Altsasuko auzia. Auzi saioa Gorenean

Bide luzean beste mugarri bat

Espainiako Auzitegi Gorenean aztertu dute Altsasuko auziko defentsak jarritako helegitea. Bermerik gabeko epaiketa izan zela argudiatu dute abokatuek. Gorenekoa da ohiko bide judizialean azken urratsa
Espainiako Auzitegi Goreneko atzoko saioan, Altsasukoen defentsa, epaimahaia eta akusazioak.
Espainiako Auzitegi Goreneko atzoko saioan, Altsasukoen defentsa, epaimahaia eta akusazioak. SEBASTIAN MARISCAL / EFE

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko irailak 19
«Itxaropentsu ailegatu gara, baina, batez ere, sufrimendu hau amaitu nahi dugu, eta, borondatea baldin badago, amaituko da». Espainiako Auzitegi Gorenaren atarian Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda Altsasuko gaztearen amak esandako hitzak dira, atzoko saioaren ikusminaren eta Auzitegi Gorenera ailegatzeko gogoen erakusle. Atzo aztertu zuten auzipetuen defentsak jarritako helegitea, eta nabari zen saio berezia zela. Batetik, Espainiako Auzitegi Nazionaletik kanpo egindako lehen auzi saioa zelako, eta, bestetik, Espainiako bide judizialean mugarri bat delako Auzitegi Gorena. Izan ere, epaia argitaratu ostean izango da zigorra irmoa. Bide judiziala badago aurretik, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalera edo Europara jo beharko lukete auzipetuek. Hortaz, atzokoa zen auziaren epaiari zehatz erreparatzeko azken saioa.

2018ko ekainaren 1ean argitaratu zuen Auzitegi Nazionalak epaia. Guztira, 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Adur Ramirez de Alda, Oihan Arranz, Jokin Uranga eta Ainara Urkijori. Aginteari atentatu egitea eta lesioak eragitea egotzi zieten, baina terrorismo delituaren zantzurik ez zuen ikusi epaimahaiak, nahiz eta Auzitegi Nazionalak hartu zuen kasua ikertzeko ardura, 2016ko urriaren 15eko tabernako liskar hori «terrorismoa» zelakoan. Epaiarekin konforme ez, eta defentsak auzitegi horretako apelazio areto batean jarri zuen helegitea. Apenas aldatu zen ezer joan den martxoaren 7ko epaian.

Horregatik, Goreneko saioan «esperantza» jarri dute akusatuen abokatuek: «Uste dugu azkenean egin ahal izango dela taxuzko eztabaida juridiko bat, zarata mediatikotik kanpo, eta terrorismoaren deliturik gabe», azpimarratu du Jose Luis Galanek, Abad eta Urrizolaren abokatuak.

Eta hori izan da, hain justu, zortzi akusatuen abokatuek defendatu duten tesi nagusia: orain arte ez dela berme juridikorik egon prozesuan, eta, gainera, akusatuen errugabetasun printzipioa ez dela errespetatu. Areago, egozten zaizkien egitateen larritasuna ere auzitan jarri dute. Jaime Montero Arranzen abokatuak oroitarazi du hasieratik hartu zuela Guardia Zibilak kasua ikertzeko ardura, nahiz eta ordurako irekia zuen ikerketa Nafarroako Foruzaingoak. Prozesu osoan zehar Guardia Zibilak izandako «gehiegizko protagonismoa» salatu du Monterok. Are gehiago, biktimak poliziak direla kontuan hartuta, biktimaren eta ikertzailearen rolean, bietan aritzea ez dela gomendagarria ere nabarmendu du. Beste abokatuek ere bat egin dute.

Horretaz gain, oroitarazi dute Auzitegi Nazionaleko epaimahaiburua —Concepcion Espejel— Guardia Zibil batekin ezkonduta dagoela, eta, gainera, poliziaren ohorezko dominak dituela, beraz, hasieratik «inpartzialtasuna» egon dela auzian. Abokatuek mahai gainean jarri dituzte horren zenbait adibide: aurpegi errekonozimenduetan akusatuenen oso bestelako itxura zuten pertsonak jarri zituztela, ez direla akusatuen lekukoak eta frogak kontuan hartu, eta egitateak eta baita zigorrak ere puztu egin direla.

Amaia Izkok eta Jaione Karrerak egin dute azpimarra horretan. Izatez, egitate bakarragatik delitu bera behin bakarrik leporatu daitekeela nabarmendu dute, eta esan dute Altsasuko gazteei behin baino gehiagotan egotzi dietela lesioen delitua. Ramirez de Aldak, esaterako, autoritateari atentatua egitearen delitu bat du, eta lesioak eragitearen hiru. Batean elkartuz gero, espetxe zigorra murriztuko litzateke.

Beraz, gazteen zigorren «neurrigabekeria» salatu dute abokatuek, baina, horretaz gain, ohar egin dute ez dagoela nahikoa frogarik zortzi gazteak erasoen unean Koxka tabernan zeudela baieztatzeko. Lekuan bertan kokatzen dituzten froga bakarrak akusazioaren deklarazioak direla eta zalantza hori epaian bertan igartzen dela ohartarazi dute: «Epaiak dio ez duela erabateko segurtasunik esateko une horretan Adur etxean zegoela. Baina aurkakorik ez du esaten. Etxean zegoela ezin dutela frogatu esatea da argudio nagusia, esateko Koxkan zegoela», salatu du Karrerak. Gainontzeko akusatuekin ere antzera gertatzen da. Goikoetxearen eta Coben abokatu Manuel Ollek oroitarazi du akusazioaren lekukoak ere ez zuela Cob erasoen unean kokatu.

«Sekulako eskandalua» da Auzitegi Nazionalaren epaia, Galan abokatuaren ustez. Horregatik, Auzitegi Gorenean jarri dute helegitea. Orain, Andres Martinez Arrieta buru duen epaimahaiari dagokio erabakitzea epaia bere horretan utzi, zigorrak murriztu, ala gazteak absolbitzea.

Fiskala, Guardia Zibilarekin

Fiskalak eta akusazio partikularrak, ordea, errekurtsoa jarri zioten defentsaren helegiteari, eta Gorenean defendatu dute Guardia Zibilari erasotzea «Espainiako Estatuari, Erregeari eta Konstituzioari» erasotzea dela. Alvaro Redondo fiskalak esan du ez dela inpartzialtasunik egon, eta berak ere badituela poliziaren dominak. Aldeen argudioak entzunda, epaiaren zain gelditu da auzia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna