Koronabirusa. Teknologia

'COVID-19.0' jarraipena

Zenbait aplikazio garatzen ari dira testetan positibo eman dutenen arrastoari jarraitzeko eta haiek kutsatu ahal izan dituztenei abisatzeko. Tecnalia berea probatzen ari da

BERRIA.
jakes goikoetxea
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Testatu. Jarraitu. Bakartu. Hori da estrategia COVID-19aren foku gehiago ez sortzeko eta, sortuta ere, ez zabaltzeko. Higieneari eta distantziari buruzko neurriak ahaztu gabe, jakina. Estrategiaren hiru hanketatik bigarrena da, ziurrenik, Euskal Herrian gutxien landu edo sistematizatu dena: testetan positibo eman dutenekin harreman estua, kutsatzeko modukoa izan dutenak aurkitzea eta haien kasuak jarraitzea.

Izurritearen lehen olatua pasatuta, izurritean aurreko jardueretara eta ohituretara bueltatzen hasita, kasu bakanek kutsatze esponentzialak ez eragitea da helburua, izurritea ez berpiztea.

Horretarako, funtsezkoa da, SARS-CoV-2 birusak kutsatutakoak lehenbailehen atzemateaz gain, haiek kutsatu ahal izan dituztenak zerrendatzea, bakartzea, testa egitea eta kasuak bertatik bertara jarraitzea. Horrela, sintomak garatu ez dituzten gaixoak detektatu ahal izango dira, eta kutsatze berrien katea eten.

Izurriteetan kutsatutakoen mugimenduak eta harremanak jarraitu ahal izateko, aurrez aurreko harremanak —edo telefono bidezko elkarrizketak—erabili izan dira. Eraginkorrenak direla erakutsi dute. Sistema korapilatsuena ere bada. Denbora eta langileak behar dira: kutsatuak galdekatzeko —norekin, zenbat denboraz, non, nola, babestuta edo babesik gabe egon diren jakiteko—, kutsatuekin harremana izan dutenak aurkitzeko, haiei galderak egiteko, kasuak baloratzeko, testak bideratzeko, jarraipena egiteko... Ondo prestatutako langileak izan behar dute, detektibeak ia.

Bide horren alde egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baliabide mugatuekin bada ere. Lehen arretako zerbitzuen eta langileen bidez aztertuko dute nondik nora mugitu diren kutsatuak aurreko egunetan, eta norekin izan duten harremana.

Aurrez aurreko jarraipena baino berriagoa da sakelako telefonoetako aplikazioen bidezkoa: sakelakoak pertsonaren mugimenduak erregistratzen ditu GPSaren edo bluetootharen bidez, eta, SARS-CoV-2a atzemateko testen batean positibo emanez gero, harekin kutsatzeko moduko harremana izan duten guztiei abisatzen die. Euskal Herrian, Tecnalia zentro teknologikoa aplikazio bat garatzen eta probatzen ari da jada, Ibermaticarekin batera.

Aurrez aurre, eraginkorrago

Positibo ematen dutenen arrastoaren jarraipen zehatzagoa eta automatikoagoa egiteko sortu ziren aplikazio horiek. Herrialde askotako ikerketa taldeak eta enpresak ari dira halakoak garatzen. Gobernu asko daude interesatuta. Hala ere, aditu guztiek diote aurrez aurreko jarraipena eraginkorragoa dela eta aplikazio bidezkoa osagarria izan daitekeela.

Aplikazioen eraginkortasunari buruzkoa da zalantza nagusietakoa. «Kezkatzeko arrazoietako bat da argitaratutako ebidentzia gutxi dagoela aplikazio horien eraginkortasunaz, bai testa egin ez dietenak identifikatzeko, bai erabilera zabalduz gero gaixotasunaren zabalkundea geratzeko», zioen Nature aldizkariaren editorialak apirilaren 29an.

Aplikazioak eraginkorrak dira, Oscar Lage Tecnaliako Zibersegurtasun eta Blockchain arduradunaren iritziz. Luca Ferretti Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak eta haren taldeak Science aldizkarian argitaratutako ikerketa bat jarri du horren erakusgarri. Ferrettik aplikazio bidezko jarraipenaren garrantzia eta azkartasuna nabarmendu ditu, kutsatzeko arriskua dutenak azkar atzematen dituelako —aurrez aurreko sisteman baino azkarrago— eta eraginkorra delako, batez ere, oraindik sintomak garatu ez dituztenen kasuan: «Kutsatzeen erdiak oraindik sintomak garatu ez dituztenek egiten dituzte».

