetsua deitzen diote, eta oso baskularizatua dago.

Tarteka agertzen dira baleen gorpuak Euskal Herriko hondartzetan: iazko otsailean, balea bat hilik azaldu zen Sopelako (Bizkaia) hondartzan; 16 metro luze zen, eta 30 tona pisatzen zuen. Gertakizunak zeresan eta interes handiak sorrarazi zituen, ez soilik kalean, baita laborategietan ere.


Iazko otsailean Sopelako hondartzan agerturiko balea jasotzeko operazioa. Luis Tejido / EFE

Elena Vecinok oftalmo-biologia esperimentaleko ikerketa taldea zuzentzen du Euskal Herriko Unibertsitatean. Sopelan hildako balea bat azaldu zela jakin zuenean, «berehala» bertaratu zen. Helburu jakin bat zeukan: balearen begia ikertzea.

Izan ere, Vecino aditua da begietan: «30 urte daramatzat ikusmen sistemak ikertzen, eta hau planetako begirik handiena zen. Begiekin lanean ari bazara, jakin-mina duzu, baita beste espezie batzuen gaineko ezagutza ere», esan du katedradunak. Hamabost ikerlariko talde bat zuzentzen du, baina ikerketa horretan bost emakume ibili dira lanean.


Elena Vecino EHUko Oftalmo-Biologia ikerketa taldeko zuzendaria, Sopelako baleari erauzitako begiarekin. Marisol Ramirez / Foku

Ikerketak helburu argi bat zeukan: «Gure interes nagusia zen jakitea nola funtzionatzen duen balearen begiak. Horretarako, eskura genuen teknologia guztia erabili dugu: mikroskopia optikoa eta elektronikoa, esaterako. Erretinaren funtzionamendua ere ikertu dugu, eta, glaukoma ikertzen dugunez, jakin ahal izan dugu nola funtzionatzen duen umore sistemak gaixotasunean».

Balea aurkitu zen egunean bertan hasi zuten ikerketa Vecinok eta bere taldeak. Izan ere, balea bezperan hil zenez, astia zeukaten bere begiko erretinako zelulak neuronekin kultibatzeko: «Hurrengo eguna jada berandu izango zen», dio Vecinok. «Begiko neuronen ondoan dauden zelulak kultibatu genituen, sagu neuronekin. 35 egunez hazten utzi genituen, eta ikusi genuen sagu neurona ugari birsortu egiten zirela. Ikerketa oraindik ez da amaitu, baina munduan bakarrenetarikoak gara hori egiten dutenak. Hau berria da». Vecinok ez dauka inolako zalantzarik: «Emaitza ikusgarriak izan ditugu». Hala ere, argi utzi nahi du balearen begiaren ikerketarekin ez dela konpontzen glaukomaren arazoa: «Ikusi duguna da balearen begiak nola funtzionatzen duen glaukomarekiko, egokitzapenarekiko, eta nola ikusten duen».


Erakusketa bat osatu dute balearen begiei eginiko argazkiekin. EHU

Bestalde, baleak eta gizakiak oso desberdinak diren arren, badago berezitasun komun bat bien begien artean: «Baleen begiak eta gizakionak berdin funtzionatzen dute, baina gure begiek ikusmen zoliagoa dute baleenarekin alderatuta».

Ikerketa egiteko, Euskal Herriko Unibertsitateko azpiegitura erabili dute, baina ez dute inolako finantzaketarik jaso: «Kolaborazio batzuk bakarrik». Hala ere, Vecinok dio ikerketa aurrera atera ahal izan dela «ikerketa taldea indartsua delako, eta beste proiektu batzuen diru sarrerei esker» egin ahal izan dela azterketa. Hala ere, ikerketaren prozesuari dagokionez, beste ikerketetako zailtasun berak izan dira: «Ez gehiago, ez gutxiago. Egia da ehun handiak zirenez lan handiagoa genuela horiek aukeratzen, beste ikerketa batzuekin alderatuta».

Kutsaduraren eragina

Haien ikerketa eremutik kanpo ere, Sopelan hilik azaldutako baleak «ardura» sorrarazi dio Vecino ikertzaileari, bereziki argal baitzegoen: «Ez dakigu zergatik hil zen balea, baina itsasoko kutsaduraren ondorioz izan daiteke. Arrantzan egiteko ez dute ikusmena erabiltzen: ahoa ireki eta ur kopuru jakin bat irensten dute, eta, ondoren, iragazi egiten dute. Agian, plastikoz elikatuko zen, eta horregatik hilko zen».

Ikerketaren emaitza nagusiak biltzen dituen erakusketa bat antolatu dute; Bilbon egon eta gero, Bordeleko Unibertsitatean, Portoko Unibertsitatean eta Cambridgeko Clare Hall Collegen izango da ikusgai, ondorengo hilabeteetan.


Bilbotik Frantziara, Portugalera eta Ingalaterrara eramango duten erakusketako beste irudi bat. EHU

Baina ikerketa taldearen lana ez da hor bukatzen, Vecinoren taldeak oraindik erronka asko baititu: «Alde batetik, malkoak ikertzen gabiltza: horietan dauden neurodegenerazio adierazleak eta patologia desberdinak dituzten pazienteen malkoen ezaugarriak. Bestetik, glaukomaren gisako patologietan mintzen diren neuronak nola birsortu ikertzen ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.