'Pegasus auzia'. Eitay Mack. Abokatua

«Israeli ez zaio axola erosleak zertarako darabilen Pegasus»

Macken ustetan, programa erabiltzearen harira sortutako eskandaluek estatu judua «indartu» dute: «Diktadoreek atsegin dute Pegasus, eta demokrazietan ere badute jada, edo eskuratu nahi dute».

BERRIA.
Beirut
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Eitay Mack abokatu israeldarrak bere herrialdeko justiziari galdegin dio eragotz dezala ziberespioitzarako Pegasus sistemaren salmenta, baina auzitegiek atzera bota dituzte haren eskaerak. Israelgo armen esportazioan aditua da Mack, eta, ohartarazi duenez, hango gobernuak ez ditu kontuan hartzen giza eskubideak material militarra saltzeko garaian, eta ez du gainbegiratzen zertarako erabiltzen den Pegasus sistema. Hori dela eta, mundu guziko erregimen errepresiboek Israeli erosten dizkiote gisa horretako tresnak.

Pegasus programaren erabilera arautu behar da, edo demokraziek ohitu egin behar dute halako tresnetara?

Lehen, uste nuen halako sistemen erabilera arautu egin behar zela, baina, azken urtean argitara atera direnak ikusita, arrunt debekatzearen aldekoa naiz. Interes politikoen mesedetan programa neurriz kanpo erabiltzeko tentazioa handiegia da, eta giza eskubideak urratzea dakar. Katalunian gertatutakoa horren erakusgarri da: Espainiak, zeina demokrazia bat baita arazoak izan arren, politikari, abokatu eta ekintzaile katalanen aurka egiteko erabili du Pegasus. Herrialde are okerragoetan hala nola Hungarian, Arabiar Emirerri Batuetan, Saudi Arabian eta Azerbaijanen, halako sistemek askatasuna edo bizia galaraz diezaieke pertsekutatzen dituzten horiei.

NSOk adierazi du Pegasusek gaizkileak geldiarazteko balio duela.

Kontua da NSOk ez duela bere kabuz lan egiten, baizik eta Israelgo Defentsa Ministerioak emandako esportazio lizentzien bidez. Bertze herrialdeetako barne aferetan ez esku hartzean datza Israelgo Gobernuaren politika, inork ez dezan esku hartu Palestinaren auzian. Erosleak Pegasus honetarako zein hartarako erabili, Israelek ez du esku hartuko horretan.

Israelgo Poliziak israeldarrak zelatatzeko erabili du Pegasus. NSO kezka iturri da herrialdean orain, lehen ez bezala?

Ez, alderantziz. Autoritateek erran zuten agindu judizial batekin egin zela dena, eta gizarteak ahantzi egin du gaia. Eta NSO indartu egin da, legea aplikatzeaz arduratzen diren autoritateen oniritzia lortu baitu. Izan ere, autoritate horiek berek Pegasus erabiltzen dute.

Kalitate demokratikoa okertu zelarik hasi ziren Pegasus erabiltzen?

Bai, baina, Israelen, herrialdea sortu zenetik izan ditu gabeziak kalitate demokratikoak, erregimen militarren pean ezarri baitituzte palestinarrak.

Israelgo hedabide anitz lotuak daude gobernuarekin, eta horietan aritzen diren kazetariek Defentsa Ministerioaren bozeramaileak dirudite. Israeldarrak ez daude ongi informatuta: mundu guzian Pegasusen berri zabaldu zenean, gaia ez zen ia aipatu ere egin Israelen. Baina ez da Pegasusekin bakarrik gertatzen: arazoak ditut kontzientzia pizteko Israelek esportatzen dituen bertzelako armen eta entrenamendu militarraren inguruan.

Zure erranetan, Israelen esportazio politika bakarra da munduan.

