Gorka Orive.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Pandemiaren lau inflexio puntuak

2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hamar hilabete inguru igaro dira Txinan lehen koronabirus kasu ezaguna gertatu zenetik, eta zazpi baino gutxiago birusak mundu osoko pertsonen eta gizarteen bizitzak aldatu zituenetik. Hilabete hauetan zehar, gure hiztegietara era itzulezinean gehitu dira errealitate berria, asintomatikoa, musukoa,PCR eta horrelako hitzak. Era berean, ziurgabetasun, beldur, antsietate eta ezjakintasun nahasketa batean murgildu gara, paradoxikoki, informazio ugari izanda —ez beti egiazkoa eta fidagarria—;horrek askotan argia eta iluntasuna non dagoen ulertzea eragotzi du.

Igarotako epe honetan, birusa, transmisioa eta gaixotasuna hobeto ulertzeko aukera izan dugu. Ikuspegi zientifikotik, frogatu da birusa ACE2-ren bitartez zelula mota askotara sartzen dela. Tartean, usaimena edo zaporea galtzea sintoma arrunta da, infekzioaren abisu goiztiarra izan daitekeena. Adinak, sexuak, hormonek eta geneek zeregin garrantzitsua izan dezakete infektatzeko garaian, eta baita COVID-19a garatzeko orduan ere. Asintomatikoen kopurua eta haien infektatzeko ahalmena ez dago guztiz argi, ezta berrinfekzioak pandemia honen beste zati kezkagarri bat izango diren ala ez ere.

Zaila da etorkizuna aurreratzea, eta are zailagoa pandemia batean, baina iritzi orokor bat dago: birusa gurekin geratuko dela, ziurrenik birus endemiko bihurtu arte, hala nola gripea edo beste koronabirus batzuk bezala. Ordura arte, beti pentsatu izan dut egoera hau pixkanaka egokitzeko eta gainditzeko lau inflexio-puntu daudela. Lau muga horiei esker, hobeto egokitu ahal izango da gure bizimodua, arriskuak murriztuz eta, ahal den neurrian, birusa eta gaixotasuna saihestuz.

Lehenengo inflexio-puntua da errealitate bilakatu diren prebentzio-neurriena. Pertsonen arteko distantziari, garbitasunari, musukoari eta miaketa-sistemei esker, kutsatzeko arriskua murriztu eta kasu potentzialak identifika daitezke (eraginkortasun handiagoarekin edo txikiagoarekin). Bigarren inflexioa diagnostikoaren berrikuntza eta hobekuntza da. Test diagnostiko azkarrek aukera emango dute infektatuak eta batez ere birusik gabeko pertsonak identifikatzeko era azkar, ekonomiko eta erraz batean. Hirugarrena sendagaiak dira. Oraingoz, arsenal terapeutikoa ez da oso zabala, baina zenbait farmakok —Remdesivir, adibidez— eta, bereziki, dexametasonak nolabaiteko eraginkortasuna erakutsi dute gaixotasunaren kasu larrietan. Laugarrena eta azkena txertoak dira, bai gertukoenak (lehen labealdikoak), bai atzetik jarraitzen dutenak; 35 baino gehiago daude saiakuntza klinikoetan, eta 300 baino gehiago garapen baxuan. Inflexio-puntu horiei esker tunelaren bukaeran argia ikusteko gai izango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.