Oliba olioaren prezioak gainezka egingo du oraindik ere luzaroan

Lehorteak eta beroak oliba txikiak eta gantz gutxikoak eragin ditu Euskal Herriko olibondoetan. Urri-azaroetako bilketaren aurretik ez badu euria ganoraz egiten, uzta oso eskasa izango da aurten

Oliba-olio birjina Tuterako Urzante enpresaren prentsan. URZANTE.
xabier martin
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Sei eurotik gorako oliba-olio birjin estra ohikoagoa da egunotan bost euro ingurukoa baino, eta aurtengo oliba uztak ez du lagunduko salneurri garesti horiek apaltzen. Aitzitik, Nafarroako eta Arabako Errioxako olibondoak zama txikiarekin daude iraila badatorren honetan. Oliba txikiak dira, oro har, gantz gutxikoak, batez ere arroitz euskal barietatean. Arabako Errioxan eta Nafarroako Erdialdean, lehorteak eta sargoriak beren marka utzi diete olibondoei, eta ekoizleek oliba uzta eskasa espero dute urrirako. Ez alferrik, picual eta arbekina olibondoak ere kalteturik daude Erriberan, hego haizeak oso lehor utzi dituelako olibak aparteko uda honetan.

«Sei eurotik gorako olio birjina izango da normalena aurrerantzean ere», iragarri du Mendabiako La Maja olio enpresako bazkide Mateo Graciak. Intiako Aholkularitzako koordinatzaile Daniel Andionek osatu du bezeroentzako albiste txarra: «Eguraldiaren baldintza gogorrek oliba olioaren prezioan eragingo dute, ia seguru, eta oso litekeena da beste garestitze bat egotea». Izan ere, Euskal Herrian izan den uda makurra, halakoa izan dute Espainiako hegoaldean, Italian, Frantzian... «Olio gutxiago egongo da merkatuan, oro har; beraz, garestiagoa izango da».

Ikusi gehiago:Moredako olibak «ilarren neurrikoak» dira, eta euria eskatzen dute ekoizleek

Marka zurietara eta eskaintza berezietara jo behar da oliba-olio birjin estra bost eurotik behera lortzeko, asteotan; bada, aurrerantzean gero eta zailagoa izango da horrelako eskaintzak topatzea, uzta berriak igoarazi egingo baititu prezioak; are gorago, esan nahi baita: 2021eko urtarriletik 2022ko ekainera %56 igo da olioa. «Ikusten ari naiz dena erosten dela, birjina eta birjina ez dena, eskaera dagoelako», dio Intiako teknikari eta olio dastatzaileak; «horrek argi erakusten du kalitatezko olioak prezio handiak hartuko dituela, seguruenera».

Baliteke euria izatea salneurriei eusteko faktorea, neurri batean behintzat. «Azken asteetan euria ganoraz botatzen badu, agian bilketa ez da hain apala izango eta horrek arindu dezake apur bat prezioen igoera». Bilketa apala eta oso apalaren artekoa izango litzateke aldea, nolanahi ere.

«Nafarroako hegoaldean oliba gehiago dago, loreak hobeto eutsi diotelako», azaldu du Andionek: «Erdialdean baino lehenago atera ziren Erriberan, eta, artean, beroa normala zen, gutxi gorabehera. Kontua da sargori handiak egin dituela oso goiz, eta arroitz olibondoetan lore asko txikitu ditu horrek». Ordurako hegoaldean aurrerago zihoan fruitua, eta picual, arbekina eta beste oliba motak «hobeto moldatu» direla esplikatu du Andionek. «Hala ere, berdintzen joan da dena geroago, hain luze jo du bero sapak».

Olibondoen egarria

Erriberan olibadiak ureztatzeko aukera dute, baina ez da berme handirik. «Landaketa oso intentsiboan ureztatu egiten dituzte olibondoak, baina arbolak ez du edan nahi tenperatu batetik gora», dio Intiako adituak. 40 gradutik gora «lo bezala» geratzen da olibondoa, eta ez du lanik egin nahi. «Nahiz eta ura eman, ez du hartzen behar adina, olibondoaren erreakzioa delako ez galtzea oraindik daukan ur gutxi hori hazteko lana eginda».

Nafarroako Olioaren jatorri izenaren barruan sei olio marka aritzen dira: Trujal de Mendia, Trujal de la Ribera (Urzante), La Maja, La Casa del Aceite, Artajo eta Nekeas. 135 udalerrik dituzte olibondoak jatorri izen horrek hartzen duen eremuan, Erriberan eta Erdialdean. Azken urteetan asko hazi da ekoizpena, betiere arroitz bertako barietateak rol nagusia duela. Jatorri izenaren zigilua eramateko, olio botilak gutxienez %10 izan behar du arroitzekoa. Iaz, 18.801.443 kilo oliba jaso zituzten, Nafarroan, eta, oliba horiekin, 3.445.347 litro olio ekoitzi zituzten.

Aurten, askoz ere kopuru apalagoak aterako dira Nafarroako zortzi dolareetan, eta albisteak ez dira onak kontsumitzaileentzat. Dena den, «prezioak Andaluziak ezarriko ditu», La Majako bazkide Mateo Graciak argitu duenez. «Hura da ekoizlerik handiena, eta merkatuak hango erreferentzia hartzen du. Oliba olioaren prezioa tokian tokikoa baino gehiago penintsula mailakoa izaten da, eta han ere bilketa apalagoa izango dute, lehortea dela eta. Zenbat eta olio gutxiago egon orduan eta garestiagoa da; hori badakigu nola izaten den».

Eskulan merkeegia

Gainera, kostuek ere gora egin dute, beste produktu askotan bezala, eta azken hilabeteetan olioak izan duen garestitze itzelaren atzean bada beste faktore bat, sarritan isilean egon dena: eskulana lortzeko arazoak izan dituzte ekoizle askok. Zergatik, ordea? Graciarena da erantzuna: «Soldata apalegiak eman dituzte urte askoan: abusua egon da. Orain, laguntza batzuk bukatu dira, eta komeriak daude. Ez dugu gezurrik esan behar: negozioak soldata apaletan izaten du oinarria gehiegitan, eta hori bukatzen ari zaie askori».

La Majan goi kalitatezko oliba olioaren aldeko apustua egin zuten orain urte batzuk Mendabiako Gracia anaiek. Alfar arbekina da beren olio gourmet-a. «Gure produkzioa Hego Euskal Herrian saltzen dugu neurri handi batean, baina gehiena esportatzeko da». Ekoizten duten olioaren %70 kanpo salmentarako dela dio enpresariak: «Gure bezeroek olio gutxi nahi dute, baina bikaina, hotzean baliatzeko. Ez zaie axola gehiago pagatzea bikaina bada. Olioa berotzen bada, zailagoa da aldeak bereiztea kalitatean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.