Moredako olibak «ilarren neurrikoak» dira, eta euria eskatzen dute ekoizleek

Iazko ekoizpena 250.000 kilokoa izan zen La Equidad kooperatiban, eta litekeena da aurten 100.000 kilo pasatxokoa baizik ez izatea

Olibadizain bat Arabako Errioxako mahasti bat aztertzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Moredako (Araba) La Equidad olio kooperatiban ez dute alaitasuna galdu, aspaldian ari baitira «ametsa» zen proiektua aurrera eramaten: kalitatezko oliba olioa ekoitzi eta merkaturatzea. Baina aurten erronka handia dute, aurrez aurre, orain arteko ahalegina bideragarri izan dadin aurrerantzean ere: lehorteak eta sargoriak osatu duten bikoteak argal baino argalago utzi dituzte olibak, eta azaro aldera hasiko den bilketak uzta eskasa emango du. «Ilarraren neurrikoak dira olibak», esan dio BERRIAri La Equidad kooperatibako presidente Jesus Erasok. Triste antzera hitz egiten du jasandako udari buruz, eta ur eskean ari da, erreguz; «euri pixka bat egingo duela aurreikusi dute, ezta?».

Ikusi gehiago:Oliba-olio birjina Tuterako Urzante enpresaren prentsan. Oliba olioaren prezioak gainezka egingo du oraindik ere luzaroan

Olibak gantz gabekoak direla esplikatu du, eta uzta neurri batean txukundu dezakeena euria dela errepikatzen du behin eta berriro. Arroitz barietatekoak dira Arabako Errioxako eremu horretako olibondoak, eta azarora arte itxaroteko prest daude kooperatiban. «Txingorra ez dugu behar, argi, baina euri litro batzuk bai, eta ez dugu zertan azkar hasi olibak biltzen».

Zaila da kalkuluak egitea, eta Erasok ez du kopuruekin hasi nahi, baina ez du ezkutatu iazko uztaren neurria: 225.000 kilo oliba. Bada, aurten, olibadizainen artean hitz egitean aipatzen den aukera da 100.000 kilotik pasatuko direla, baina ez askogatik. «Eta horrek ez du esan nahi olioaren kalitatea jaitsiko denik, ezta hurrik eman ere», dio Erasok. «Lehorreko landaketa da olibondoa, eta, zenbat eta lehorrago, orduan eta indar handiagoa du olibak, nahiz eta txikia izan».

Tradizioko dolarea

La Equidad kooperatiban 1947. urteko dolarea dute, eta harekin ekoizten dute olioa olibondoak dituzten 85 bazkideek. 2003an zaharberritu zuten prentsa, baina harriak 1947koak dira. Nolabait, Moredan egiten den olioaren ikurra da dolarea, handik ateratzen dena goi mailako produktua dela adierazten duena. «Ez diogu ezertxo ere botatzen; hemen ez dago hauts magikorik: gure olioa oliba zukua baizik ez da», argi utzi nahi du kooperatibako presidenteak. Ura bai, olibak garbitzeko ura erabiltzen dutelako ñabardura egin du: «Baina, gero, olioa eta ura beren kabuz banantzen dira».

Moredako dolarean ez dute bakarrik La Equidad olioa egiten. Esaterako, Hermanos Bujanda enpresak bere olioa ekoizten du han, gourmet produktu gisa. Halaber, La Equidad Eusko Label zigiluko olioa ekoizten du; iaz, kasurako, 25.000 kilo oliba baliatu zituen horretarako. 2018an, berriz, Birite 1947 lehen olio ekologikoa merkaturatu zuten kooperatibako hiru bazkidek.

Ez alferrik, Bastidatik hasi eta Oionera arte, olibondoak daude, han eta hemen, 3.000 inguru, eta ekoizle pribatu askok egiten dute beren olioa. Produkzio txikiak dira, salbu eta Oiongo Trujal de Almazara de la Rioja Alavesa. Txiki horietako batzuk upategiak dira, adibidez Samaniegoko Ostatu eta Bastidako Remelluri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.