Koronabirusa

Madrilek hilaren 24ra arte luzatu du alarma egoera, EAJren babesari esker

EH Bildu abstenitu egin da, «ziurgabetasuna» ez gehitzeko. EAJk dio fase guztiek ez dutela larrialdi egoera beharko. Sanchezen ustez, erkidegoetako gobernuek «rol garrantzitsua» izango dute

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE.
Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Alarma egoera luzatzeko babesa ozta-ozta lotuta hasi zen atzoosoko bilkura Madrilgo Kongresuan. Eta alarma beste hamabost egunez luzatzeko babesa lortuta amaitu zuen Pedro Sanchezek saioa, EAJren eta Ciudadanosen babesari esker. EAJk hiru baldintza jarri zizkion horretarako Sanchezi: koronabirusaren aurka hartu beharreko neurriak erkidego bakoitzarekin adostea, Eusko Legebiltzarrerako bozak eragozpenik gabe egin ahal izatea, eta Trebiñun gertutasun irizpideak izatea. Horiek adostutakoan, eta beharrezko babesa aurretik lortuta, ez zen sorpresarik izan bozkatzeko orduan, eta EAJren proposamenak jasotzen zituen alarma egoeraren luzapena onartu zuten. Aldeko 178 boto jaso zituzten —PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos, EAJ, Mas Pais, CC, PRC, Teruel Existe, Compromis eta Nueva Canarias—; 97 diputatu abstenitu egin ziren —EH Bildu, BNG, PP eta UPN— eta 75ek aurka bozkatu zuten ERC, Junts per Catalunya, CUP, Vox eta Foro Asturias.

Sanchezek alarma egoera luzatzeko arrazoiekin ekin zion mintzaldiari. Haren hitzetan, pandemiaren kudeaketan ez dago «erabat asmatzerik», baina «akats erabatekoak» egon daitezke: «Orain alarma egoera etetea erabateko akats bat litzateke». Azaldu zuen, «zuhurtzia eta arreta guztiarekin» bada ere, adierazleek erakusten dutela gaixotasuna kontrolatzen ari direla. «Honaino esfortzuarekin eta sakrifizioarekin iritsi gara, baita tresna konstituzional eta legezko batekin ere, alarma egoerarekin, eta azpimarratzen dut funtzionatu duela».

Konfinamendua arintzea «asimetrikoa» eta «kogobernatua» izango dela ziurtatu zuen Sanchezek. «Batera zuzenduko dugu Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek, kogobernantzan, nahiz eta azken balioztatzeak Osasun Ministerioren eta birusaren eboluzioaren mende egongo diren». Erantsi zuen autonomia erkidegoetako gobernuek «paper protagonista» izango dutela konfinamenduaren arintzean. Nola egingo den ere azaldu zuen: fasez alda dezaketen lurraldeak proposatu beharko dituzte, zer neurri hartuko dituzten azalduz, eta osasun sistemaren azterketa estrategiko bat egin beharko dute. Gainera, zehaztu beharko dute erabakiak hartzeko «garrantzitsua» izan daitekeen edozein alderdi ekonomiko, sozial edo mugikortasunar dagokiona. «Osasun ministerioak proposamen bakoitza aztertuko du, eta erabakiak hartuko dira; ahal izanez gero, adostuak».

Sanchezek alarma egoera mantendu beharra azpimarratu zuen. «Mugikortasunean eta jarduera ekonomikoan zenbait murrizketa beste aste batzuetan mantendu behar ditugu, gaixotasuna behin betiko kontrolatzeko».

Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak baiezkoa azaltzeko erabili zuen mintzaldia. «Uste dut beharrezkoa dela gauzak eskutik emanda eramatea, erabaki partekatuekin, hasierako zurruntasuna utzi eta erkidegoei aldatzeko aukera utziz». Akordio bat lortzen saiatu direla ziurtatu zuen, eta Sanchezi zuzendu zitzaion: «Uste dut agian fase guztiek ez dutela beharko alarma egoera».

