'18/98 auzia'. Jabier Salutregi aske

Amesgaizto ahaztezin bat

Zazpi urte eta erdiko zigorra bete ostean irten da kartzelatik Jabier Salutregi, egunkari bateko zuzendari izateagatik EBn preso zuten bakarra.«Saiatuko naiz minik gabe gogoratzen», esan du irten berritan

Jabier Salutregi, espetxetik irten berritan, zain zeuzkanak agurtzen. Tartean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Burgos
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Egin-ekoa naiz». Izatea ez zaio aldatu Jabier Salutregiri, hamazazpi urtetik gorako gurutze bidearen ondoren. «Nire konbikzioak indartu eta sendotu dituzte, hau eskola handia baita. Baina jubilatuta nago». Egin egunkariko zuzendari izateagatik atxilotu, epaitu eta espetxeratu zuten, eta harro aldarrikatu du zazpi urte eta erdiz ziegara eraman duen proiektua, ahotsik gabeen ahotsa izan zen hura. Berokia altxatu, eta Egin-eko kamiseta erakutsi du Burgosko (Espainia) presondegi atariko hesiaren atzetik. Hesiaren beste aldean, besteak beste, hurbilekoak eta auzi beragatik preso egondakoak zeuzkan zain. Txalo eta oihu artean, malkotan hartu dute, eta adar jotzaile eta indartsu erantzun die berak. Ikurrin handi baten azpian bildu dira denak. Ez, ordea, den-denak: Karlos Trenor eta Joxean Etxeberria ere gogora ekarri dituzte.

Hamar eta erdiak pasatxo zirela irten da Salutregi kartzelatik. Hesiaren beste aldetik, urrutian bazetorrela ikusi eta sarrerako atea ireki orduko joan zaio Maite Collado bikotekidea, korrika, lehen besarkada ematera. Kalea zapaldu bezain pronto, batzuen eta besteen besarkadak jasotzen jarraitu du, guztien aurrean jarri eta hitz batzuk esan aurretik. «Gogorra izan da, gogor samarra. Bueno, ez: gogorra esango dugu», hasi da Salutregi. «Amesgaiztoa orain amaitu da, hamazazpi urte luzeren ondoren, baina beti gogoratuko dut. Saiatuko naiz minik gabe gogoratzen. Espero dut oraindik kartzeletara datorren herri honek behingoz kartzeletara etortzeari uztea, inor gehiago atera behar ez izateko. Bitartean, etortzen jarraituko dugu».

Besarkaden ondoren, telefonoa. Bati eta besteari erantzunez, eskuan sakelako bat zuen oraindik bildutako guztien argazkia atera dutenean ere. Errepide estuan gora igota, Eusko gudariak abestuz utzi dute atzean denek hesia, horma, espetxea, zigorra, ziega. «Amesgaiztoa». Oihu bat, guztia amaitzeko: «Gora Euskal Herria askatuta».

Berotasuna goiz hotzean

Poza gailendu da gero, baina goibel esnatu da eguna Burgosko espetxe atarian. Euripean, lainotuta, hotz. Goizeko zortzietarako hasi da jendea elkartzen, eta ordu erdiren buruan 60 bat lagun baziren, ikurrinak eta presoak etxeratzearen aldeko oihalak hartuta. Bederatzietarako aterako zela aurrena, hamarretarako gero... Denborak aurrera nola, gora egin du urduritasunak ere, eta ahal bezala elkar berotuz igaro dute bildutakoek hainbesteko esperotako unea iritsi arteko tartea.

Asko ziren, jendearen artean, Salutregiren trantze beretik pasatutakoak, 18/98 auziagatik preso egondakoak. Jose Luis Elkoro Egin enpresako presidente izandakoa, egunkariko kamiseta soinean; Jesus Mari Zalakain, Egin-eko administrazio kontseiluko kide ohia, gora eta behera paseoan; Teresa Toda, Egin egunkariko zuzendariorde izana, hesi atzetik kartzela barrura begira... Bertan ziren Egin-ekiko loturagatik preso egondako gehiago ere: Pablo Gorostiaga, eta Patxo eta Isidro Murga.

