Galvarino Reiman. We Trayenko maputxe elkarteko kidea

«Maputxeok Txileko Estatuaren amarruan erori ginen, inozoki»

Maputxearen esanetan, Pinocheten garaitik, Txilen indarrean dauden monolaborantza eta baso politika okerren ondorioz kiskali dira 460.000 hektarea. Mendebaldea gogor kritikatu du.

GALVARINO REIMAN.
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Galvarino Reimanek gurasoengandik jaso zituen maputxearen identitatea, kultura eta hizkuntza; baita, nola ez, erresistentziarako kemena ere. Werken Nag Che lurraldeko maputxe komunitatean bizi da, Traiguenen, Txile hegoaldean. Otsail hasieratik suteek maputxeen komunitatean eragin dituzten kalteez, Txileko Estatuaren jarreraz, Mendebaldeko ideologiaren ondorioez eta maputxeen borrokaren identitate galeraz mintzatu da, besteak beste. Autokritika ere egin du.

Aspaldiko suterik larriena pairatzen ari da Txile. Gutxienez 25 pertsona hil dira. Nola zaudete?

Komunitate maputxeok jasan dugu kalte gehien suteen eraginez, landa eremuetan bizi baikara. Suteek harrapatu duten guztia kiskali dute: etxeak, ikastetxeak, abereak, ereindako lurrak, hilerriak, hezeguneak... Funtsean, genuen apurra kendu digute.

Txileko agintarien arabera, suteen %25 nahita eragindakoak izan dira, eta, horrekin lotuta, gutxienez 50 lagun atxilotu dituzte. Zer duzu esateko?

Nik argi esango dizut: suteak piztu dira, batez ere, [Augusto] Pinochet diktadorearen agintalditik, 1974tik, Txilen indarrean dauden monolaborantza eta baso politiken ondorioz. Gure ustez, suteen hondamendiak jatorri instituzionala du. Konstituzioko 701. legeak bide eman zion estatuari pinuen eta eukaliptoen landaketak diruz laguntzeko. Hala, lur eremu asko okupatzeko modua eman zuen; horietatik gehienak baso enpresen eta partikularren jabetzan daude.

Txileko Estatuaz gain, zergatik ez dituzue suteen erantzule egiten enpresa handiak ere?

Gaur egungo baso politika, hein handi batean, Txileko Estatuak duen ekonomia ereduaren ondorioa da. Horrelako gertakariak jazotzen direnean, enpresa handiak zigortzen dituzte, baina nazioarteko enpresak estatuek sostengatzen dituzte. Beraz, erantzule nagusia estatua da; guri dagokigunez, Txilekoa.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar komunitate maputxeek ere pinuak eta eukaliptoak landatu zituztela, diru laguntza jasotzearen truke. Hau da, estatuak politika horren hautua egin zuen, herrialdeko ekonomia garatuko zela argudiatuta. Maputxeok estatuaren amarruan erori ginen, inozoki.

Estatuak basoen zaintzan duen utzikeria ere salatu izan duzue.

Ez daukat inongo beldurrik esateko erantzukizun pertsonalak daudela horren guztiaren atzean. Basoak desjabetzeko politikarik ez dago indarrean, eta ez dago inolako kontrolik. Horrez gain, erantzukizun kolektiboak eta indibidualak ere badaude tartean, baita ideologikoak ere. Kapitalismoaren eta ezker muturraren artean konplizitatea dago; ideologizatuta dago, eta komunitate maputxeen auzia erabili egiten dute.

Zer eskatzen diozue bereziki gobernuari?

Wallmapu maputxeen lurraldean ekoizpen eredu berri bat eratzea eskatzen diogu, konstituzioko 701. legea indargabetzeko. Horri esker, pinu eta eukalipto landaketak kendu ahal izango lirateke nekazaritzarako lurretatik. Horrez gain, ekosistema eta biodibertsitatea leheneratzeko eta bertako espezieekin basoberritzeko plan bat egotea exijitzen diogu; bere garaian eukaliptoak eta pinuak landatzeko izan zituzten diru laguntza berberekin.

Bertako zuhaitzek emandako fruituak jasotzeko, ordea, urte batzuk igaro beharko dira, ezta?

Herriak errealista izan beharra dauka. Egurra ezinbesteko lehengaia dugu geure etxeak egiteko. Bertako zuhaitzak erabilgarri izan daitezen prozesu oso luze bat igaro behar dugu. Horregatik, ez dugu guztiz indargabetu behar egungo baso politika. Gure eskaera, beraz, ez da koherentea; idealista da, bai, baina ez objektiboa.

Ez al zara zeure komunitatea gehiegi zigortzen ari?

Autokritika egitea ariketa oso garrantzitsua da herriarentzat. Autokritikarik ez badu egiten, herriak ez du gaitasunik izango aurrera egiteko. Egindako hutsegiteak aitortu behar ditugu, baina badaude komunitate maputxe batzuk ez dutenak aitortu nahi hanka sartzeak egin zituztela.

Zer jarrera izan du Gabriel Boric buru duen gobernuak baso politikaren inguruan?

Txileko Gobernuak ez du deus egin, botere betearazlea baita. Horretarako, legea egokitu beharra du, eta hori onartzea parlamentuari dagokio. Sistema kapitalista ongi errotua dago, eta, horren aurka, gobernuak ez dauka ezer egitekorik, baso politika egokitzeko borondatea erakutsi arren. Suteek eragindako kalteen harira, gobernuak diru laguntza lerro bat ezarri du, baina ez da nahikoa. Sistemak aldaketa sakona behar du, bestela suteak urtero izango baititugu.

Zure ustez, suteen helburua zen Boricen gobernua desegonkortzea eta kaosa eragitea?

Herrialde eta sistema osoa sentsibilitate batetik eratu izan da. Txilen, bederen, suteen auzia lehorteek eragindakoa izan delako ideia hedatu zen herritarron artean. Beraz, nondik eraso diezaioket gobernuari? Sentsibilitate baten arrazoinamendutik; kasu honetan, ekosistematik. Zehazki, botere ekonomikoak erabili egin gaitu, gure lurraldearen aldeko aldarriaz baliatu baita gobernuan pitzadura sortzeko.

Mendebaldeko ideologiak nola eragiten dio maputxeen borrokari?

Komunitate maputxe bateko burua izan naizen talaiatik, Mexikoko mugimendu zapatistaren eta Kolonbiako maputxeen erresistentziaren lekuko izan nintzen. Garai haietan ohartu nintzen, mugimendu zapatistan bereziki, indigenek euren lurraldeen kontrola izateko eskubidea aldarrikatu zutela, maputxeon gisan. Baina, aldarrikapen legitimo horiek egin direnean, Mendebaldeko ideologia iraultzaile batzuk geurea den borrokaz jabetu dira, hala nola anarkismoa. Eurek nahi duten gisara desitxuratu dute, narkotrafikoa eta indarkeria areagotuz. Gure borroka erabat kutsatua dago; menderatu egin gaituzte.

Nola dakusazu geroa?

Geure identitateari tinko eutsiko diogu. Maputxeok ongi finkatu nahi dugu geure borrokaren norabidea. Hain zuzen, manifestu bat kaleratuko dugu aurki, maputxeon borrokan hizpide hartubehar diren baldintzen eta betebeharren inguruan. Ez dugu onartuko maputxea ez den edonork geure izenean hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.