Errefuxiatuen gaia osoki jorratu, eta eskubideak betetzeko eskatu dute

Agerraldia egin dute Paperak Denontzat, SOS Arrazakeria eta Amnesty International erakundeetako ordezkariek, Nafarroako Parlamentuan

Gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkarien agerraldia, atzo. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Siriako errefuxiatuen errealitateak hartu zuen atzo Nafarroako Parlamentua. Gai horri buruz agerraldia egin zuten Paperak Denontzat, SOS Arrazakeria eta Amnesty International erakundeetako ordezkariek, eta argi eta garbi mintzatu ziren parlamentarien aurrean: iheslariek dituzten eskubideak aldarrikatu, eta herriek haiek hartzeko betebeharra dutela nabarmendu zuten. Auzia osoki jorratu behar dela gaineratu zuten, eta parlamentuak bere agendan sartu beharko lukeela. Arazoaren sorburua gizarteen eta herritarren artean dauden desberdintasunak direla erran zuten, eta horri egin behar zaiola aurre. «Errefuxiatuek ez dute laguntza behar; justizia behar dute», laburbildu zuen SOS Arrazakeria taldeko ordezkari Beatriz Villahizanek.

Errefuxiatuen eskubideak jasotzen dituzten legeak gogora ekarri zituzten gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariek, eta gogor salatu zuten Europako Batasuna ez dela eskubide horiek betetzen ari. Hungarian gertatutakoak jarri zituzten iheslarien aurkako tratu txarren adibide. «Kolpatu dituzte, gasa bota diete, bai eta atxilotu ere», nabarmendu zuen Villahizanek.

Europak bere mugetan ezarritako kontrolak kritikatu, eta «eraikitako harresiak bertan behera» uzteko eskatu zuen. «Errefuxiatuek borroka egin behar dute Siriatik ateratzeko; gero bertze borroka bat da Europako Batasuneko mugetara ailegatzea; kostata bizirik iraundakoak dira».

Datuek krisiaren dimentsioa islatzen dutela erantsi zuen Amnesty International taldeko Adriana Goikoetxeak: lau milioi pertsona atera dira Siriatik, hango gatazkak bultzatuta. Haietako gehienak Turkian, Libanon, Jordanian, Iraken eta Egipton dira. «Bertze zazpi milioi pertsonak herriko mugen barruan mugitu behar izan dute, Siriako herri batetik bertzera». Handik atera diren lau milioi pertsonetatik 380.000 inguruk hirugarren herri batera joateko beharra dutela nabarmendu zuen Goikoetxeak, «egoera ahulean direlako». Horiei eta Europako Batasunari babesa eskatu dieten bertze 500.000 iheslariei erantzuteko galdegin zien Goikoetxeak parlamentariei. Zehazki, Nafarroako Parlamentuari galdegin zion Espainiako Gobernuari eska diezaiola errefuxiatu horien alde egin dezala; har ditzala; berma ditzala haiek dituzten eskubideak; eta ziurta ditzatela Siriatik ateratzeko ibilbide seguruak.

«300 gutxi dira»

Parlamentariek eskertu zituzten gobernuz kanpoko erakundeek egindako proposamenak. Ontzat jo zuen haien agerraldia Geroa Baiko Isabel Aranburu parlamentariak, eta gogora ekarri zuen Nafarroak 300 errefuxiatu hartuko dituela hilabete honetan. Amnesty International erakundeko Adriana Goikoetxeak argi utzi zuen kopuru hori «motz» gelditzen dela, eta «nabarmen», gainera. «Errefuxiatu anitz dago babes bila; denei eman behar zaie erantzuna, eta argi dago zenbait herrirentzat errazagoa dela hori egitea, egoera hobean direlako», erran zuen.

UPNko, PPNko eta PSNko parlamentariek ere ontzat jo zuten gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkarien agerraldia, baina hainbat desadostasun utzi zituzten agerian: batetik, errefuxiatu eta migratzaile ez direla gauza bera erran zuten; hizlariek parekotzat jo zituzten. «Alde egiteko beharra dute», erran zuten. Bertzetik, Europako herriek haien mugak kontrolatu behar dituztela erran zuten.

UPNko Monica Domenech parlamentariak gehiago erran zuen: «Paperak eskatzen dituzue denentzat, baina horretarako dirua behar da». Paperak Denontzat erakundeko Teresa Burgik arrazoia eman zion: «Bai, dirua behar da. Eta dirua bada. Kontua da dirua zertan gastatzen dugun. Lehentasuna pertsonak direla argi izan beharko genuke».

Ezkerrak eta EH Bilduk Europako mendebaldeko herriek duten ardura nabarmendu zuten, eta lan egiteko konpromisoa hartu zuten hizlarien aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.