Egin-eko kideak ez ezik, Gara egunkarikoek ere egin diote harrera Salutregiri; besteak beste, Iñaki Soto zuzendariak eta Mertxe Aizpurua zuzendari ohiak. Harreraren ondoren etxera bidean abiatu orduko, Guardia Zibilaren kontrol batean geratu dute Soto, Gara-ko zuzendaria.

Atzo arte, Europako Batasunean egunkari bat zuzentzeagatik preso zuten bakarra izan da Salutregi. 1998ko uztailaren 15ean itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin irratia, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. Berrehun polizia inguru arduratu ziren Hernaniko (Gipuzkoa) egoitzari eta Iruñeko, Bilboko eta Gasteizko ordezkaritzei zigilua jartzeaz. «Berrehun gizon armatuk itxi zuten, han papera eta tinta besterik ez bazegoen ere», esan zuen Salutregik berak 2005ean, ahozko epaiketan.

Espainiako Gobernuko presidente Jose Maria Aznarren hitzek erakutsi zuten erabakiaren izaera, operazioa egin eta berehala: «Norbaitek pentsatzen al zuen ez ginela ausartuko?». Egun batzuk geroago atxilotu zuten Salutregi, baina 2005ean epaiketa hasi zen arte ez zuen jakin zer leporatzen zitzaion zehazki. 18/98 sumarioaren barruan epaitu zituzten Egin-ekoak ere, eta 2007an eman zuen epaia Auzitegi Nazionalak: zigorra.

2009an, Auzitegi Nazionalaren epaia arindu zuen Auzitegi Gorenak, baina kartzela urte askotako zigorrak ezarri zizkien Orain SA auzikoei: Xabier Alegriari, hamabi urte eta bederatzi hilabetekoa; Jose Luis Elkorori, zortzi urtekoa;Teresa Todari, seikoa; Manuel Intxausperi, zazpi urte eta zortzi hilabetekoa; Isidro eta Patxi Murgari, zortzina urtekoa; Jexux Mari Zalakaini ere, zortzi urtekoa; Pablo Gorostiagari, zazpi urte eta zortzi hilabetekoa; eta Xabi Oterori eta Iñaki Zapiani, urtebete eta hamar hilabetekoa. Salutregik hiru tartetan bete du zazpi urte eta erdiko zigorra. Haietako asko aurten bertan geratu dira libre.

'Egin', «eraikitzeko tresna»

Hasieratik ikusi zen Garzonen argudioak sendotasunik gabeak zirela: Egin-ek ETAri dirua ematen ziola esan zuen aurrena, eta ETAk eusten ziola Egin-i egun batzuk geroago. 2009ko Gorenaren epaian ebatzi zuten legezkoa zela Egin-en jarduera. Berandu zen, ordea, ordurako. 2003an izan zuen Salutregik Hernaniko egoitza ikusteko aukera, baina ordurako Poliziaren indarrak eta denboraren joanak eraitsia zuten lehenago erredakzio bizi izandako hura.

1977ko irailaren 29an atera zen kalera Egin-en lehen zenbakia, «Euskal Herria eraikitzeko beste tresna bat» izateko helburuarekin. Itxi zutenean, 50.000 ale inguru argitaratzen zituen egunero. Aurretik ere oztopo ugari jasan behar izan zituen, eta, itxi ondoren ere, gutxik salatu zuen adierazpen askatasunaren aurkako eraso hura. 2013an, Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko plaka eman zien Egin-i eta Euskaldunon Egunkaria-ri, eta, itxieratik hamabost urte igaroak baziren ere, hautsak harrotu zituen PPko eta PSEko hainbat kideren artean.

Salutregirentzat, atzo amaitu zen amesgaiztoa, hamazazpi urteren ondoren. Kartzelako lehen harreraren ostean, Ean (Bizkaia) egin zioten ongietorria, iluntzean. Libre da dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.