Laguntza ekonomikoez eta sozialez ere aritu zen Esteban. Ziurtatu zuen juridikoki ez daudela alarma egoeraren mende. «Uste dut ez dela ulertzekoa laguntza sozialak eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak desagertzea, edo aldi baterako erregulazioak ez luzatzea alarma egoera bukatzen denean». Hauteskundeak ere izan zituen hizpide: «Bigarren fasean 50 pertsona arteko bilkurak normaltasunez egingo direla ziurtatu badezakegu, nola ez gara gai izango ziurtzeko bozkatzeko oinarrizko eskubidea?». Euren zuzenketaren gakoa zein den ere azaldu zuen Estebanek: «Kokudeaketa, kopartaidetza, gobernuak eskutik emanda joatea». Eta, batez ere, «lurra ondoen ezagutzen duen autonomia erkidegoetako gobernu horiek» neurriak ezartzeko aukera izatea, euren errealitatearen arabera, eta horrek ez dezala ekar Espainiako Gobernuaren «eguneroko kontrol bat».

Mertxe Aizpurua EH Bilduko Espainiako Kongresuko bozeramaileak nabarmendu zuen ez zela EH Bildu izango «alarma egoera erortzen utziko duena». Arrazoi «sinple» batengatik ez zutela egingo azaldu zuen: «Horrek ziurgabetasun gehiago erantsiko lizkieke dagoeneko herritarrek dituztenei».

EH Bilduk abstentziora jo zuen, baina ohartaraziz ez zela «txeke zuri bat». Aizpuruak esan zuen ezin dela herritarren osasunarekin jokatu, eta «lehentasuna» izan behar duela. «Kritikoak» direla ziurtatu zuen, baina ez dituztela arriskuan jarriko pertsonak. Sanchezi entzuteko ere eskatu zion Aizpuruak: «Zuek lortu behar duzue oposizioaren babesa».

Egiteko beste modu bat

Aizpuruak Sanchezi esan zion badaudela beste modu batzuk alarma egoera kudeatzeko, eta euren proposamena azaldu zuen: autonomia erkidegoak izatea, beti tokiko erakundeekin eta eskualde mailakoekin «koordinatuz eta kolaboratuz», konfinamendua arintzeko planak diseinatu, kudeatu eta garatu ditzaketenak, Osasun Ministerioarekin koordinatuz eta horrek balioztatuz.

Sanchezek alderdiei erantzuteko aukera izan zuen. «Espainia, Europarekin batera, berandu iritsi zen, baina lehenago jardun zuen», nabarmendu zuen. Estebani esan zion prest daudela «kogobernatzeko», baina norbaitek defendatu behar dituela «lurralde arteko eta lurraldez gaindiko elementuak»

Aizpuruari zuzendu zitzaion esanez kritikak eta eskaerak gogoan hartu zituela. «Oso garrantzitsua da alarma egoera mantentzea». Hala ere, konfinamendua arintzeari buruz dituzten desberdintasunak ere azpimarratu zituen Sanchezek: «Ulertzen dut zure proiektu politikoak ez bat egitea Espainiako Gobernua izatearekin konfinamendua arintzea koordinatuko duena». Hala ere, erantsi zuen koordinazio hori bateragarria dela «koerabakiarekin eta kogobernagarritasunarekin». Zentralizazioari dagokionez, Aizpuruak esan zion «euskal gizarteak» ez duela inoren tutoretzarik behar, «adin nagusikoa» dela eta «amalgama sozial bat» osatzen duela gai den, fidagarria den eta baliabide intelektualak dituen jendearekin; eta badakitela egoerei erantzuten. «Zuk esango didazu 'beste leku batzuetan bezala'. Bai, noski. Baina desberdintasuna da guri lapurtu egin zaigula osasun krisi honetan hobeto erantzuteko aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.