Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Etorkizuneko pandemia

2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Azken urtean ahanzturan gelditu dira hainbat gaitz, osasun larrialdiko egoera dela eta. Birusa ez zabaltzeko hainbat kontsulta aldi baterako eten egin dira, telefoniko bihurtu dira beste batzuk. Etenaldi hori eman bitartean, egunerokotasuna hankaz gora jarri da, gaitz berri askoren agerpena handituz.

Zenbait gaitzi sekula ez zaie eman izan behar duten garrantzia: haien artean dugu obesitatea, besteak beste. Eta gaitz hau gehienetan ez da begirunez tratatu, ez osasun profesionalen aldetik, ezta pairatzen duten pertsonen aldetik ere. Gutxietsia izan da, baina bere ondorioak larriak dira oso. Gaitz kardiobaskularren predikziorako faktore garrantzitsua da obesitatea. Diabetesa, hiperkolesterolemia eta hipertentsioa bezalako gaitzekin ere lotuta egoten da.

Bestalde, azken urtean jasotako datuetan, gehiegizko pisua duten pertsonek, pisu egokian dagoen biztanleriarekin alderatuta, koronabirusaz kutsatzeko %46ko arrisku handiagoa dute. ZIUan ospitaleratzeko %78 gehiagoko aukera, eta hilkortasuna %48 aldiz handiagoa da pertsona hauengan.

Haurtzarotik dugun elikadurak eta bizi estiloak ondorioak dituzte helduaroan izango dugun bizitzan. Alegia, elikadura osasuntsua edukitzetik haratago doa gaitz honen prebentzioa, ariketa fisikoa ere ezinbestekoa baita. Halaber, obesitatea da umeen gaitz kardiobaskularren eragile nagusietako bat. EAEn 2 eta 17 urte bitarteko umeen obesitate tasak %5,7koak dira nesketan, eta %8koak mutiletan. Gehiegizko pisuari dagokionez, %25ekoa da nesketan, eta %25,9koa mutiletan.

Osasun publikoko arazo larria da: Espainian biztanleriaren %22k pairatzen dute obesitatea, eta %1ek obesitate morbidoa. Datuak goraka doaz, eta, kalkuluen arabera, 2030. urterako Europako biztanleriaren %50ek pairatuko dute. Umeen obesitateak ere gorakada handia eman du azken urteotan, eta, aurrez aipatu bezala, elikadura eta ariketa fisikoa ezinbestekoak diren horretan, egungo egoerak prebentzioa trakestu besterik ez du egiten. Izan ere, pandemiaren harira sortutako egoera sozioekonomikoek ez dute elikadura osasungarria edukitzea ahalbidetzen sarritan. Bestalde, jende pilaketak murrizte aldera hartutako neurriek kirol praktika sarritan eten dute, hainbat pertsonaren sedentarismoa handituz. Kontuan hartu beharra dago ere etxetik lan egitea, kirolean maskara erabili behar izatea eta positibo batekin egon ostean egin beharreko berrogeialdiak ere aktibitate fisikoaren jardunaren gutxitzean eragin nabarmena izaten ari direla.

Txanponaren beste aldean, itxialdiaren ostean elikadura osasuntsuagoa edukitzeko eta kirola egiteko hautua hartu duten pertsona asko izan ere badira. Baina, datuen gorakadarekin eta egungo egoera dela medio, kutsagarria ez den gaitz honen pandemia iritsiko dela azpimarratzen dute hainbat profesionalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.