Korrika

Euskaraz sentitu, pentsatu eta ekin

Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu ditu AEK-k, 22. Korrikaren aitzakian. Euskararen transmisioaren alde egindako lana eskertu diete, eta bide horretan «eragile aktiboak» izan direla nabarmendu dute.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Korrikaren lekukoa eskuan. JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hizkuntza bat hitzekin osatzen bada ere, ekintzek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Eta Korrikak urrats hori aspaldi egin zuten hiru protagonista omendu nahi izan ditu aurten: Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Euskararen alde azken 34 urteetan adierazi duten «konpromisoagatik eta ekinagatik» jaso dute aitortza Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek, eta Korrikako antolatzaileek nabarmendu dute haien jardunak «zuzeneko eragina» izan duela: «Haiek transmisioa goitik behera eta behetik gora landu dute, gurasoengandik umeengana eta umeengandik gurasoengana; haiek, haien hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote».

1987ko abenduaren 24an egin zuten lehen ekitaldia Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Orduan, Takolo, Pirritx eta Porrotx ziren, eta, Asier Amondo Korrikako arduradunaren hitzetan, geroztik, «eragile aktiboak» izan dira pailazoak euskararen sustapenerako. «Garai hartan, euskara eta alaitasuna elkartzea zen gure helburua», gogoan du Agirretxek. Gerora, baina, haurrentzat eredu ere bazirela konturatu ziren, eta beste pauso bat emateko erabakia hartu zuten: «Euskarari eta alaitasunari hirugarren hanka gehitu genion: balioena. Hala hasi ginen gure ideia propioak garatzen». Zulaikak azpimarratu du «kontzienteki egindako ariketa bat» izan zela balio erantsiena, eta hor, euskara ere sartu zuten tartean: «Gure lan egiteko modua betidanik egon izan da gizartearekin konprometituta, elkarlana izan dugu ardatz; eta euskaraz egite hutsak badauka, berez, balio erantsi bat».

Zulaikak, Agirretxek eta Rodriguezek oroigarri bana jaso dute aitortza gisa, eta, euskararen aldeko mezua bidaltzeaz gainera, Korrikak egindako lana txalotu nahi izan dute: «Munduak txorien kantuak behar ditu, baita herrien hizkuntzak ere».

Herrigintzaren ikur

Aitortza kolektiboa bada ere, hiru protagonistei askotariko sentipenak eragin dizkie omenaldiak. «Niretzako, pertsonalki, gauza handia da», adierazi du Rodriguezek. Duela 30 bat urte hasi zen AEKn euskara «hutsetik» ikasten, eta aitortzak lortutako guztiaren errepasoa egiteko balio izan dio: «Gaur egun euskaraz amesten dut, euskaraz bizi naiz. Ez nuke inoiz sinistuko halako zerbait lortuko nuenik». Institutu garaian izan zuen lehenengo harremana euskaldunekin, eta hala piztu zitzaion euskaraz ikasteko grina: «Ingalaterrara ingelesa ikastera joan beharrean, barnetegira joan nintzen, eta, hala, leiho berri bat ireki zitzaidan». Agirretxeren kasuan, alfabetatzera joan zen AEKra. «Etxean euskara jaso arren, kaleko giro guztia erdalduna zen, eta trakets moldatzen nintzen euskaraz», azaldu du.

Zulaika, berriz, «bestelako giro batean» hezitakoa da. «Nire gurasoak euskaldunak dira, eta ikastolako unibertsoaren bueltan bizi izan naiz, guztiz unibertso euskaldunean», kontatu du. Euskara «militantziatik» bizi izan du, eta horren aldarria egin izan du beti: «Nire bizitzaren norabidea markatu du euskarak».

Hala ere, argi utzi dute aitortza Pirritx, Porrotx eta Marimototsek jaso arren, atzetik jende askoren lana dagoela. «Taldeko lana da, eta ibilbide osoan, ikusten ez den jende askoren laguntza izan dugu», nabarmendu du Rodriguezek. Era berean, herrigintzan dabiltzan guztien lana aipatu du Agirretxek: «Barrura begira elkarlana sustatu dugu, eta kanpora begira, sinistu dugu txikiak izanda ere elkartu egin behar dugula eta indarrak batu behar ditugula; hortaz, guk bezala herrigintzan eta auzolanean diharduten denentzat da aitortza». Korrikak egindako omenaldiak «sekulako ilusioa» egin diela kontatu du Zulaikak, eta opari gisa hartu dute: «Aitortza baino gehiago sari bat da guretzat».

Euskara haientzat «bizitzeko modu bat» dela nabarmendu dute hiru pailazoek, eta «bihotzetik eta maitasunetik» horretan eragiten saiatzen dira une oro. Hala ere, uste dute «ahalegin handiagoa» egin behar dela hizkuntza batek bizirik irauteko. «Aldarri eta esloganetatik kanpo, egiazko lehentasuna eman behar zaio euskarari; saretzea ahalbidetu behar da, eta, herrigintzaz aparte, apustu sendo bat egitea falta da: konplexuak erantsi eta aurrera egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.