Osakidetzako oposizioak

Auzitegiak berretsi du Urdulizek ezin dituela zerbitzuak azpikontratatu

EAEko Auzitegi Nagusiak uste du Osakidetzak ez zuela justifikatu Urdulizko ospitalean zerbitzu batzuk azpikontratatzeko beharrizana

Ibai Maruri Bilbao.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
EAEko Auzitegi Nagusiak adierazi du Urdulizko (Bizkaia) Alfredo Espinosa Ospitaleko zerbitzuak ez zirela azpikontratatu behar. Hala, KEAO EAEko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak hartutako erabakia berretsi dute epaileek. Ospitalea ireki aurretik, Osakidetzak araztegiko, garbiketako eta sukaldeko zerbitzuak azpikontratatzeko asmoa iragarri zuen, eta lehiaketa publikorako baldintzak ere onartu zituen. CCOOk eta ESK-k helegitea ipini zuten KEAOn. Erakunde horrek onartu egin zuen helegitea, eta arrazoia eman zien sindikatuei. Osakidetzak epaitegira jo zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak sindikatuei eta KEAOri eman die arrazoia orain.

Auzitegi Nagusiak uste du Osakidetzak ez duela behar beste argudiatu hiru zerbitzu horiek azpikontratatzeko beharrizana. Horregatik, sozietate publikoak berak egin behar du zerbitzu horien kargu. Ebazpena ematean, 2010ean Euskal Administrazio Publikoko Mahai Orokorrak adostutako akordioa eta 2008an onetsitako Osakidetzako Lan Baldintzen Akordioa hartu ditu oinarri modura, han ezarri baitzuten halako zerbitzurik ez azpikontratatzea. Era berean, epaiak azpimarratu du helegitea ipini zuten bi sindikatuek «erabateko zilegitasuna» dutela lehiaketa publikoko baldintzen aurka jotzeko, «langileen interesak defendatzen dituztelako».

Zerbitzuok azpikontratatzeko asmoak protesta gogorrak eragin zituen, eta ospitalea irekitzeko eguna hainbat hilabetez atzeratu behar izan zuen Eusko Jaurlaritzak, ezin zituelako hiru zerbitzu horiek martxan ipini. CCOOk gogora ekarri du Gernika-Lumoko (Bizkaia) ospitalean ere antzeko asmoa izan zuela Osasun Sailak, eta orduan ere atzera egin behar izan zuela. Ohartarazi du aurki Eibarko erietxea (Gipuzkoa) irekiko dela. Jaurlaritzari eta Osakidetzari eskatu die hartutako konpromisoak betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.