Iñaki Markez. Psikiatra

«Entzun eta galdetu: epaitu gabe»

Datuak «izugarriak» direla dio Markezek, eta ezinbestekoa dela gaia plazara ateratzea. Aidatu elkartean ahalegina egiten ari dira.
BERRIA

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 24
Suizidioa osasun publikoko arazo bat dela argudiatuta, Aidatu elkartea eratu zuten orain bi urte gizarte gaietako eta osasun arloko hainbat profesionalek. Iñaki Markez psikiatra da elkarteko lehendakariordea. Gaiaren larritasuna argi utzi behar dela uste du: «Suizidioaren inguruko datuak izugarriak dira».

Suizidioen eta buruko gaitzen arteko lotura sarri egiten da. Zein neurritan daude lotuta?

Suizidioak bilatzen du oinaze handi bati erantzutea; dela emozionala, burukoa edo fisikoa. Baina suizidioa, berez, ezin da gaixotasunen ereduan sartu. Ez da pertsona erietan bakarrik gertatzen; sarri hedabideetan ideia hori ematen da, osasuneko profesionalek ere zabaltzen dute, baina ez da horrela izaten. Hori horrela bada ere, argi adierazi behar da buruko nahasmenduren bat —depresioak, eskizofrenia, nortasunen aztoramenduak...— duten pertsonen suizidioen inzidentzia hor dagoela: arrisku probabilitatea handiagoa da. Baina buruko nahasmenduren bat duten pertsona gehienek ez dute beren burua hiltzen, gainerako herritarren artean gertatzen den bezalaxe, hain justu.

Zein aldagai hartu behar dira aintzat prebentziorako?

Suizidioak eta suizidio ahaleginak ez dira diagnostiko psikiatrikoak, baina buruko osasunarekin, existentziarekin edo bizitzako kontzepzioarekin lotutako gatazka bat erakuts dezaketen sintomak dira. Zioak lotuta egon daitezke, era berean, kulturarekin, erlijioarekin edo tradizioarekin lotutako balioekin, edo auzi legal edo ekonomikoekin. Arrisku faktore horiek guztiek motiboei buruzko zantzuak eman ditzakete, baina askotarikoak dira: gaixo egotea, bakardadea, itxaropenik ez izatea, bizi proiekturik ez izatea... Familia arazoak ere egon daitezke tartean: sexu abusuak, hausturak, giro desegituratua... Eta, jakina, esparru sozialeko aldagaiak ere badira sarri: zailtasun ekonomikoak, eskolakoak, lan mundukoak... Suizidioa saihesteko, osasun arloan balorazio onak egitea garrantzitsua da; baina lehen mailako arretan, eta baita buruko osasuneko zerbitzuetan ere. Hezkuntza eremuan ere eragin behar da. Jakin behar da inork bere buruaz beste egiteko asmorik baduen, horri buruz hitz egiten den, aurretik ahaleginik egon den... Horretarako gertutasuna erakutsi behar da beti, eta onespena. Bide horretan hedabideek lan handia dute estigma arintzeko. Jakina, horiez gain, gobernuek aldagai sozialetan eragiten badute, urrats handia egingo da.

Zer egin beren burua hiltzeko ahaleginetan dabiltzanei laguntzeko?

Badira tratamenduak, baina, batez ere, medikoak eta psikologikoak ez diren hautu terapeutiko oso onak daude: ingurukoen babesa, jarduera okupazionalak, gertutasuna... Entzun eta galdetu egin behar da: epaitu gabe. Izan ere, horrek bizitzari atxikitzea errazten du; babesa eman dezake, zentzua. Eta hori garrantzitsua da suizidioan pentsatzen ari diren horientzat, saiatu direnentzat eta, era berean, gertuko norbait galdu ostean suizidioaren ondoriozko erruduntasunarekin eta estresarekin geratzen diren guztientzat.

Medikuak ongi prestatuta daude prebentzioan aritzeko?

Botiken bidezko tratamenduaren tentazioa oso presente dago medikuen artean. Lasaigarri onak badira; depresioaren kontrako botikak ere bai, eta tratamendu psikologiko onak. Baina heriotzaz ari gara, horri lotutako estigmaz, eta jarrera aldaketak eskatzen ditu horrek: komunikazio gaitasun hobeak, sufrimendua birbideratzea, esperantza ematea. Osasun arloko profesionalak gaitzera egin behar da; gizartea, oro har, ere bai. Hezkuntzan, erakundeetan. Hedabideek ere lan handia dute gaiaz jarduteko; izugarrikerietan erori gabe, morbotik urrun. Beldurrik gabe hitz egin behar da suizidioaz, egiatasunez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: