Koronabirusa

Pandemia osoan izan den kopururik handiena zenbatu dute Bizkaian: 402

Hego Euskal Herrian 651 positibo izan dira. Hamasei egoiliar eta 36 langile kutsaturik daude Bizkaiko zahar etxeetan. Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen osasun larrialdia berrezartzea

COVID-19aren jarraipen batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, atzo Gasteizen. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bizkaiak orain arteko zifra guztiak gainditu ditu. Azken datuen arabera, 402 positibo atzeman dituzte, aurreko egun askotan Hego Euskal Herri osoan zenbatu direnak adina. Are gehiago: koronabirusa Euskal Herrira heldu zenetik Bizkaian detektatu den kopururik handiena da. Ondorioz, Hego Euskal Herriko datu orokorrak ere udako handienak izan dira: 651 kasu atzeman dituzte orotara, bezperan baino 146 gehiago. Datuak ez dira udarako hasieran espero zirenak, eta pandemiak gogorren jo zuen garaian zenbatzen ziren kasuetatik ez dabiltza urrun. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako sailburuak, ordea, lasaitasun mezua helarazi nahi izan zuen atzo: «Orain 500 kasutik gora badaude ere, egoera ez da martxokoa bezalakoa». Izan ere, Murgaren esanetan, martxoan larri zeuden kasuak bakarrik atzematen zituzten, eta orain, aldiz, asintomatikoak ere detektatzen dira. Sailburuak jakinarazi zuen azken kasuetatik 280 inguru hurbileko kontaktuen artean atzeman dituztela, eta asintomatikoak direla guztiak. Aztarnarien lanari esker, posible da kutsatuen hurbileko kontaktuen jarraipen zehatza egitea, nabarmendu zuenez.

Hego Euskal Herriko gainerako hiru herrialdeetan, kasuak apalagoak izan dira azken orduetan: Nafarroan, 82 kasu atzeman dituzte; Araban, 75; eta Gipuzkoan, 72. Erkidegotik kanpo beste 20 positibo detektatu dituztela jakinarazi du Jaurlaritzako Osasun Sailak. Ospitaleratzeak, baina, ugaritu egin dira beste egun batez. Atzo, 26 eri sartu ziren ospitalean Hego Euskal Herrian; azken orduetan 29 izan dira. Oraintxe, 171 pertsona daude erietxeetan gaitzaren ondorioz, horietako hamasei zainketa intentsiboetako unitateetan. Iruñeko osasun eremuan, gainera, birusa zuen pertsona bat hil da.

Ospitaleratzeen ugaritzeari aurre egiteko «hainbat jokaleku» aurreikusten dituztela adierazi zuen Murgak: «ZIUen gaitasuna hamar aldiz biderka dezakegu, oporretan dagoen inori deitu beharrik izan gabe». Halaber, lehen arretako zentroek egunotan salatu dute langile gutxirekin, ordezkapenik gabe eta lanez gainezka dabiltzala. Osasun sistemak «eztanda» egingo duela ere ohartarazi dute bertako langileek. Egoeraren inguruan galdetuta, sailburuak zehaztu zuen oraintxe ez dagoela kontratatu daitekeen lehen arretako profesionalik: «Egonez gero, kontratatuko ditugu; orain, udazkenean eta neguan».

Kasuak gora zahar etxeetan

Atzo goizean bildu zen Eusko Jaurlaritzako COVID-19aren jarraipen batzordea, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria buru zela, eta Bizkaiko egoera «kezkagarria» izan zuten aztergai bereziki. Osasun sailburuak, bilera osteko agerraldian, azaldu zuen mahai gainean dagoela osasun larrialdia berrezartzeko asmoa: «Larritasunak oraingo erritmo berean jarraitzen badu, ezartzeko garaia izango da». Oraingoz, egoera «aztertzen eta analizatzen» dabiltza. Arratsaldean, Osasun Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia bildu ziren herrialdearen egoera aztertu eta neurri posibleak adosteko. Besteak beste, zahar etxeetako egoera izan zuten hizpide bileran.

Diputazioak jakinarazi du Bizkaiko zahar etxeetako hamasei egoiliar eta 36 langile kutsaturik daudela oraintxe. Asteartean, Zamudioko zahar etxe batean hainbat kasu atzeman zituztela zabaldu zen, eta, egoiliarrei zein langileei probak egin ostean, 26 kasu detektatu dituztela baieztatu du Diputazioak. Asintomatikoak dira guztiak, eta kutsaturik dauden egoiliarrak beren gelan bakarturik daude. Bilbon, bi egoitzatan ere detektatu dituzte kasuak. Batean, langileak izan dira positibo eman dutenak, baina bestean bost langilek eta hamazazpi egoiliarrek eman dute positibo. Bileraren ostean, Unai Rementeria ahaldun nagusiak adierazi zuen «kezkaturik» daudela zahar etxeetan izaten ari den kasuen gorakadarekin, eta gehitu zuen Jaurlaritzaren eta Diputazioaren arteko elkarlan indartuko dutela.

Zahar etxeetako agerraldiak direla eta, gizarte ekintza batzordearen presazko deialdia egin dezala eskatu dio EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari. Indar subiranistak zahar etxeen egoera zein den eta zer-nolako neurriak hartuko diren jakin nahi du. Donostiako egoitza batean ere kasu bat aurkitu dute azken orduetan; aurreko egunetan beste bi kasu izan ziren zahar etxe horretan. Bestalde, Gasteizko zahar etxe bateko hiru sukaldarik ere positibo eman dute, eta haien hurbileko beste hamaika lagun ere kutsaturik daude. Osasun Sailak ez du oraingoz inolako neurririk iragarri zahar etxeentzat, baina sailburuak adierazi du inguru horietan inor ez kutsatzeko moduetako bat «bisitarik ez izatea» dela.

Ignacio Garitano EAEko COVID-19aren kontrol planaren koordinatzaileak, atzoko agerraldian, esan zuen neurriak ezarri aurretik kasuen jatorria zein izan den aztertu beharra dagoela: «Kasuen jatorria izan ez diren jarduerak mugatzen badira, emaitzak ez dira eraginkorrak izango». Ez zuen, ordea, zehaztasun handiagorik eman neurrien inguruan. Larunbatean Iñigo Urkullu lehendakariak etxeratze agindua ezartzeko aukera aipatu zuenetik, bolo-bolo ibili da gaia. Murgak ez zuen agindua ezarriko den argitu, baina adierazi zuen gaueko ordu batzuetatik aurrera segurtasun neurriak ez direla errespetatzen: «Lokalak ixten badira, baina jendea beste toki batzuetan pilatzen bada, neurriek ez dute kurba geratuko».

Nafarroako Osasun Sailak eta Tuterako Udalak, berriz, martxan jarri dute plan bat COVID-19aren hedapena gelditzeko. Uztailaren 20tik abuztuaren 8ra, 151 kasu atzeman zituzten Tuteran, eta azken egunetan beste 51 izan dira. Joera «kezkagarria» dela ohartarazi du gobernuak. Hain zuzen ere, azken asteko intzidentzia tasa Nafarroa osokoa halako bi izan da: 2,6 kasu 1.000 biztanleko Tuteran, eta 0,9 Nafarroan. Ospitaleratzeei dagokienez ere, hazkundea izan da azken astean: 21 pertsona sartu dira osasun eremu horretako ospitaleetan, eta pertsona bat hil da gaitzaren ondorioz.

Hemendik aurrera, edukiera erdira murriztuko da hainbat eremutan; besteak beste, gurtza lekuetan eta beilatokietan. Bestelako ospakizunetan, edukiera 75 pertsonakoa izango da aire zabalean, eta 35 pertsonakoa toki itxietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.