Baina zenbat jendek erabili beharko luke aplikazioa eraginkorra izateko? Zeren, gutxiengo batek erabiltzen baldin badu, aplikazioa daukan pertsonak egunean zehar dituen kontaktu edo harreman gehienak galdu egingo bailirateke: hautsitako sare baten modukoa izango litzateke.

Zabalkundea behar dute

Singapurko Trace Together aplikazioa jotzen da arrakastatsutzat. Milioi bat lagunek instalatu zuten sakelakoan, bost herritarretik batek. Asko izanda ere, Nature aldizkariak kalkulatu zuenez, kalean topo egindako bi pertsonak aplikazioa edukitzeko aukera %4koa da. Adituek esan dute herritarren %60k instalatu beharko luketela aplikazioa sistema eraginkorra izateko, ia hiru herritarretik bik. Ferrettik %50etik gorako portzentajea izan behar duela dio. Proportzio oso handia. Lortzeko zaila. Nork konbentzituko ditu hiru herritarretik bi haien jarraipena egiteko aplikazio bat erabiltzeko, osasun arrazoiengatik bada ere? Aintzat hartu behar da, era berean, halako aplikazioak telefono adimendunetan oinarritzen direla, eta badirela halako telefonoak ez dituzten herritarrak ere.

Beste aukera bat da, gizartearen gehiengoak erabil dezan saiatubeharrean, gehiengoak talde txikiagoetan lortzen saiatzea. «Kalean erabiltzea gehiago kostatuko da, baina enpresetan, ekosistema txikiagoetan, errazagoa izan daiteke», Lageren iritziz. «Langileak eta enpresak babesteko balio dezake». Eusko Jaurlaritza interesatuta dago, enpresetan erabiltzeko.

Gaur egun garatzen ari diren sistema gehienak bluetoothean oinarritzen dira. Bluetootha, GPSa ez bezala, ez da jendea kokatzeko teknologia bat, gailu elektronikoak elkarrekin konektatzeko eta informazioa kablerik gabe partekatzeko baizik.

Sakelakoaren bluetootha aktibatuz gero, aktibatua duten beste gailuak bilatzen hasten da. Baten bat aurkituz gero, sakelako bakoitzak kode bat bidaltzen dio besteari, hizkiz eta zenbakiz osatutako identifikatzaile bat, jabeari buruzko informaziorik gabea. Kode bat bidaltzen du, beste bat jaso. Bluetootha aktibatuta edukiz gero, kodeak gordetzen ditu. Horrela, sakelako bat —pertsona bat— zer beste sakelakoren ondoan egon den jakin daiteke.

Baina izurrite baten jarraipenean funtsezkoa da jakitea ea pertsona horien arteko kontaktuak kutsatzeko modukoak izan diren. Elkarrengandik gertu egon diren jakiteko, bluetooth seinalearen indarra neurtzen dute. Zenbat eta indartsuago, orduan eta gertuago. «Errakuntza tartea badago», azaldu du Lagek. «Ez dakigu pertsonak elkarrengandik 1,8 metrora edo 2,20 metrora dauden, baina badakigu tarte horretan daudela». Hori bai, sakelakoa poltsa edo bizkar zorro baten barruan badago, metalezko beste objektu edo gailu batzuekin, distortsioa eragiten dute, eta jendea urrunago dagoela neurtzen du.

Bi pertsona elkarrekin zenbat denbora egon diren jakiteko, berriz, begiratzen dute ea denboran errepikatzen diren gailu batek besteari bidalitako kodeak. «Sakelako bakoitzak, gutxi gorabehera, minutuero arakatzen ditu inguruko gailuak», zehaztu du Lagek. Bluetootha aktibatuta duen sakelako bat aurkituz gero, minutuero trukatzen dituzte kodeak. Kode bera hamar aldiz jarraian agertzen bada, badakite gutxi gorabehera hamar minutuan egon direla elkarrekin edo elkarren ondoan.

