Ikastolek ez dute onartuko Jaurlaritzak matrikulez ezarria, desorekak badaude

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastolek ezohiko batzar bat egin dute. Banaketa «modu orekatuan» egin ez dutenean, «kalteturiko familiek» helegiteak jarriko dituzte

Eskola. Haurrak Aginagako eskolan, artxiboko irudian. A.C. / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Aurrematrikulazio prozesuan egon diren mugimenduak aztertzeko eta erabaki irmo bat hartzeko, Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat egin zuen herenegun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastola guztiekin. Hala, atzo ohar bidez adierazi zuten jabetzen direla segregazioari dagokionez «arazo handi» bati aurre egin behar diotela, eta, hortaz, «sentsibilitate bereziarekin» lantzen ari direla gaia. Baina irmo erran dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ezarritako ikasle fluxua onartuko dutela mugimendua «orekatua» baldin bada; prozesuan «irregulartasunak edo desorekak» atzeman badituzte, berriz, ez dute proposamena onetsiko.

Izan ere, haien erranetan, ikastoletan egon den ikasle fluxua «desorekatua» izan da: ikastolek ikasle gutxiago jaso dituzte, irten diren kopuruekin alderatuta. Zehazki, 96 ikasle «ez-zaurgarri» bideratu dira bertze ikastetxe batzuetara, eta 49 ikasle «zaurgarri itzuli» dizkiete. Atzo Jose Luis Sukiak, elkarteko zuzendari nagusiak, Euskadi Irratian berretsi zuen desoreka horiek ez dituztela onartuko, eta «segregazioaren kontrako eragile aktibo» izango direla aurrerantzean ere. Zarauzko ikastola (Gipuzkoa) jarri zuen adibide gisa: zortzi familia gelditu dira kanpoan, baina «ume zaurgarri bat soilik» bideratu dute bertara.

Elkarteko kideek diote «segregazioari aurre egiteko estrategia partekatu baten aldeko konpromisoa» dutela, eta horregatik erabaki dutela kasu horietan proposamenaren aurka egitea. Banaketa «modu orekatuan» egiten ez denetan, gainera, «familia kaltetuek» helegiteak jarriko dituzte, «prozesuaren gardentasun falta salatzeko eta Hezkuntza Sailari eskatzeko prozedura errepika dezala». Erabili duten prozeduraren xehetasunak ezagutaraz ditzatela galdegingo dute. Hau da, erran dezatela, esaterako, ikastola bakoitzaren eremuko gainerako ikastetxeen zaurgarritasun tasa zenbatekoa den. Helegite horiek erantzuna jasotzen duten bitartean prozesua gelditzeko eskatuko diote sailari.

Ikastolen Elkarteak gehitu du bere zentroetan tokiak libre gelditzen badira, administrazioak mugitutako ikasleei eusteko konpromisoa hartuko dutela, eta beren «baliabide nahiz prozedura guztiak» erabiliko dituztela hori ziurtatzeko. Hala, Zarauzko Ikastolari buruz, adibidez, elkarteak adierazi du kanpoan gelditu diren familietatik bat bakarrik bideratuko duela kanpora, baina bertze zazpiak onartuko dituela, tokiak libre gelditu direlako.

Segregazioa «herri mailako arazoa» dela azpimarratu du elkarteak, eta ez familia zaurgarriei dagokiena soilik: «Neurriak ez dira familia zaurgarrien banaketan bakarrik oinarritu behar,ez-zaurgarriak ere bertan jaso behar ditugu». Horrez gain, zaurgarritasun tasa finkatzen duen prozesuan «gardentasun falta» egon dela azpimarratu dute, eta badirela zenbait datu oraindik ez dakizkitenak, hala nola bertze ikastetxeen zaurgarritasun tasak eta barematu beharreko ikasle kopurua, edota familien galdetegiak baloratzeko erabilitako irizpideak.

Neurriak segregazioari

Ikasleen mugimenduak, baina, ez dira ezerezetik etorri: Eusko Jaurlaritzak segregazioari aurre egiteko martxan jarritako neurrien ondorio dira. Irizpide horien artean daude eragin eremu bakoitzeko zaurgarritasun indizea neurtzea, eta, horren arabera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek ikasle zaurgarriei lekuak gordetzea, edota ikastetxeen gehiegizko eskaintza mugatzea.

Hezkuntza Sailak 2023-2024ko ikasturterako behin-behineko zerrendak argitaratu zituenean ere ezinegona sortu zen. Ikastolen Elkarteak ohartarazi zuen «Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten zentro guztientzat» matrikulazio baldintza berak egon ezean, ikastoletan matrikula egin zuten ikasleak ez zituztela beste zentro batzuetara bideratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.