Hala da. Badira Pegasusen gisako sistemak dituzten bertze herrialde batzuk. Alabaina, Israelgo Defentsa Ministerioaren esportazio politika da arazoa, ez baititu kontuan hartzen giza eskubideak. Ez da gardentasunik: ez dute gainbegiratzen erosleak zertarako darabilen Pegasus, eta ez zaie axola. Hain zuzen ere, herrialde anitzek Israeli erosten dizkiote sistema horiek, eta ez bertze estatu batzuei, badakitelako hark ez duela gaitzetsiko giza eskubideak urratzea.

Xede diplomatikoak lortzeko saldu izan dute Pegasus programa, eta hori arriskutsua da.

Badira hamar urte Israelek Pegasus darabilela xede diplomatikoetarako; batez ere, [Benjamin] Netanyahuren garaian egin izan da hori. Arriskutsua da, Israel prest baitago edozeini zernahi saltzeko onura diplomatikoak lortze aldera. Muga bakarra Iran da, baita Txina ere, AEBen betoagatik. Horiek alde batera utzita, Israelek diktadoreei saltzen die programa, bai eta demokrazia arazotsuei ere, eta genozidioak eta gerra krimenak egin dituzten eragileei. Ez du mugarik.

Gehiago erreparatu beharko litzaioke Netanyahuren eta Israelgo gobernuen erantzukizunari?

Bai, haiek ematen baitizkiote NSOri esportatzeko lizentziak. Nahiz eta Pegasusen erabilera okerraren inguruko eskandaluak argitara atera diren mundu osoan, Israelen ez da abiatu ikerketa bat ere. NSO bakarrik jarduten den eragile gisa irudikatzen badute hedabideetan, ez dugu konponduko arazoa. Israel hagitz eroso dago kontakizun horrekin.

Poliziak Pegasus erabili zuen zibil israeldarrak zelatatzeko, legezko ikuskatzerik gabe. Horren ondotik ere ez da deus gertatuko?

Ez. Fiskal nagusiak erran zuen agindu judizial batekin jardun zirela. Anitzetan, autoritateek ez dute gauza handirik frogatu behar agindu judizial bat lortu eta, hala, Pegasusen gisako tresnak erabili ahal izateko. Terrorearen kontrako gerra eta krimenaren aurkako borroka kontzeptuek, bertzeak bertze, modua ematen dute agindu judizialak erraz eskuratzeko.

Pegasus programak debekatua egon beharko luke, espero izatekoa baita auzitegiek bide ematea gobernuak eskatutako agindu judizialei. Katalunian jada baziren sedizioagatik auzipetutako politikariak, ezta? Madrilek agindu bat eskatzen baldin badu eta auzitegiak aitzinetik erabakia baldin badu zer iritzi duen independentismoari buruz, eman eginen dio agindu judiziala.

Nola eragin diote Pegasus erabiltzearen harira sortutako eskandaluek Israeli?

Indartu egin da. Diktadoreek atsegin dute Pegasus, eta demokraziek ere Europako Batasunekoak barne badute jada, edo eskuratu nahi dute. Erabiltzen dutenez gero, zergatik debekatu nahiko dute edo zer dela-eta eskatu nahiko dizkiote kontuak Israeli edo NSOri?

Pegasusek kalte egin diezaioke erabiltzen duenari berari; Israel da horren erakusgarri. Horrek gibelera eginaraziko die erosleei?

Ez, beren esku eduki nahi baitute programa, eta etsaien kontra erabili. Etsaiak ez dira erakunde terroristak bakarrik, aurkari politikoak ere bai. Citizen Labengatik izan ez balitz, inork ez zukeen jakinen Madrilek Pegasus erabiltzen zuela. Ikusezina da.

Ez da oposizioko kideak saldoan atxilotzearen parekoa, ezta torturatzearen eta hiltzearen parekoa ere. Ez dute pagatzen inongo prezio politikorik, baina independentismoari edo garaian garaiko oposizio mugimenduari erasaten diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.