Arriskuaren irizpideak

Gauza bat da, ordea, gertu eta denbora batez egotea, eta beste bat kutsatutako pertsonarekin izandako gertutasuna, harremana, kutsatzeko modukoa izatea. Horretarako, aplikazioari kutsatze arriskuaren irizpideak ezarri behar zaizkio. Aplikazioa ezarri nahi duen administrazio, erakunde edo enpresa bakoitzak zehaztu beharko luke, bertako egoeraren, gomendioen eta abarren arabera. Aldatu daitezke, izurritearen bilakaeraren arabera. Tecnalia garatzen ari den aplikazioan eguneko hamabost minutuko arrisku harreman metatua aplikatzen ari dira, pertsona batekin edo gehiagorekin.

Aplikazioak sakelako batek besteari bidalitako kode guztiak gordeko lituzke. Kode horien bilduma eguneratuz joango litzateke. Aplikazioa daukan pertsona batek koronabirusaren testean positibo emanez gero, jakinarazi egingo luke. «21 egunetan sortutako kode edo identifikatzaile guztiak zabalduko lituzke», azaldu du Lagek. Horrela, gainerako erabiltzaileek kodeen bilduma eguneratzean, sistemak prozesatu egingo lituzke, arriskuan egon diren edo ez zehazteko. Kutsatutako pertsonaren kodeak ezagutuko lituzke sistemak, eta abisua bidaliko lieke harekin kutsatzeko moduko harremana izan dutenei, neurriak hartzeko eskatuz: bakartzeko eta osasun agintariei abisatzeko. «Sistemak ez dio esaten nor den kutsatua, ez baitaki».

Positiboa benetakoa dela ziurtatzeko, osasun zerbitzuek baieztapen kode bat eman beharko liokete kutsatuari, eta kutsatuak kode hori sartu beharko luke aplikazioan, gainerako erabiltzaileen artean zabaldu aurretik.

Pandemia globala da, eta jarraipen teknologikoa egiteko proiektu zabalak sortu dira. Europako DP-3T protokoloa garatzen ari dena, esaterako. Hainbat unibertsitatetako ikertzaileak eta kriptografoak elkartu dira, protokolo deszentralizatu eta ireki bat sortzeko. Tecnalia parte hartzen ari da.

Europako Batzordearen PEPP-Pt proiektuaren barruan zeuden (Hurbilketen Trazatze Paneuropar Pribatutasun-babeslea), bainaikertzaile nagusiek utzi egin zuten, Frantziak eta Alemaniak eredu zentralizatuen alde egin zutelako, erabiltzaileen datuak kontrolatzeko. Alemaniak eredu zentralizatua utzi du jada.

Pribatutasuna kezka

Era horretako aplikazioek eragin duten kezka eta zalantza nagusia pribatutasunari buruzkoa da. Ea noren esku egongo diren hain datu pribatu eta intimoak. Aplikazioetako batzuk zentralizatuak dira: sakelakoek pilatutako datuak administrazioen esku uzten dituzte, eta haien zerbitzarietan gordetzen dituzte. Beste batzuk, aldiz, deszentralizatuak dira —DP-3T, esaterako—: datuak sakelakoan pilatzen dira, ez dira gobernuen esku geratzen, eta ezin da jakin kode edo identifikatzaile bakoitza norena den. Eredu deszentralizatuak eta gardenak eskatu ditu Europako Parlamentuak.

Espainiako Gobernuak oraindik ez du argitu zer egingo duen. Frantziakoa aplikazio bat garatzen ari da, StopCovid: jada probatzen ari da; aplikazioari buruz eztabaidatu nahi du hurrengo astean Asanblea Nazionalean; eta abian jarri nahi du ekainaren 2an.

Aplikazioak ez dira gobernuen interesa bakarrik. Baita teknologia erraldoienak ere. Apple eta Google tartean daude. Kutsatuen arrastoari jarraitzeko protokolo bat garatzen ari dira, elkarrekin. Apple eta Google, iOS eta Android, sakelakoetan gehien erabiltzen diren sistema operatiboak. Bi multinazionalek esan dute protokoloa beren sistema operatiboetan integratu nahi dutela.

DP-3T protokoloaren bultzatzaileek nabarmendu dute Applek eta Googlek egiten duten planteamendua beraienaren oso antzekoa dela —beraiena hartu dutela ere esan dute—, eta, praktikan, elkarlanean ari direla garatzeko. Baita bi erraldoi teknologikoak eredu zentralizatuak sortzea saihesten ari direla ere. «Harreman estua dugu Applerekin eta Googlerekin», nabarmendu du Lagek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.