Euskal presoak. Abokatuen aurkako polizia operazioa

Epaileak jarritako baldintzek delitua sustatzen dute, abokatuen hitzetan

Diru kontuak blokeatzeak lan gardena eragozten duela diote.Helegiteak aurkezten ari dira

Astelehenean atxilotutako hamabi abokatuak, atzo. Kepa Manzisidor eta Onintza Ostolaza —erdiko biak— aritu ziren guztien izenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko astean atxilotutako hamabi abokatuek gogor salatu dute euren aurkako operazioa. Egin behar ez ziren atxiloketak egin zituztela salatu dute. Miaketetan irregulartasunak izan direla. Eta askatu bai, baina epaileak jarritako baldintzek defentsarako eskubidea urratzen dutela. Praktikan, abokatuei ezinezko egiten ari zaiela defentsa lanean jardutea. Adierazi dute eurek ez dutela bezero dituzten presoak laguntzarik gabe uzteko inolako asmorik, haien eskubideekiko konpromisoa hartua dutela baina ez dakite nola jokatu. Epaileak jarritako baldintzek delitua egitera bultzatzen dituela ohartarazi dute: «Epailea delitua probokatzen ari da; egotzi digun delitua egitera bultzatzen».

Delitu ekonomikoari bultza

Delitu ekonomikoa egotzita inputatu ditu Eloy Velasco epaileak, iruzur egitea eta ogasunaren aurkako delitua egitea leporatuta. Abokatuek diote ez dutela halakorik egin diote, baina epaileak diru kontu guztiak blokeatu dizkie; bai pertsonalak, bai abokatuen bulegoetakoak. «Guk lan egiten dugun auzitegia Madrilen dago; gure bezero gehienak sakabanatuta daude, eta gure lana egiteko urrutira joan behar izaten dugu». Kontu korronteak blokeatuta, sosik gabe utzi dituzte. Lan egiteko, ordainketak eta kobrantzak modu irregularrean egin behar lituzkete, eta diruaren kudeaketa ilunean aritu. Eta adierazi dute ez dutela hala jardun nahi.

Presoei egin beharreko bisitak murrizteak ere mugatzen die eguneroko lana. Jaso duten debekua praktikan nola gauzatuko den oraindik ez badakite ere, seguru daude defentsarako eskubidea urratzen duela.

Horiek horrela, abokatuak helegiteak aurkezten ari dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Gobernu Salan eta Presidentetzan. Era berean, babes bila ari dira abokatuen elkargoetan.

Operazioaren izaera bera ere salatu dute abokatuek. Oinarri juridikorik gabeko operazio «politiko eta mediatikoa» salatu dute. «Presoen inkomunikazio juridikoa, politikoa eta soziala izan du helburu», ohartarazi dute. Eta, hartarako, irregulartasun asko egin dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.